Ez dakit zenbat ikusle izan dituen Barbie filmak, baina badirudi errekorrak hausteaz gainera, bazterrak ere nahastu dituela: feminist(egi)a batzuentzat, arrosa eta pastela besteentzat; patriarkatuaren aurkako parodia ala purple-whasing delako kontsumo produktua, panpinen salmentak igotzeko helburua duen marketin hutsa. Eztabaidak eztabaida, aitortu behar dut azken egunotan patriarkatuaz inoiz baino gehiago entzuten ari naizela irrati solasaldietan, eta badirudi batzuentzat kontzeptua existitzen hasi dela pelikula horri esker (ikusi ez dutela aitortu duten arren).
Nik, berriz, beste barbie batengana hurbiltzea aholkatuko nieke ezagutu ez ezik ulertu nahi baldin badute, Radiojaputa podcasta egiten duen Barbijaputa komunikatzailearengana, alegia. Espainian, ehundik gora dira feminismoa hizpide dutenak baita feminismotik hainbat gairi begiratzen diotenak ere —politika, kirola, gizartea,amatasuna, osasuna—, eta nik ez ditut egunak izango oporretan egunean jartzeko, entzuteko zerrenda luzea baitut. Batzuk aipatzearren: Negra como yo, Riot Comedy eta Deforme Semanal Ideal Total. Azken bi horiek, gainera, beste aktoreek egindakoek bezala, salto egin dute oholtzara, eta, egia esan, ez dut argi irratiraturiko showak diren edo haragituriko irratsaioak… Ez dakit laster ikusiko ditugun gure Idoia eta Mirari zuzeneko irratsaioak grabatzen... Bitartean, Luze edo motz antzezlana gozatzen jarraituko dugu.
Frantsesez ekoizturikoen artean, Un podcast à soi eta La Poudre aipatuko nituzke, eta katalanez, berriz, Oye Polo. Horiez gainera, historian, artean edota zientzian ezabatu diren emakumeak azaleratzen dituzten saioak entzuteko garai ezin hobea da oporraldia; eta batzuk aholkatzeagatik, honakoak ekarri nahi dizkizuet: Divulvadoras de la Historia, Vénus s'épilait-elle la chatte, Histérikas Histórikas; eta Aquí faltan páxinas, galegoz, eta Les Dones i els Dies, katalanez.
Sanferminetako zezenek harrapatutako zaurituen kontaketaren moduan, jaietan gertaturiko eraso matxistak aipatzen dira irrati-solasaldietan, ekidin ezineko ordaina balitz bezala; eta gaitzesten badira ere, ez dira sakonean dauden zergatiak aipatzen, are gutxiago Barbie-k estalgabetu dien patriarkatuari errua bota, oraindik egin beharreko bidea baitago parrilletan feminismoak podcast-landian duen lekua izan dezan. Eta aurreikuspenek ez dute halakorik iragartzen...

IRRATIA
Barbie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu