Asvel Villeurbanne 66-63 Kirolbet Baskonia

Ikasgaia ahaztu zaio

Norgehiagoka grisa jokatuko du Baskoniak, eta galdu egin du Villerbaunneren pabiloian. Arabarrek ez dute jakin partida hausten

Velimir Perasovic kexu, aurreko jardunaldiko Olympiakosen aurkako neurketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Asvel Villeurbanne. Taylor, Jackson (4), Kahudi (3), Jean Charles (2), Jekiri (16) —hasierako bostekoa—; Maledon ()Lomazs (2), Galliou, Noua, Diot (10), Bako (11), Lighty (9) eta Strazel (9).

Kirolbet Baskonia. Henry (3), Stauskas (5), Shields (2), Xengelia (17), Eric (4)—hasierako bostekoa —; Vildoza (9), Gonzalez (),Janning(3), Diop (2), Fall (11), Garino (6) eta Polonara (1) eta .

Markagailua. 16-23, 30-36 (atsedenaldian); 48-49 eta 66-63.

Epaileak. Christodoulou, Rocha eta Kartal. Ez dute inor kanporatu,

Bestelakoak. 5.560 ikusle Astroballe pabiloian.

Ligaxka hasieran Buducnosten eta Bayer Munichen pabiloietan galdu izanak zamatu egin zuen aurreko sasoian Baskoniaren ibilia Euroligan. Ustez ahulagoak izan arren, Baskonia ez zen gai izan haiek mendean hartzeko. Denboraldi honetan halakorik ez gertatzea nahi zuten arabarrek. Baina atzokoa ikusita, ikasgaia ahaztuta zuten. Izan ere, arabarrek 66-63 galdu zuten Villerbaunneren pistan, eta ligaxkako hirugarren partida galdu zuten. Perasovicen taldeak ez zuen partida hausten jakin lehen bi laurdenetan, eta pixkanaka etxekoen joko geldo eta grisaz kutsatu ziren. Laugarren laurdenean, urduritasunak iritsi zitzaizkien, eta etxekoak nagusi izan ziren, defentesako lan onari esker.

Perasovicen taldeak bazekien partida ez zela erraza izango, Villeurbannek irabaziak baitzituen artean etxean jokatutako bi neurketak, Olympiakosen eta Panathinaikosen kontra. Bazekien lan isila egin beharko zuela irabazi nahi bazuen.

Eta hala hasi zuen partida. Joko ikusgarririk egin gabe, baina serio eta eraginkor arituz. Horrekin nahikoa izan zitzaion hasieratik bost-sei puntuko abantaila lortu eta hori ondo kudeatzeko. Lehen laurdeneko azken segundoetan izan zuen partidako alderik handiena: bederatzi puntukoa:14-24 (9. min.)

Baina une batzuetan etxekoen joko geldo eta grisaz kutsatu ziren arabarrak, etaHenry eta Vildoza ez ziren gai izan Baskoniari komeni zitzaion erritmoa ezartzeko. Bigarren laurdenean nabaritu zen hori batez ere. Gainera, Perasovicen taldeak, lehen bi laurdenen artean bederatzi baloi galdu zituen.

Hirugarren laurdena bide beretik hasi zen, eta pixkanaka korapilatzen joan zitzaion neurketa Perasovicen taldeari. Puntu gutxiko neurketa komeni zitzaien etxekoei, eta nahi zuten lekuan zuten partida. Are gehiago neurketa 39na berdindu zutenean (25. min).

Sinesteko behar zuten hauspoa izan zen, eta Baskoniarentzat zalantzak areagotzeko unea. Hortik aurrera nahi eta ezin ibili ziren Baskoniakoak. Erasoan partidan zehar izan zuten argitasun apurra galdu zuten, eta azken laurdenera puntu bateko errentaz baino ez ziren iritsi:48-49.

Laurden hori oso kaskar hasi zuen Baskoniak, eta etxekoak gora egiten joan ziren defentsan egindako lan onari esker. Sei puntuko errenta izatera ere iritsi ziren. Azken jokaldian Vildozak eskura izan zuen berdinketa. Baina hirukon ez zuen asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.