Urtean zehar gerorako utzitako liburuak irakurtzeko garaia da uda. Paperean,e-book edo sakelakoaren pantailan, mendian, hondartzan, igerilekuan edo sofan, orrialdez orrialde, istorioek harrapatzen gaituzte. Inguruan gero eta gehiago dira, ordea, irakurri beharrean, liburuak entzuten dituztenak, eta, antza, ez soilik ikusmen arazoak dituzten pertsonak edo hizkuntza ikasten ari direnak.
Itsasontzien arteko komunikazio tresna zena komunikabide izatera pasatu zenean, intelektual batzuek kultura eta literatura hedatzeko tresna moduan ikusi zuten irratia. Beraz, musika emanaldiekin batera, eta informazioa baino lehenago, testuen irakurketak egiten ziren sortu berria zen komunikabidean. Gerora, irratirako egokitu ziren testuak, eta, ondoren, propio irratiratzeko antzerki eta nobelak idatzi; irrati-nobela eta serialak berezko irrati-generoa sortu zen; atal berezia mereziko luke aztertzea frankismoak azken horiek nola erabili zituen balio batzuk fikziozko errelatoaren bidez hedatzeko...
Gurean ere oso ezagunak izan dira, besteak beste, 1990ean Bernardo Atxagak idatziriko Antzoki Iluna eta, geroago, Arantxa Iturberen Maite, maite, maitea antzerki lanaren irratiratzea. Euskadi Irratian eskaintzen ziren, eta euskaltegietan erabiltzeko euskarriak izan ziren. Baina, zalantzarik gabe, mugarria izan zen Jon Mari Irigoienen Babilonia eleberriaren emankizuna, Harkaitz Canok egokitua. Uhinen bidez ez ezik, cassettetan zein paperean argitaratu ziren horiek, eta gaur atal batzuk topa daitezke Ikasbilen webgunean. Bertan ere eskuratu ahal ditugu Koldo Almandoz zinemagileak zuzenduriko Jon eta Jone irrati-nobelaren 114 atalak, EITB Podkast sailean era entzungai daudenak. Oraindik eskaintza urria bada, Anjel Lertxundi, Jasone Osoro, Uxue Alberdi, Eider Rodríguez... eta beste euskal idazle batzuek idatzitako testuak entzun daitezke Audioliburuak epigrafean.
Eta ez dakit pantailekin lehiatu ahal den, baina etxeko txikiak entreteniturik izatea erronka handia —eta toallan geldirik, miraria— den garai honetan, haientzako aukera zabalagoa badago podcast herrian, irratiek zein hezkuntza eragileek eskainita. Aukera bat aipatzearren, Etxegiroan izeneko webgunean dagoen menua ekarri nahi dut hona.
Antigoalekotzat jo nazakezuela onartuz, niretzat plazera da liburua eskuan izanda, irratsaio on bat entzutea, presak denbora lapurtu barik. Oporrak!

IRRATIA
Kontatu istorio bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu