Albistea entzun

TD Systems Baskonia 91-66 Olympiakos

Lanari distira atera dio

Baskoniak erraz irabazi dio Olympiakosi (91-66), eta bosgarren garaipena lortu du segidan Euroligan. Top 8a, bi garaipenera
Tadas Sedekerskis saskia birrintzen atzo, Kostas Sloukas eta Aleksander Vezenkov begira dituela.
Tadas Sedekerskis saskia birrintzen atzo, Kostas Sloukas eta Aleksander Vezenkov begira dituela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko martxoak 4

TD Systems Baskonia. Vildoza (16), Giedraitis (18), Sedekerskis (8), Polonara (11) eta Fall (9) —hasierako bostekoa—, Raieste, Jekiri (10), Henry, Peters (8), Diop, Dragic (8) eta Kurucs .
Olympiakos. Sloukas (8), Jenkins, Jean-Charles (15), Vezenkov (5) eta Koufos (5) —hasierako bostekoa—, Nikolaidis, Charalampopoulos (2), Harrison (7), Larentzakis, Spanoulis (2), Ellis (12) eta Mckissic (10).
Markagailua. 15-21; 43-32 (atsedenaldia); 68-58; 91-66. Epaileak. Damir Javor, Saso Petek eta Tomasz Trawicki. Kaleraturik ez.

Dusko Ivanovicek hortzak erakutsi zituen atzo, Olympiakosen aurkako partidaren ondorengo elkarrizketan. Ez du askotan barre egiten TD Systems Baskoniako entrenatzaileak, eta egiten duenean, kantxan ikusi berri duenak ase egin duela adierazi nahi du. Haren taldeak 91-66 irabazi zion Atenasko taldeari, eta bosgarren garaipena du erreskadan Euroligan. Horra pozik egoteko motibo bat. Top 8an sartzeko aukera bi garaipenera dauka orain taldeak, eta zazpi partida falta dira lehen fasea amaitzeko. Beste motibo bat hor irribarre irekia erakusteko. Baina, emaitzez harago, atzo Montenegroko entrenatzailearen barruko sosegua taldearen jokoak emango zion: lana eta distira erakutsi zituzten haren jokalariek. Defentsan eta erasoan. Denboraldiko partida biribilena ez bazen izan atzokoa, ez da oso aparte ibiliko.

Entrenatzaileak bezala, Luca Vildozak eta Rokas Giedraitisek ere hitz egin zuten ondorenean, eta biak ados ezaugarri batzuk goraipatzean. Hiru hauek zehazki: defentsa, erasoa eta erritmoa. Gehitu daiteke beste hau ere: oldarkortasuna atzean eta aurrean. Atzetik aurrera eginez jokatu zuen etxeko taldeak, eta ez soilik defentsa zorrotzean eraiki zuelako garaipena. Atzetik hasi zelako ere bai. Ez baitzuen partida hasiera biribila egin, gero gertatuak hori horrela izan zela gezurra dela eman baitezake ere.

Kostas Sloukas joko antolatzailea nahieran ibili zen, erritmoaren jabe eginez, etxekoen erraztasunak baliatuz. Pixkanaka hasi zen Baskonia makina olioztatzen, baina, hala ere, sei puntu atzetik bukatu zuen lehen laurdena (15-21). Hiruko bost jaurtiketa egin eta alerik ez zuen sartu; hiru jaurtiketa libre hutsegin ere bai. Zama handixka. Hala ere, hamar atzetik jarri zenean bigarren laurdenaren hasieran (15-25), taldeak lanean segitzeko adorea eta fedea erakutsi zituen. Konfiantza, azken batean. Oso garesti saltzen den ezaugarria kirolean; irabazten zaila eta galtzen erraza den hori.

Bigarren laurdenaren erdian lortu zuen Baskoniak markagailua iraultzea (28-27). Fallen bitartez, pibotak bereak eta bi egin baitzituen greziarren zona barruan. Achille Polonara ere hasi zen puntuak sartzen, eta, batez ere, Giedraitis (16 sartu zituen lehen zatian). Atsedenaldirako bi minutu falta zirenean, 35-30 zen emaitza; aldageletarako bidean, 43-32. Partziala bigarren laurdenean 28-11koa zan zen. Defentsako oldarkortasunak eta kontraerasoek ahalbidetu zioten ospa egiteko modua.

Soilik 45 puntu 30 minutuan

Sei puntura gerturatu ziren greziarrak hirugarren laurdenaren hasieran, baina azkar batean hamahiruko aldea berreskuratu zuen Baskoniak (54-41). Hamar minutu horien akaberan hamar goitik zen etxeko taldea (68-58). Azkeneko laurdenean, erasoan Vildozak eman zuen erakustaldia, eta aurreneko hiru minutuetan 14-2ko partzialarekin, 22ko aldea lortu zuen (82-60). Tadas Sedekerskisek bi hiruko sartu zituen azkeneko zatian, eta 31 goitik ere izan zen Baskonia. Olympiakosi 45 puntu bakarrik sartzen utzi zizkion azkeneko 30 minutuetan. Beste datu gehigarri bat: Pierria Henryk ez zuen punturik sartu, baina zortzi asistentzia banatu zituen. Denen beharra izango du bihar, Bartzelonaren etxean (21:00). Eta «hobeto» jokatzea, Ivanovicek hortzak erakusteko beste modu bat ere bai baitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Athleticek erakutsi du finalean Bartzelonari irabaz diezaiokeela»

Haritz Gallastegi

Athleticeko kapitain ohiaren ustez, talde zuri-gorriari kosta egiten zaio finaletan berea ematea. Hala ere, itxaropentsu dago Bartzelonaren kontrako partidari begira. Taldea «ondo» dagoela iritzi dio.
Erik Jaka, Baikorekin kontratua sinatzen, atzo, enpresaren egoitzan, Bilbon. ©BAIKO PILOTA

«Aurrerapausoa da niretzat»

Julen Etxeberria

Erik Jakak eten egin du Asperekin zuen kontratua, eta Baikon ariko da maiatzaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31ra arte. Hilaren 24an jokatuko du azken lehia Asperekin

Erik Jaka, Baikorekin kontratua sinatzen, gaur. ©Baiko

Baikok Erik Jaka fitxatu du

Julen Etxeberria

Buruz buruko txapeldunak eten egin du Asperekin zuen kontratua, eta enpresa berriarekin ariko da maiatzaren 1etik aurrera. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna