Donostiako galdeketa, 2018ko udazkenean

Euskal Herriaren estatus politikoari buruz herritarrei galdetuko dien lehen hiriburua izango da Donostia. Gure Esku Dago-k aurkeztu du prozesua aurrera aterako duen elkartea: Donostia Galdeketa

Donostia Galdeketa taldearen aurkezpena, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Donostia izango da Gure Esku Dago-k Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketa bat egingo duen lehen hiriburua. Gasteizek uko egin eta hurrengo egunean jakinarazi dute berria. Datorren urteko udazkenean egingo dute. Eguna zehaztu ez duten arren, aurreratu dute urrian edo azaroan izatea espero dutela. Atzo jakinarazi zuten galdeketa egiteko asmoa, eta prozesu osoa aurrera aterako duen taldea jendaurrean aurkeztu zuten: Donostia Galdeketa. Udaletxean egin zuten aurkezpena, eta politika, sindikalismo, kirol eta kultur arloko eragileen babesa izan zuten. Paulo Arruartek, Maria Luisa Sanchezek, Itziar Salegik eta Jose Luis Segurolak egin zituzten bozeramaile lanak.

Zehaztu dute zein izango den hurrengo pausoa: sinadura bilketa. Zortzi bat mila atxikimendu lortu nahi dituzte abendu amaieran hasi eta apirilera bitarte: donostiarren %5. Udalaren arautegiaren arabera, aski da herritarren babesa %1,5 izatea —Gure Esku Dago-ren protokoloak %2 zehazten du—, baina, sinadura gehiago lortuz gero, zilegitasun handiagoa lortu nahi dute eragileek. Apirilerako zortzi milako langara iritsiz gero, galdera adosteko prozesua hasiko du Donostia Galdeketak.

Atxikimenduak lortzeaz gain, herritarren artean azaldu nahi dituzte galdeketaren nondik norakoak eta Gure Esku Dago-ren helburuak. «Denok argi eduki dezagun zertan eta zertarako ari garen». Horrela, «hamaika ekintza» gauzatuko dituzte 2018ko udazkenerako bidean. Aldaketarik ezean, Donostiako galdeketa ez da beste herriren batekin batera gertatuko.

Dinamika «handia» mugituko du Donostia Galdeketak, eta uste dute prozesuak aurrera egin ahala abiadura hartuko duela. «Esperantza dugu udaren ondoren gauzak indartuko direla». Hala, kazetarien galderei erantzunez, galdeketak %25eko parte hartzea izatea «oso emaitza ona» litzatekeela adierazi zuen Segurolak. «Gure kanpainak ez dira ohiko hauteskundeetakoak bezalakoak. Ahotsez ahotsekoa da gure lana. Gure ekintzak eginez adieraziko diogu Donostiako herriari zer dagoen».

Donostiarrei erabakitzeko eskubidea iritsi aurretik, Gure Esku Dago-k egin duen ibilbidearen hainbat puntu gogora ekarri zituzten Donostia Galdeketako kideek. Besteak beste, 150.000 lagun bildu zirela 2014ko azaroan Durango eta Iruñea erabakitze eskubidearen alde eta urte bereko azaroan Donostiako Zurriolako hondartzan mosaiko ikusgarri eta koloretsua osatu zutela 10.000 pertsonak, Eskoziako eta Kataluniako prozesuei babesa adierazteko.

Hilabeteak daramatzate talde bat sortzeko lanean donostiarrek. Iragan ekainean aurkeztu zuten galdeketa egiteko asmoa, eta orain gauzatu dute taldea. Atxikimendu zerrenda zabala du, dagoeneko, Donostia Galdeketak. Guztiek atzoko ekitaldian parte hartzerik izan ez bazuten ere, denen izenak irakurri zituzten: ELA, LAB, ESK, Steilas, EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu, AEK, Ramon Agirre, Joxe Mari Agirresarobe, Garikoitz Azkue, Harkaitz Cano, Iñaki Egaña, Rafa Egiguren, Margot Etxeberri, Iker Etxeberria Aillon, Agustin Gajate, Josean Garzia, Beñat Gaztelumendi, Marije Gurrutxaga, Iñake Irastorza, Inaxio Kortabarria, J. R. Mendizabal, Ana Miranda, Ainhoa Olasagasti eta Dioni Urreisti.

30ean hitzaldia Zarautzen

Zarauzko (Gipuzkoa) Gure Esku Dago-k solasaldia antolatu du datorren ostegunerako. Hedabideek Kataluniako egungo testuinguruan daukaten egitekoaz ariko dira Salvador Cot El Mon agerkariko zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria eta Samara Velte BERRIA egunkariko kazetaria. 19:00etan izango da Hedabideak Kataluniako bidegurutzean: ikusle ala bermatzaile? izenburuko hitzaldia, Antoniano aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.