Albistea entzun

Arrauna

Zinemaldia, uztailean

Donostiarrak etxeko estropada irabazi zuen herenegun, eta Eusko Label ligako lehen postua lortu aurrenekoz. «Ezustea» izan zela dio Arkaitz Diaz patroiak
Donostiarrako patroia eta arraunlariak igandean etxean irabazitako banderarekin.
Donostiarrako patroia eta arraunlariak igandean etxean irabazitako banderarekin. ANDONO CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko uztailak 5

Alfonbra gorria bakarrik falta izan zuen Donostiako portuko arrapalak igande eguerdian. Itsasbazterra Kursaala bilakatu zen une batez. Zineko izarren pare ibili zituzten Donostiarrako arraunlariek, patroiak eta entrenatzaileak portu gainera arteko metroak uretatik atera berritan. Bibak eta txaloak entzun zituzten, artistek irailean miresmen oihuak aditzen dituzten bezala. Azkeneko horiek filmak eta bakoitzaren ibilbidea izaten dituzte zaleak erakartzeko amu. Igandeko protagonistek bi garaipen handi: etxeko estropadako bandera, batetik, eta Euskolabel ligako lehen postua, bestetik.

Arrapalan gora igo zirenetako bat Arkaitz Diaz patroia izan zen (Donostia, 1983). Hirikoa, eta hainbat urtean traineruaren txopan doana, taldea gobernatzen. Laugarren aldiz astindu zuen bandera liga nagusian igandean: 2019tik aurten arte, urteko bana oraingoz. «Ezustea izan zen», kontatu du lehenbizi. «Hunkigarria eta berezia ere bai», gehitu du.

Estropadaren azalpena egitean, «gogorra» adjektiboa erabili du. Itsasoaren eta haizearen eraginagatik. Patroi lana egiteko zegoen Kontxako badiako eremua igandean ere. Gustura ibiltzen da Diaz halakoetan, eta etekina atera zien baldintzei arraunlariekin batera.

Filmetan bezala, estropadetan ere gidoia egiten dute taldeetan: estrategia zehaztu. Donostiarrako patroiak onartu du, hala ere, aurrez idatzitakoa ez beste zerbait egin behar izan zutela. Ohikoa izaten ei da: «Gertatzen da gauza bat prestatu, pelikula bat egin, eta gero uretan beste bat erabili behar izatea, baldintzengatik».

Igandean, kasu. Barrurako bi luzeetan nabarmen ikusi zen Donostiarrak bi norabide ezberdin erabili zituela. Patroiak berretsi du baietz: «Bigarren luzean, hirugarren kalera botatzen laga genion ontziari [bigarren kalea zuten etxekoek], gero gure kalera bideratzeko. Baina ez zigunez ezer eman aukera horrek, azkeneko luzean kaleari eustea erabaki genuen». Estrategia aldaketa horrek ez zien, ordea, estropadako Urrezko Maskorra eman patroiaren ustez: «Hirugarren luzea izan zen gakoa. Hondarribiaren atzetik ekin genion luze horri, bizpahiru segundo atzerago ere joan ginen, baina ziaboga batera eman genuen».

Kanpoko balizetatik Santa Klara uhartera arteko bidea «zatarra» zegoela esan du Diazek. «Ez zen erraza ontzia gobernatzea. Zikina zegoen itsasoa». Patroi lanaren ikusgarritasuna eta garrantzia utzi ditu agerian baieztapen horrekin. Baita beste honekin ere: «Gozatu? Ez azkeneko hogei arraunkadetara heldu arte. Orduan lasaitu nintzen».

«Estropadaz estropada»

Eta orduan itzali zen bezperako amorrazioaren sua. Bilbokoa, bigarren ziabogan kateatu, eta ligako lehen estropada irabazteko aukera galarazi ziena. «Aparteko zerbaitekin atera ginen horregatik igandean. Goian muturra sartzetik hain gertu geratzea ez zen samurra izan».

Bezperakoari igandeko jardun paregabea gehituta, lehen aldiz da lider liga nagusian Donostiarra. Oraingoan, baina, ez die estrategia aldatu baldintza berri horrek: «Estropadaz estropada goaz. Horretara atera gara aurreneko asteburuan, eta ez goaz aldatzera lider izateagatik».

Bide bat hartu eta segitzea bada klubaren bereizgarria: urtez urte eta pausoz pauso aurrerantz. Diazi gustatzen zaio horrela izatea: «Polita da pixkanaka joatea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ondarroako arraunlariak arraunak gora, eta Iñigo Larrinaga patroia banderarekin, atzo, herrian, garaipena zaleekin ospatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ametsa baino hobea

Aitor Manterola Garate

Ondarroak etxean irabazi du Eusko Label ligako estropada, lehen txandatik. Marea eta haize aldaketa, eta itsaslaster handiak erabakigarriak izan dira
Orioko eskifaia poz betean atzo, Ondarroako estropada irabazi berritan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Oriok gaur bertan irabaz dezake Euskotren liga

A. Manterola Garate

Nahikoa izango du Arraun Lagunaken aurretik sailkatzea Castro Urdialesen, atzo Ondarroan bederatzigarren estropada irabazi eta gero
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Pettan Uralde

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.
<b>Mikel Larrañaga, iaz, Urrezko Kopa irabazi berritan.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sei aizkolari ariko dira bihar Donostian, Urrezko Kopa xede

Berria

Aurrez kanporaketa gainditutako kirolariek udako garaikur nagusia izango dute jokoan, 19:30ean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Manterola Garate

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.