Telesailak

Komedia, tragedia arintzeko terapia

Filmin plataformak ekoizpen propio bat estreinatu du lehenengoz: psikologia eta umorea ardatz dituen 'Doctor Portuondo' telesaila

FILMIN.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Arraroa da gaztarekiko garatu dezakezun obsesioa, heldu bilakatzen zaren garaiko gauza ikaragarrienetako bat da, eta ez zidan inork azaldu». Esaldi horrekin abiatzen da Doctor Portuondo, Filmin plataforma espainiarraren lehen telesail propioa. Mundu zabaleko zinemarentzako leiho bat izan da luzaroan Filmin, baina telesailei geroz eta garrantzi handiagoa eman die, eta Europako proiektu independenteei bultzada emanez bereizi da HBO, Netflix eta Amazon plataforma erraldoien aldean.

Kezka eta trauma pertsonalak lantzera psikologoaren kontsultara joaten hasi berria den gizon gazte bat da istorio honetako protagonista. Telesailaren sarrerako kredituetan agertzen dira Sartre, Freud, psikoanalisia... eta horiek dira kontakizunaren ardatz nagusiak. Protagonistak bere fobiez hitz egiten dio Portuondori, buru osasuneko profesionalari: sexua, indarkeria, filosofia, espiritualtasuna... tankera horretako gaiek buruhausteak eragiten dizkiote, eta sortzaileek kutsu komikoz zipriztindu dute horietako bakoitza.

Carlo Padial artista polifazetikoa da Doctor Portuondo telesailaren arduradun nagusia. Duela lau urte argitaratu zuen izen bereko liburua, terapia psikologikoak bere bizitzan izan zuen eragin eraldatzailea kontatu zuen bertan, eta orain pantaila txikira eraman du fikziozko formatuan. Sortzaile kataluniarraren lehen telesail da honako hau, baina ez ikus-entzunezko bere estreinaldia. 2012ko debutetik hasita, umorezko bost film luze eta hiru labur plazaratu ditu.

Agerikoa da kontakizunaren kutsu autobiografikoa, Padialekin antzekotasun fisikoa du protagonistak, eta, gainera, identitate eta konfiantza krisiari buruz istorioa Bartzelonan gertatzen da, Padialen jaioterrian.

Berlingo Harresia, Hiroshimako bonba nuklearra, Ilargira heldu zen lehen espaziontzia... horiek ere presente daude Portuondoren bulegoko solasaldietan, eta ez da kasualitatea. Telesailak iraganari miresmenez erreparatzen dio sarritan; antzinako objektu eta gertakari seinalatu bilakatu diren horiek gurtzen ditu. Esaterako, terapia saio bakoitza grabatzeko erabilitako kaseteak.

Tankera horretako telesail bat egitea Filminen asmoen adierazpentzat jo daiteke. Lehen ekoizpen propioa izaki, ospatzeko modukoa da horrenbeste arriskatu izana. Plataformak komedia jostalari baten alde egin du; ez du izan ez lotsarik, ezta kezkarik ere, eta horrek haize ufada fresko bat ekarri dio publiko masibora heldu nahi duten telesail uniformeen zurrunbiloari. Espainian ere ia ez du parekorik; espiritu komikoari dagokionez, Leticia Doleraren 2019ko Vida Perfecta izan liteke antzekoena, baina Doctor Portuondo-ren ausardia bestelakoa da.?

Atalek aurrera egin ahala, telesailak komedia dosia murriztu du, eta drama areagotu; orduantxe galduko du hasierako hauspoa. Komedia beltzetan ez da erraza izaten ikusleen arreta lehen minututik azkeneraino mantentzea, baina Padialek sei atal arin, dibertigarri eta mamitsu osatu ditu telebistarako estreinaldian. Portuondoren kontsultan murgiltzea edonorentzako da gomendagarri, eta, batzuentzat, azken bi urteetan bizi izan dugun tragedia arintzeko terapia sendagarria izango da.

'DOCTOR PORTUONDO'
Sortzailea: Carlo Padial.
Aktoreak: Jorge Perugorria, Nacho Sanchez, Berto Romero, Arturo Valls, Olivia Delcan.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.