Zenit San Petersburgo 72-66 Kirolbet Baskonia

Ezin du okerrago egin

Baskoniak galdu egin du San Petersburgon, Zeniten kontra. Gasteiztarrak oso gaizki aritu dira berriz, batez ere azken txanpan

Tornike Xengelia eta Colton Iverson, lehian, atzo, Zenit San Petersburgoren kantxan. ANATOLI MALTSEV / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zenit San Petersburgo. Renfroe (6),Hollins (2), Ponitka (14), Thomas (19), Iverson (10) —hasierako bostekoa—; Albicy (5), Voronov (3), Zubkov (3), Abromaitis (5), Ayon (5), Puxkov eta Truxkin,

Kirolbet Baskonia. Henry (13), Janning (9), Shields (4), Xengelia (13), Fall (2) —hasierako bostekoa—; Diop (4), Stauskas (15), Eric (6), Polonara eta Garcia.

Markagailua. 23-16, 39-31 (atsedenaldian);53-49 eta 72-66.

Epaileak.Latisevs, Panther eta Vilius. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 3.510 ikusle San Petersburgoko Sibur Arena pabiloian. Pabiloiko erloju nagusiek ez zuten funtzionatu lehen zatian.

Kirolbet Baskoniak nekez egin dezake beherago Euroligan. Zaila zirudien, egiten ari den denboraldi eskasa kontuan hartuta, baina atzo hondoa jo zuen, hondoa jotzea baita azken sailkatuaren aurka galtzea. 72-66 irabazi zion Zenit San Petersburgok 19. jardunaldiko partidan. Sasoiko hamaikagarren muturrekoa da, eta are gehiago zailtzen du jada oso zaila dirudien helburua: lehen zortzi sailkatuen artean geratzea eta final-laurdenak jokatzea.

Oso gaizki aritu zen berriz Baskonia. Estatistikak argigarriak dira: 66 puntu besterik ez zuen sartu, eta hemeretzi baloi galdu zituen. Nekez irabaz daiteke halako erraztasunak emanda. Hala ere, ez zuen urrun izan garaipena, Zenit ere apal jardun baitzen: hogei baloi galdu zituen. Baina etxekoak hobeto aritu ziren erasoan, eta batez ere, ez zuten kale egin une erabakigarrietan. Horren adibiderik argiena dira Baskoniako jokalariek egindako azkeneko erasoak, minutu eta erdi eskas falta zela eta 65na berdinduta zirela: Henryk, Xengeliak eta Shieldsek jaurtiketa bana huts egin zuten, eta Stauskasek eta Henryk baloi bana galdu zuten—frantziarrak sei galdu zituen—. Zaila da horren gaizki jokatzea lehia amaiera bat. Txakalaldi horrek ezerezean utzi zuen Baskoniaren susperraldia. Izan ere, ordu erdi pasatxoan kontrakarrean aritu ondoren, gai izan zen emaitza iraultzeko: 59-60. Baina lan hori harrika bota zuen.

Thomas, erabakigarri

Xengelia izan zen berriro onena gasteiztarren artean: hamahiru puntu sartu zituen, sei errebote jaso eta beste sei asistentzia eman; 24 puntuko balorazioa. Etxekoen artean, berriz, Will Thomas nabarmendu zen: hemeretzi puntu sartu zituen, eta sei errebote hartu; 27 puntuko balorazioa.

Atzokoak ez dio inolako mesederik egingo Baskoniari aste honetan dauzkan beste bi erronka handiei begira: bihar, CSKA Moskuri egingo dio bisita; eta igandean, Real Madrili, ACB ligan. Ondo arituta ere, benetan zaila baita bi talde horiei irabaztea, zer esanik ez atzo bezain gaizki jokatuta. Horrela, ezinezkoa da. Are gehiago, arriskua dago beste behin lotsagarri geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.