SOSLAIA. Primoz Roglic

Harrapakari zitalenaren antzera

LUCA ZENNARO / EFE.
BeƱat MujikaTelleria
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Betirako izango du gogoan Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) Lussari mendia. Erakustaldia emanda, eta ezbeharrei aurre eginda utzi zuen erabakita 2023ko Italiako Giroa; lehena du. Zango indartsuak eta gorputzaldi ona behar izaten ditu txirrindulari batek hiru asteko itzuli bat irabazteko. Baina ez hori bakarrik. Zortea ere behar izaten du. Hori da orain arte Roglicek alde izan ez duena. 2019an, maglia arrosa jantzita zeukala erori egin zen, eta goi mendian pedal kolpea aurkitu ezinda aritu zen. Azkenean, Richard Carapazek kendu zion lidergoa. Dena alde zeukan esloveniarrak, baina 11 egunetan sei minutu baino gehiagoren aldea aterata ostu zion lehen postua ekuadortarrak. Hurrengo urtean, berriz, Frantziako Tourra azken-aurreko egunean galdu zuen, Tadej Pogacar herrikidearen mesedetan. Zale guztien memorian gelditu dira Roglicen txakalaldia eta Pogacarren erakustaldia Planche des Belles Filleseko kronoigoeran.Bidean gelditu dira beste hainbat eroriko eta ezbehar, garaipen handietatik aldendu dutenak.

Patuak, baina, egun handia gordeta zeukan. Herenegun, 2020ko eskarmentutik ikasitakoa jarri zuen praktikan. Une egokia iritsi arte itxaron ohi dute harrapakari zitalenek harrapakinaz jabetzeko. Hala egin zuen Roglicek. Azken egunera arte itxaron, azken kilometroetan indarrez hustu, eta Italiako zerua ukitu zuen. Gertu izan zuen une garrantzitsuenetan izan ohi duen ezbeharra, baina, oraingoan, patuak haren alde egin zuen.

Atzo jokatu zen azken etapa Erroman, festa giroan. Mark Cavendish (Astana) nagusitu zen. Irabazle handia, baina, atzerago zegoen, maglia arrosarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.