Metal detektagailuak kenduko ditu Israelek

Al-Aqsa meskitarako sarreran segurtasun neurri bereziei eutsiko die Tel Avivek. Palestinarrek protestei eutsi diete. Tentsioa Jordaniara hedatu da, israeldar batek egindako bi hilketengatik

Erredakzioa
2017ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Jerusalemgo Al-Aqsa meskitara sartzeko ezarri zituen metal detektagailuak kendu ditu Israelek, erabaki horrek azken egunotan sortu duen tentsio handiaren ondotik. Gobernuko segurtasun kabineteak ohar baten bidez jakinarazi zuen atzo, eta erran zuendetektagailuak «teknologia aurreratuekin eta beste neurri batzuekin» ordezkatuko dituela. Hala ere, meskita kudeatzen duen Waqf Jordaniako erakundeak protestei eutsi zien atzo,Israelek ez dituelako joan den astean ezarritako neurri guztiak kendu. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak esan du harremanak «izoztu» egin dituela Israelekin. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Abdullah II.a Jordaniako erregea herenegun gauean telefonoz mintzatu ziren elkarrekin, krisia Jordaniara ere hedatu delako, igandean Israelgo enbaxadako zaindari batek bi herritar hil ondoren Amannen.

«Netanyahu jaunak ekintza probokatzaile bat egin du metal detektagailuak jarrita, eta oinazea eragin du», adierazi dio Maan agentziari Jamal Zahalqa Israelgo Zerrenda Bateratua koalizioko parlamentariak —alderdi arabiarrek eta Israelgo Alderdi Komunistak osatzen dute—. «Kamera inteligenteak jartzea beste probokazio bat da. Al-Aqsak Waqfen kontrolpean egon beharko luke, Israelek ez baitu eskubiderik sarrera kontrolatzeko». Zahalqaren ustez, detektagailuak kentzea «Jerusalemgo jende gaztearen eta buruzagitza erlijiosoaren garaipen bat» izan da, baina ohartarazi du manifestariek ez dituztela kaleak utziko.

Hamabi eguneko krisia

Hain zuzen, Waqfeko kide Raed Daanak berri agentziei adierazi die neurri guztiak kendu arte segituko dutela protestan. «Ekintza horiei erantzuteko, kaleetan otoitz egitea erabaki genuen, eta horrela jarraituko dugu agintari israeldarrek atzera egin arte». Nikolai Mladenov Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbilerako mandatariak ontzat jo du Israelek detektagailuak kentzea, eta esan du espero duela horrek «tentsioa baretzen laguntzea».

Krisia hilaren 14an piztu zen. Israelgo Poliziari eraso zioten ustez hiru gizonezkok suzko armekin Meskiten Zelaigunean, Jerusalem okupatuan; bi polizia hil zituzten, eta poliziek, berriz, ustezko erasotzaileak. Israelek erabaki zuen Al-Aqsako meskita bi egunez itxita edukitzea, eta segurtasun neurri bereziak ezarri zituen. Ordutik, beste zortzi palestinar eta hiru israeldar hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.