Armani Milan 81-74 Kirolbet Baskonia

Iparrorratza galdu du

Baskoniak galdu egin du Milanen. Bigarren laurdenean min hartu du Pierria Henryk, eta arabarrek antzeman egin dute jokatzeko eran

Nik Stauskas Baskoniakoa eta Michael Roll Armani Milangoa lehian, atzoko partida. ROBERTO BREGAN / EFEI.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Armani Milan. Sergio Rodriguez (13), Roll (12),Micov (12), Scola (6) Tarczewski (6) —hasierako bostekoa — Della Valle (15), Mack (10),Biligha, Gudaitis (2),Moraschini (),Nedovic (2), Cinciarini, eta Brooks (2)

Kirolbet Baskonia. Vildoza (6), Janning (5), Shields (2 ), Xengelia (12), Eric (6) —hasierako bosteko—Henry (13), Lautaro (),Diop,Fall (13), Stauskas (15),Garino (2) eta Polonara.

Markagailua. 14-19;40-34—atsedenaldian—56-53, 81-74.Epaileak. Lottermoser, Boltauzer etaThepenier. Ez dute inor kanporatu. Bestelakoak. 7.020 ikusle Mediolanum Forum pabiloian.

Mendian ez galtzeko funtsezko gailua da iparrorratza. Bide egokitik eramaten zaitu. Atzokoan, Milanen jokatzen ari zen Euroligako neurketan, Pierria Henry izaten ari zen Baskoniaren GPSa. Joko antolatzailea nahi zuen bidetik eramaten ari zen partida arabarrentzat. Baina min hartu zuen orkatilean bigarren laurdenean, Baskonia 17-26 aurretik zegoenean. Hortik aurrera argitasuna galtzen hasi zen talde arabarra, eta partida berriro komeni zitzaion lekura eramaten ahalegindu arren, ez zuen lortu, eta 81-74 galdu zuen. Horrenbestez, ligaxakako laugarren porrota pilatu zuen.

Baskonia jakitun zen ez zela neurketa erraza izango, Milan inoizko ligaxka hasiera onena egiten ari baita. Partida bakarra galdu du orain arte. Lehen hiru minutuetan italiarrek lortutako 7-0ekoaren ostean, Baskonia iratzartzen hasi zen pixkanaka. Partida berdindu egin zen orduan, eta bi taldeek elkarri zioten errespetua erakutsi zioten. Ikusgarria baino, taktikoa izan zen lehia minutu horietan.

Lehen laurdeneko amaieran bost puntuko errenta lortu zuten arabarrek: 14-19. Abantaila horrekin, eta Pierria Henryk gidatuta, bigarren laurden hasieran be deratzi puntuz aurretik jarri zen Baskonia: 17-26. Bazirudien Velimir Perasovicen taldeak nahi zuen tokian zuela partida. Baina orduan iritsi zen Henryren lesioa.

Baskoniak antzeman egin zuen haren falta, batez ere defentsan Vildoza baino jokalari fisikoagoa delako, eta artean hobeto ari zelako asmatzen taldea gidatzen. Perasovici ernegatuta ikusi zitzaion jokaldi batzuetan joko antolatzaile argentinarrarekin. Hala, etxekoak gerturatzen joan ziren, eta azken minutuan Mack Shelvinek sartutako hiru eta biko saskiratze banari esker, atsedenaldira aurretik joan ziren etxekoak: 40-34.

Gauzak aldatzen ahalegindu zen Baskonia hirugarren laurdenean. Henryk berak behartu egin zuen bere burua, eta kantxara bueltatu zen. Baina etxekoek gogortu egin zuten defentsako lana, eta hortik abiatuta garaipena lortzeko zutarriak jartzen joan ziren.

Baskonia gidaririk gabe zen bitartean, Sergio Rodriguezek partidaren aginte makila hartu zuen italiarrentzat. Horrek eta Vladimir Micoven puntuek errentarekin jarraitzea ahalbidetu ziotenMilani. Baskonia ahalegindu zen kanpoko jaurtiketen bidez neurketa iraultzeko behar zuen pizgarria topatzen. Baina hor Nik Stauskas (12 puntu) bakarrik geratu zen. Shavon Shields, Patricio Garino eta Matt Janningen ekarpena txikia izan zen.

Hala ere, laurden horretako azken bi minutuetan arabarrek hiru puntura murriztu zuten aldea: 56-53. Hori zen onena, 20 minutu kaskar eta gero, Baskonia bizirik iritsi zela azken laurdenera, eta aukerak zituela garaipena lortzeko.

Adi irten behar zuten azken hamar minutuak jokatzera. Baina ziurrenik ordu arteko minuturik kaskarrenak jokatu zituen, eta ia oharkabean etxekoek hamabost puntuko errenta zuten: 70-55 (36. min). Hortik aurrera nahi eta ezin aritu zen Baskonia, Milanek, berriz, partida amaiera lasaia izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.