KRITIKA. Dantza

Funtsezkora jo

Kukai konpainiaren Erritu ikuskizun berriaren irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Agus Perez.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun

'Erritu'



Jatorrizko ideia: Jon Maya Sein. Koreografia: Sharon Fridman. Musika sorkuntza: Luis Miguel Cobos, David Azurza. Kantua: David Azurza. Argiak: David Bernues, Sharon Fridman. Jantziak: Ikerne Gimenez. Dantzariak: Izar Aizpuru, Eneko Gil, Ibon Huarte, Alain Maya, Urko Mitxelena, Nerea Vesga. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 30.

Ikusleak aretora sartu direnerako taula gainean zeuden dantzari batzuk beren aurresku-pausoei ekinez, eta besteak inguruetako aulkietan zeuden. Hankak airean eta oinutsik zebiltzala haiek guztiak, eta botoirik gabeko ator distiratsuak zeramatzaten, beltzak gehienak, baina hori eta gorri koloreko bana ere izan dira haien artean.

Aretoko argiak amatatu direnean inkorporatu dira guztiak aurresku moduko kolektibo horretara, eta foku bakar baten argipean jardun dute, luzez jardun ere, airean filigrana korapilatsuak deskribatuz besoekin. Oinek behegainaren kontra emandako kolpeek eratu dute giroa, eta jardun hipnotiko eta errepikakor hori ez da eten bitan sartu diren turbina-soinu indartsuen eta argi estroboskopikoaren eraginez. Konturatu orduko, ordea, David Azurzaren ahotsetik sortutako melodia arkaikoek girotu dute eszena, eta han geratu den dantzari bakarraren ufadek markatu dute paisaia erritmikoa. Bere jauzietan nabarmena zen bi oinek airean egonik egindako tupust arina, eta bai eszena hark bai aurrekoak gimnasio bateko entrenamendu gogorrak eta sakrifizioa ekarri dizkigute gogora. Ez dezagun ahaztu azken finean sakrifizioa dela erritu askoren muina, eta alde horretatik esan dezakegu funtsezkora jo duela gehienbat Erritu honek.

Hasierako foku bakarraren ostean argiztapen aberatsagoa etorri da —beti zuri kolorean— eta, lainoarekin konbinatuta, estratu horizontal interesgarriak sortu eta misterio-giroa areagotu du. Eredugarritzat jotzen dut argien diseinua, baina hirutan eta denbora luzez jasan dugun argi estroboskopikoa gogaikarria eta narritagarria egin zaigu. Beharbada, tximistak eta sugarrak irudikatu nahi ziren haren bidez, baina nik behintzat begiak itxi ditut minutu horietan. Geroago agertu dira gona luzeak, berdinak gizon zein emakumeentzat, eta haien bidez gehiago sakondu da antzinako erritual askoren izaera telurikoan. Orduan, alde batera eta bestera ibili dira dantzariak, beren gorputzak ezker-eskuin leunki desplazatuz —denek mugimendu berean baina ez era paraleloan— eta abesbatzako emakume-ahotsak egur eta harri kolpeen soinu erritmikoekin konbinatu dira. Eszenen arteko trantsizioak eredugarriak izan dira, eta halako batean bi gizonen arteko konposizio gurutzatuak ikusi ditugu, patxada handiz eta maisuki burutuak. Haietariko batzuetan Oteizaren Arantzazuko Pietatearen irudia etorri zaigu, ezinbestean, hain ziren ederrak eta esanguratsuak gorputzekin lortu irudiak.

Bukaera aldera, ordea, borobil berean elkartu dira dantzariak eta abesbatzako kideak, Aita Gurea-ren moduko salmodia batean bilduta, eta haiei batu zaizkie Jon Maya eta Sharon Fridman. Indarrik gabeko eta liturgia kutsuko eszena horrek distira kendu dio amaierari baina, zalantzarik gabe, lan honek nazioarteko dantza garaikidearen parametro guztiak betetzen ditu, bere planteamenduaren eta garapen estetikoaren ondorioz eta koreografoen zein dantzarien lan nekaezinari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.