Ines Osinaga.
Estatus politikoari buruzko galdeketak. Iritziak. ARRASATE

Imajina dezagun

2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Berriz ere bozkatu behar omen dugu. Makina bat urte ezin bozkatu, eta azkenaldian sarri-sarri boza ematera deitzen gaituzten sentsazioa daukat. Berriro ere? Zertarako, baina? Balioko al du ezertarako?

Oraingo honetan, hauteskunde mahaian egotea tokatu zait lehendabizikoz. Eta, zer nahi duzue esatea, ilusio eta guzti egiten dit. Askok pentsatuko duzue eguna han jesarrita galduko dudala, nortasun agirietan agertzen diren izen-abizenak ozen irakurri ia beste ezer ez dudala egingo zortziak bost gutxiagotan hautetsontziak ixtera goazela esatea tokatuko zaidan arte. Askok esango didazue total, ez duela ezertarako balio, bozkatzen dugun hori ez doala inora eta beti bezala erabaki inportanteak ez daudela gure esku… Ba, ez nago ados horrekin.

Ekainaren 5ean zerbait inportanteri buruz galdetu diogu herriari. Eta herriari zerbaiti buruz duen iritzia galdetzea bera da inportantea. Beti.

Arrasateko herritarrok ere galdera garrantzitsu bati erantzuna emateko aukera izan dugu igandean: Nahi al dugu Euskal Estatu independente bateko herritar izan? BAI ala EZ?

Eta nago, oraingoan bai, erantzuna baino galdera dela inportanteagoa. Geure buruari galdera egiteak berak, ezinbestean, nolako Euskal Estatu independentea nahi dugun hausnartzera garamatzalako, Euskal Estatu independente hori imajinatzera. Eta, zergatik ez, baita horren inguruan ondokoarekin eztabaidatzera ere osteguneroko pintxo-tertulian.

Gakoa ez delako bai ala ez, gakoa delako imajinatzeko gai izatea ala ez. Imajinatzeko gai baldin bagara bakarrik lortuko dugulako gure alabak Euskal Estatu independente batean bizitzea, nolako estatu independentea nahi duten erabakitzea eta horren inguruan eduki ditzaketen kontraesanak kudeatzea. Guri, orain, Euskal Estatu hori imajinatzea tokatzen zaigu. Azkenaldian badirudi ez dugula imajinatu ere egiten; beraz, sinestu ere ez, eta sinistu ezean ez dago zereginik.

Imajina dezagun, bada. Erein. Inori baimenik eskatu gabe, gainera. Lurra gurea delako, eta baita hazia ere. Har dezagun bidea, gure esku dago eta.

Etikaz eta politikaz zeozer badakien lagun batek kontatzen zigun hori: ikusten da porturik? Ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu, eta harantz goaz arraunean.

PD: Gaur ez dizuet esan, baina bada zerbait behin eta berriz errepikatuko duguna denoi ondo klaru geratzen zaigun arte. Beste guztiari buruz eztabaidatuko dugu, baina bada zerbait bai ala bai hala izango dena, ala ez dena izango. Imajinatzen dugun Euskal Estatu hori feminista izango da. Edo ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.