Arrauna

Bikain hasi dira

Ezustez betetako asteburuan, Zierbena eta Arraun Lagunak gailendu dira denboraldiko lehen banderan. Coruñako itsasoak edozer gerta daitekeela erakutsi du berriro ere.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, herenegun, Coruñako Bandera irabazi berritan. AITOR ARRIZABALAGA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Coruñako urek beti gordetzen dituzte ezusterik handienak. Denboraleak, itsaso zakarrak eta gehiegizko arriskuak bertan behera utzi zuten lehen jardunaldia. Bigarrenerako ere ez ziren baldintza hobeak espero, eta estropada eremu harrigarria utzi zuen. Hala ere, traineruak itsasoratzeko egoera hobea zen, eta, gauzak horrela, hasiera eman zitzaien Eusko Label eta Euskotren ligei. Zierbena, eta Arraun Lagunak nagusitu ziren hurrenez hurren. Bi traineruek, nagusitasunez irabazi zituzten bere txandak, eta gainontzekoek ez zuten modurik izan haien denborak hobetzeko.

«Asteburu arraroa» izan zen Marcos Gonzalezentzat (Castro Urdiales, Espainia, 2000). Zierbenako harrobiko arraunlariak dio larunbatean gertatutakoa «kaosa» izan zela, eta igandean ere «beldur» izan zirela, arraun egin gabe geratuko zirelakoan.

Azkenean, izan zuten lehiatzeko aukera, eta ongi aprobetxatu gainera. Bigarren txandatik aterata, bikain egin zuten beren lana galipoek, eta estropada handia osatu zuten. «Bagenekien aukera ona izan zitekeela bandera irabazteko. Lehen luzean, Oriok eutsi egin zigun, haiekin egon ginen, baina burua hotz izan genuen, txopan min egingo genuela jakinda. Bigarren luzean haietaz aldendu, eta ahalik eta minik handiena egiten saiatu ginen».

Txanden arteko desberdintasuna agerian geratu zen, eta itsasoak gehiago zigortu zituen ontzi batzuk besteak baino.«Gure hirugarren luzearen ondoren, haizea handitzen ari zen, eta, bukatzerako, baldintzak okerrera joan zirela nabaritzen ari zen».Egoera horretan, Zierbena «hasieratik ahalik eta gehien ematen» saiatu zen, eta itzuliko luzeetan erabaki zuten estropada beraien alde.

Poza hartu zuen beste taldea Arrraun Lagunak izan zen. Donostiako taldeak nagusitasunez menderatu zuen lehen txanda, eta, orain arte aurkitu ez duen jarraitutasunaren bila, Euskotren Ligako lehen bandera bereganatu zuen. Xubane Uribarrenak (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999) «argi» zuen beren txanda irabazi behar zutela, baina batez ere, «gozatu» egin nahi zutela. «Badakigu taldea zein egoeratan dagoen, eta Coruñan postu txukun bat lortu nahi genuen. Arraunketaz disfrutatzen ari ginen, eta paladaz palada menderatzen. Gure lana eginda, emaitza biribila lortu genuen. Baina hankak lurrean ditugu, hasi besterik ez garelako egin».

Haientzat ere antzekoak izan ziren baldintzak. «Haizeak alde guztietatik» jotzen zien, eta olatuek ere ez zieten atsedenaldirik ematen. «Barruko eremu horretan moldatzea bazegoen, baina oso mugituazegoen itsasoa, eta hondartzaren babesetik at, baldintzak txarrak ziren».

Lehen aldiz bi txanda egoteak ikusmin handia sortua zuen arraunlarien artean. Coruñako itsaso zakarra zen hori ikusteko agertokirik onena, eta bistara geratu zen bi txanden arteko denbora desberdintasuna. Uribarrenaren hitzetan, «denboraldian zehar ikusiko den fenomenoa izango da».

Lehen bandera honek «konfiantza» eman die talde irabazleei. Asteburuko bi estropadak, gainera, beren etxean jokatuko dituzte, Donostian larunbatean etaZierbenan (Bizkaia) igandean. Bi arraunlariek argi dutexedea: «Zaleei garaipena eskaintzea» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.