Telesailak

Denboraren gurpil higatua

Amazonek telesail bihurtu du 'The Wheel of Time' fantasiazko literatur saga arrakastatsua. Zortzi ataleko egokitzapen desitxuratua da emaitza

THE WHEEL OF TIME.
Mikel Yarza Artola.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
1990ean estreinatu zuen Robert Jordan nobelagile estatubatuarrak The Wheel of Time sagako lehen nobela, eta beste hamar pieza osagarrirekin biribildu zuen istorioa, 2007an hil zenera arte. Mundu zabalean 90 milioi alez gaindi salduta, fantasiazko generoan historian arrakastarik handien izan duen istorioetako bat da. Orain, Amazonek telesail formatura egokitu du kontakizuna, eta oniritzia eman dio bigarren denboraldiari, lehena plazaratu aurretik.

Moiraine Damodred da istorioko protagonista, magia erabiltzeko gai diren emakume boteretsuek osaturiko Aes Sedai erakundeko kidea. , bost gazte bildu, eta abenturazko bide bat abiatuko du haiekin; izan ere, sinetsita dago gazteetako batek Dragoi Berpiztuaren profezia beteko duela, gizateria salbatzeko edo suntsitzeko ahalmena eskuratuz.

Telesaileko sortzaileek Hollywoodeko aktoreak baliatu dituzte proiektuari ikusgarritasuna emateko; tartean dira Rosamund Pike Emmy sariduna (Gone Girl, State of the Union) eta Michael McElhatton (Game of Thrones). Aurpegi ezagunak, ordea, ez dira nahikoa ikus-entzunezko lan gogoangarri bat osatzeko.

Estilo aldetik, The Wheel of Time telesailak HBOren 2019ko His Dark Materials ekar lezake gogora. Fantasiazko literatur lan ezagun baten egokitzapena da hau ere, eta indar ilunei aurre egin behar dieten gaztetxoak ditu protagonista. Tamalez, The Wheel of Time telesailean,His Dark Materials interesgarri egin zuten elementuen faltasumatzen da, besteak beste, erritmo bizia, entretenimendurako abilezia eta berezitasun estetikoa. Alde horretatik, Rafe Judkinesen nobedadea nortasunik gabeko lan makal bat da, eta, gainera, huts egin du gidoian eta pertsonaien lanketan. Dinamikotasunik gabekoa da lehena, konplexutasun eskasekoa bigarrena.

Ongiaren eta gaizkiaren arteko istorio klasiko bat dugu honako hau, eta agerikoa da Tolkienen unibertsoa duela iturburu, orkoen tankerako izaki mitologikoak tarteko. Dena den, ikusleek susma dezakete pantailan ageri dena fantasiazko unibertso honetako icebergaren punta besterik ez dela. Nobeletan, Robert Jordanek Europako eta Asiako mitologiak esploratu zituen; budismoa, taoismoa, naturarekiko errespetua... telesailean, ordea, ez dago kontu horien arrastorik.

The Wheel of Time ahalegindu da fantasiazko giro berezi bat pantailan birsortzen, eta sekulako aurrekontua izan du horretarako, baina alor formalean ere ez da fin aritu. Kokalekuak, jantzitegia eta efektu bereziak arruntegiak izan dira ikuslea abenturan bete-betean murgiltzeko. Sortzaileek ekoizpen erraldoien ligan lehiatu nahi izan dute, eta emaitza ahazteko modukoa izan da, lehen hiru ataletan behintzat.

Gidoi gorabeheratsuez harago, azken urteetan fantasiarekiko erabateko zirrara eragin duten lanetako batzuk dira Game of Thrones, Stranger Things eta The Witcher, baita Marvelen nobedadeak ere. 2022ko irailean espero da The Lord of the Rings saga mitikoaren itzulera, telesail formatuan. Hori izan liteke generoa berriz ere ikus-entzunezkoen olinpora goratuko duen lana.

'THE WHEEL OF TIME'
Sortzailea: Rafe Judkins.
Aktoreak: Rosamund Pike, Kae Alexander, Naana Agyei Ampadu, Hammed Animashaun, Pasha Bocaire.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Fantasiazkoa. Abentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.