Telesailak

Shelbytarren azken guda dantza

'Peaky Blinders' telesaila amaierara iritsi da, seigarren denboraldi gogoangarriaren ostean. Netflixek eman du mundu zabalean.

MATT SQUIRE.
Mikel Yarza Artola.
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun

«Klandestinitatetik boterearen korridoreetara bidaiatu duzu, eraldaturiko gizon bat zara orain». Azken denboraldiaren azken ataleko elkarrizketa giltzarri bat da, Tommy Shelby ispiluaren aurrean jartzen duen elkarrizketa. Peaky Blinders telesaila amaitu berri da, eta haren protagonistak erredentzioa eta barkamena bilatu ditu azken ataletan, heriotzaren hatsa inoiz baino gertuago sentitzean.

Tragedia da jaun eta jabe. Giro eta tonu hotzekin abiatu da seigarren denboraldia, inoizko ilunena. Iraganeko mamuek eta egungo delirioek nahasten dute pertsonaia nagusien arrazoimena, eta ikusleek hezur haragitan senti dezakete «inor ez da salbu» mantraren oihartzuna. The Sopranos, Boardwalk Empire, Sons of Anarchy... krimenaren unibertsoari loturiko klasiko garaikideen enbor berekoa bilakatu da Peaky Blinders telesailaren agurra. Antiheroiek ezin izaten diote beren patuari ihes egin, eta transzendentzia horrek zipriztindu du Birminghameko gangsterren akabera.

Dena den, gidoitik kanpoko bi faktore kontakizunaren baldintzatzaile bilakatu dira. Batetik, Helen McCrory aktore beteranoaren heriotza. 2021eko udaberrian zendu zen Polly Gray matriarkaren rola jokatu zuen emakumea, eta haren hutsuneak ezinbestean baldintzatu du azken denboraldiaren norabidea. Bestetik, Anya Taylor-Joy izar estatubatuar gaztearen bat-bateko arrakasta. The Queen's Gambit telesailak sekulako hauspoa eman dio, eta horren ondorioz pisu handiagoko pertsonaia bat bilakatu da Peaky Blinders-en unibertsoan ere. Are gehiago, sortzaileek haren aurpegia promozio tresna gisa erabili dute, atal berrien atariko.

Rock musikaren erabilera izan da telesailaren beste ikur bereizgarrietako bat. Nick Cave & The Bad Seeds, Radiohead, Johnny Cash, Black Sabbath... soinu bandako izen handien zerrenda izugarri luzea da. Azken denboraldian, ordea, inoiz baino doinu makur eta geldoagoak erabili dituzte. Iritsi da kontuak garbitzeko eguna, iritsi da gizon gogorrek menderaturiko antiheroien mundua deuseztatzeko garaia. Amaierako korapiloa are gehiago estutzen aritu dira nazi britainiarrak, IRAko kideak eta Komunen Ganberako politikariak. Hain justu, ordezkari publikoen eta jardunbide kriminalen arteko konplizitatea da telesailak azken atal hauetan esploratu duen beste ildo nagusi bat.

Formalki oso agur sendoa izan da,: eszena batzuek western kutsua hartu dute; beste batzuek noir generoa maisutasunez omendu eta ikusleen oroimenean iltzatuta geratuko diren une andana marraztu. Agur faxista, protagonista seinalatuen heriotzak, eraikin ikonikoak eraistea... eta, nola ez, sinbolismoz beteriko Tommy Shelbyren azken unea.

Isildu dira kaleak, amaitu da zalaparta. Baina urrunetik entzun daitezke biseradun kapeletako gizonen labankadak eta tiro hotsak. Konturatzerako, heriotzaren erreinutik berpiztuta itzuliko dira Peaky Blinders eta haren protagonistak. Steven Knight sortzaileak dagoeneko aitortu du: film bat prestatzen ari da, eta, akaso, etorkizun hurbilean, telesail paralelo batek ere elikatuko du Shelbytarren unibertsoa.

'PEAKY BLINDERS'
Sortzailea: Steven Knight.
Aktoreak: Cilian Murphy, Paul Anderson, Sophie Rundle, Natasha O'Keeffe, Anya Taylor-Joy.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.