Lider izateak baditu bere alde onak eta txarrak. Lider batek nagusitasuna islatzen du, eta besteen gainetik dagoela erakusten du. Baina, rol horrek ardura handia dakar berarekin, eta askotan, presio egoerei aurre egiteko beharra izaten da. Horrela ekin zion Hondarribiak asteburuari: Eusko Label Ligako lider zela eta fokuak gainean zituela. Ez zuen modu berean amaitu, ordea; izan ere, Urdaibaik aurreratu egin du sailkapenean, eta puntu baten aldea dago orain bi oilarren artean.
Denboraldiko lehen bandera irabazita eta liderraren maillota soinean zuela iritsi zen Hondarribia Sestaoko estropadara. Azken bi aldietan nagusi izan zen, eta bandera irabazteko aukera handiak zituen Ama Guadalupe- koa-k. Beñat Egiazuk (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) ondo daki sailkapeneko lehen postua lortzeak zer zailtasun dituen, baina, haren ustez, larunbatean estropada ona egin zuten. «Ez ginen gustura tokatu zitzaigun kalearekin, baina uste dut txukun aritu ginela. Agian sari gutxi jaso genuen. Azkeneko luze erditik aurrera, bi puntu joan zitzaizkigun, eta pena horrekin geratu ginen. Bermeorekin borrokan aritu ginen, baina, azkenean, Zierbenak ere aurre hartu zigun».
Igandekoa ere antzera joan zen, eta berriro Urdaibairen ondoren heldu ziren helmugara. Egiazukesan du Bou Bizkaia-k «beste martxa bat» zuela. «Luze guztietan izan ziren gure aurretik, tarte txikiarekin izan bazen ere. Gaitasun handia erakutsi zuten; egoerara ondo moldatu ziren. Aurkariak onena ematen duenean, eta dena ondo ateratzen zaionean, nahiz eta zurea ondo egin, batzuetan ezin duzu irabazi».
Ez da kasualitatea Urdaibaik asteburuan egindakoa. Denboraldiaurretik erakusten ari dira zer egin dezaketen, eta Egiazuk badaki zein den aurrean daukaten aurkaria. «Urdaibain aurten oso arraunlari onak elkartu dira. Adibidez, Salsamendirekin aritutakoak, Kaiku goian zegoenean han ibilitakoak, eta Santurtzin duela gutxi izandakoak. Sekulako gaitasuna duten taldea dira. Horrek ez du esan nahi guk ez ditugunik tresnak haiei aurre egiteko, baina oso ondo hasi dute denboraldia, eta bikain egin beharko dugu».
Puntu bakar baten aldean daude bi oilarrak, baina bizkaitarrek hiru bandera gehiago dituzte. Hori ere bada Hondarribiaren indargune handiaren isla: astero erakusten duten erregulartasuna. «Egia da oraindik bandera bakarra irabazi dugula, baina irabazi egin digutenean, ez dizkiegu gauzak erraz utzi, eta horrek banderen lehian egoteko aukera eman digu. Ez ditugu puntu asko galtzen, eta aurkari gogorra izaten saiatzen gara».
Lidergoak gutxi iraun dio Hondarribiari oraingoan, baina aurrerantzean gertatuko den dantzaren parte da. Urdaibaik giharra erakutsi du, baina Egiazuk pentsatzen du Ama Guadalupekoa-k «gehiago» eman dezakeela. «Astetik astera gauza txikiak ari gara hobetzen, eta autokritika egiten dugu. Irabazten dugunean ere saiatzen gara hobekuntzak egiten. Asteburu honetan, sentsazio aldetik, agian onena eman dugu arraunketari dagokionez, baina saririk gabe joan gara. Bide honetatik jarraituz gero, seguru nago abuztura ondo iritsiko garela, eta irailera zer esanik ez».
Egiazuk gogoan du iaz Getarian zer gertatu zitzaien. Lehia betean jarraitzeko, eta liga irabazi ahal izateko, huts ez egitearen garrantzia azpimarratu du: «Hutsegiteek puntu galera handia ekarri ohi dute. Edozein estropadatan erabaki daiteke liga, norbaitek huts handi horietako bat egiten badu».
Arrauna
Ezin hutsik egin
Asteburuko bi estropadak irabazi ditu Urdaibaik, baina gainean dauka Hondarribia, eta borrokan jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu