Hautsitako bikote bizitzaren pusketak biltzen

Ingmar Bergman kultuzko zinemagile suediarraren 'Scenes from a Marriage' telesail klasikoa eguneratu du HBOk, mende erdi geroago

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
The Seventh Seal, Persona, Fanny and Alexander... ezinbesteko izenburuak dira zinemagintzaren historian. Ingmar Bergman XX. mendeko artistarik esanguratsuenetako bat izan zen, eta zinemarako egindako lanei esker lortu zuen ospea, baina telebistarako ere osatu zuen proiektu gogoangarririk.

Scenes from a Marriage izan zen horien artean lehena. Erdiko klaseko bikote baten haustura eta adiskidetzea jorratzen ditu telesailak, eta sekulako arrastoa utzi zuen gerora Hollywooden goia jo zuten zuzendari andanaren artean. Besteak beste, Woody Allenek eta Richard Linklaterrek nabarmendu izan dute Bergman euren obrako inspirazio nagusi gisa.

Suediako telebistak 1973an estreinatu zuen telesaila, eta ia mende erdi geroago plazaratu du HBOk eguneraketa, Veneziako jaialditik igaro ostean. AEBetako telebista kateak leku ezin hobea zirudien egile kutsu markatua duen lan hori egokitzeko, eta proiektua Hagai Levi artista israeldarrak gidatu du. Levik HBOrekin lankidetzan osatu duen bigarren telesaila da, 2019ko Our Boys goratuaren ostean.

Levi fildeltasun handiz hurreratu da Bergmanen jatorrizko espiritura. Erritmo narratiboa, pertsonaien garapena eta haien itxura errespetatu ditu, baina hainbat nobedade ere txertatu ditu bikote krisiaren berrinterpretazio honetan. Garaia eta herrialdea dira bereizgarri nagusietako bi. XXI. mendeko AEBek antz txikia dute 1970eko Suediarekin. Nortasun pasibo-agresiboa, harreman irekiak, emakumeen ahalduntzea eta beste gai batzuk telesailaren hiztegiko parte dira, eta egungo munduaren adierazle.

Horrez gain, Levik Bergmanek diseinaturiko rolak irauli ditu, eta emakumeari pisu handiagoa eman dio. Emaztea da enpresa negozioak egiteko munduan zehar bidaiatzen duena eta amodio afera bat izaten lehena. Senarrak, berriz, etxeko kontuez hitz egiten du beti, bertan preso egongo balitz bezala.

Bikotekideen arteko elkarrizketa luzeak dira telesailaren bizkarrezurra, eta horietako batzuk hitzez hitz errepikatu ditu Levik, Bergmanen jatorrizko gidoian dauden moduan. Harreman pertsonalen zurrunbilo existentzialean, bikain aritu dira Jessica Chastain eta Oscar Isaac aktoreak. Bizitzako galdera handiak erantzun nahian, xehetasunez beteriko antzezpen boteretsuak ondu dituzte, eta, hein handi batean, telesailak haiei zor die duen freskotasun apurra.

Alor formalean ere bada berritasunik; esaterako, soinuaren lanketa minimalista eta kamera travelling-ak. Ikusleek etxeko txoko batetik bestera jarraituko diote bikote protagonistari, eta, horri esker, errazago murgilduko dira kontakizunean. Baina Leviren berrinterpretazioaren arrasto nagusia bestelakoa da, narraziotik haragokoa. Telesaileko atalen hasieran eta amaieran korridoreetako irudiak txertatu ditu, telesaila bera filmatzen hasi aurreko azken minutuetako prestaketa uneak. Pantailaren bidez erakutsi duen istorioa fikzio ala errealitate ote den pentsaraztea izan liteke haren asmoa. Pentsaraztea begien aurrean ikusleak duen bikotearen istorioa ez ote den, nolabait, guztiona.

'SCENES FROM A MARRIAGE'
Sortzaileak: Hagai Levi.
Aktoreak: Jessica Chastain, Oscar Isaac, Nicole Beharie, Corey Stoll, Sunita Mani.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.