Telesailak

Politikak zipriztinduriko izua

Argentinako 'No grites' telesail laburrak haize freskoa ekarri du etxe sorginduen planteamendu klasikora

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Istorio laburrak dira nagusi egungo telebistan. Iraupenak baino are indar handiagoa du, ordea, zigiluak. HBOren nobedadea, Netflixen arrakasta berria... erreferentzia horien bidez heldu ohi dira telesailak milioika ikus-entzuleren pantailetara. Horregatik, askorentzat ezustean igaro da No grites argentinarra. AMC sareko Dark telebista kateak estreinatu du, Hego Euskal Herrian ikus daitekeen eta esklusiboki beldurrezko generoa lantzen duen kate bakarra.

Mar del Platan jaiotako Sebastian Dietsch sortzailearentzat, bigarren urratsa da hau izuaren eremuan, 2014ko Zombies film laburraren ostean. Esperientzia oparoa du, ordea, narrazio zatikatuaren alorrean, eta joera horri eutsi dio oraingoan ere: hamar minutuko atalekin osatu du telesail berria. Bost atal, bost hamarkada eta bost familia, elkarri lotuta. Orainaldian hasi eta atzekoz aurrera jorratu ditu Dietschek etxe sorgindu berean jazotako gertakari makurrak.

Lehen atala. Hiru nerabe jakin-minez joango dira eraikin abandonatu batera, eta etxeko txokoak miatzen hasi ahala topatuko dute zorigaitza parez pare. Naturaz gaindiko espirituak batetik, hezur-haragizko etxegabea bestetik. Telesailak hasi eta berehala ezarriko ditu tonu formala eta narratiboa. Ispiluen jokoak islatuko du ongiaren eta gaizkiaren arteko marra lausoa; pertsonaia berrien agerpenak, berriz, sistemaren eta gizarte arauen errepaso kritikoa.

Bigarren atala. Bi seme-alaba dituen familia bat helduko da txukuntasunez atonduriko etxebizitza ezagutzera. Etxe saltzaile bat sendia limurtzen ahaleginduko da, ahalik eta lasterren eraikin sorginduaren zama gainetik kendu nahian. Etxea gobernatzen duen espiritua haien aurrean agertzean, ordea, saltzailea errespetuz mintzatuko zaio, haren laneko nagusia izango balitz bezala.

Hirugarren atala da artistikoena. Exorzismo bat kontatzen du, espiritu kontrolaezin batek apaiza eta etxean dauden gainerako pertsonak menderatu eta, minutuek aurrera egin ahala, odol festa geroz eta bortitzagoa bilakatuko da. Etxe barneko zein kanpoko argi eta itzalekin jokatzen du telesailak, gizateriaren eta Eliza Katolikoaren argi-ilunak islatzeko.

Flashback armoniatsu batekin abiatzen da laugarren atala. Etxeko egongelan musika entzuten, zoriontsu dirudi bikote gazte batek, hiru gizonek lasaitasuna apurtzen duten arte. Arma eskuan dutela sartuko dira etxera, eta inbadituko dute haien konfort gunea, agintearen izenean. Kasu honetan, autoritatearen abusua eta etxekoen mendekua dira izuaren iturburuak.

1935. urtean girotu dute sortzaileek azken atala. Hain justu, 1930eko hamarkadan izan zen Argentinan Hamarraldi Zitala garai historikoa. Baina gizarte gertakarien oihartzunetik urrun, telesailak bi haurren erditze prozesua erakusten du. Bost minutuko plano sekuentzia baten bidez, sorginkeriaren jatorria errealitateko zorigaitz batekin lotzen du telesailak, eta esanahi berri bat eransten dio Nogrites izenari.

Ordubete baino gutxiago behar da telesaila ikusteko; beraz, egina dago gonbita. Hori bai, ez ezazue garrasirik egin, arren.

'NO GRITES'
Sortzailea: Sebastian Dietsch.
Aktoreak: Mariana Brangeri, Jorge Alberto Gentile, Virginia Lombardo, Abril Mendez Macchi, Oscar Munner.
Herrialdea: Argentina.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Dark.
Atal bakoitzaren iraupena: 10 minutu.
Generoa: Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.