ARRAUNA

Galdutakoaren bila, ito

Arraun Lagunak Orioren atzetik ari da Euskotren ligan: lau puntukoa da tartea. Eman dezaketena estropadetan eman ezinda ari direla diote Donostiakoek.

Arraun Lagunak herenegungo estropadan, Lekeition. AITOR ARRIZABALAGA / TRAINERUEN KLUBEN ELKARTEA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Itolarria etsai duela ari da Arraun Lagunak Euskotren ligan. Lehiaketa zenbat eta aurrerago joan, orduan eta estuago. Puntuak neurgailu: Orio liderrak lau puntura zabaldu zion tartea asteburuan. Bikoa zena laukoa da orain, eta sei estropada jokatzeko daude liga amaitu aurretik. Lan zailak dauzka iazko garaipena berriz lortzeko.

Emaitza bat baino ez da, bere horretan ikusita. Baina itobeharra eragiten diena azaltzeko, uda aurreko aurreikuspenei erreparatu behar zaie. Edo oraintxeko entrenamendu bati. Edo oraintxeko estropada bakan aleei. Kontua da Arraun gai dela gehiago ibiltzeko, eta badabilela astean zehar eta estropada bakanetan. Baina zipriztinak dira. Ezin olatu bihurtu, eta horrek sortzen die ezinegona. Ez dira sarri asmatzen ari.

Xubane Uribarrena arraunlaria (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999) eta Juan Mari Etxabe entrenatzailea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) eskarmentua lagun mintzo dira, eta ondo zehaztuta daukate zertan huts egiten ari diren: «Arraunketa galduta gabiltza». Asko galtzea da hori, eta joan erraz egiten da; berriz ekartzea, aldiz, nekeza da. Diagnostikoa eginda, horraino nola heldu ote diren azaltzen asmatu behar. Etxabek Orioren lan «ona» aipatu du: «Aurretik doanean, presaka hasten gara arraunean. Ez daukagu kolpe segurua, eta zalantza piztuta daramagu». Uribarrenak gordin hitz egin du: «Gu ari gara estropadak galtzen, ez garelako lehiatzen ari. Oriorekiko errespetu osoz esaten dut, sekulako lana ari baitira egiten, arraunean asko eginez».

Arlo psikologikoa aipatu du segituan: «Ikusten ari gara entrenamenduetan ateratzen zaigula gure arraunketa, baina gero, estropada askotan, ez. Burua galtzen dugu ondorioz, eta ez gara altxatzen. Zurrunbilo horretan sartuta gaude».

«Badu konponbidea»

Nahi eta ezin horretatik atera nahian ari dira taldearen barruan. Lortuko duten uste sendoarekin ari ere: «Gugan dago konponbidea», esan du Uribarrenak. «Jarrera aldatu behar dugu. Ikusi da neguan trainerua ibili egin dela taldeko edozein arraunlarirekin, eta konfiantza hori berreskuratzea falta zaigu».

Etxabek ere talde barrura begiratu du argi bila: «Orain ez naiz hasiko neurriak-eta aldatzen. Arraunlariak lekuz mugituz ari naiz saiatzen». Bestelakoan, buruari egin dio aipamena: «Arazoa hor dago, presioa edo ez presioa dela. Edozein arazo txiki sekulakoa bihurtzen zaigu. Lasaitasuna behar dugu, eta horren bila ari naiz oraintxe. Konfiantza berreskuratu behar dugu». Berak taldearengan galdu ez duen hori: «Oraindik garaiz gaude geurea emateko, badut konfiantza arraunlariengan».

Egindakoa eginda daudela onartzea ez da helduleku txarra izaten gehiago ez korapilatzeko, eta datorrenari begira jarrita daude biak: «Estropada garrantzitsuak datoz orain». Liga irabazteko aukera ez dute galduta, eta aukera dagoen artean, jarraitu egingo dute: «Segitu beharra dago, ezin da ilusioa galdu. Talde ona dugu», esan du Etxabek. Uribarrenak ere indartsu amaitu du: «Bolada ona hartzen badugu, liga irabaztea ez dugu aparte izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.