KRITIKA. Opera

Gerra guztien aurka

War Requiem operaren emanaldiaren agerraldi bat. ERIK BERG / ARRIAGA ANTZOKIA.
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

'War Requiem'

Egilea: Benjamin Britten. Musika zuzendaria: Erik Nielsen. Eszena zuzendaria: Calixto Bieito. Abeslariak: Natalia Tanasii, Rolf Romei, Thomas E. Bauer, Bilboko Koral Elkartea eta Haurren Korua. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Arriaga antzokia, Bilbo. Eguna: Ekainaren 23a.

Benjamin Britten XX. mendean Ingalaterrak izan duen konpositorerik onena izan da, eta baita bakezale porrokatua ere, horrelakorik debekatuta zegoenean. 1961an War Requiem konposatu zuenean, honakoa aldarrikatu zuen: «Nire gaia gerra da, eta gerrak sortzen duen sufrimendua. (...) Gaur egun, poeta batek egin dezakeen gauza bakarra ohartaraztea da». Zoritxarrez, nazioarteko gerra-jauntxoek jaramon gutxi egin diotela dirudi, baina horixe da gaur egunera arte musika klasikoan gerraren aurka egin den salaketarik gogorrena.

Horretarako, partitura sinfoniko koral bat asmatu zuen, musikaren tradizioan izan den requiem katolikoaren egitura hartuta eta Wilfred Owen poeta bakezalearen bederatzi poema tartekatuta, maila biak modu bortitzean kontrajartzeko, hala musikan nola testuetan. Hori guzti hori, benetako gerraren triskantzaren eta txikizioaren aurrean erlijioaren eta gizartearen zati baten diskurtso zinikoa salatzeko. Musikari dagokionean, argi daude Bachen pasioen nahiz Verdiren requiemen eraginak, bai lanaren egituran zein ehundura, dentsitate eta koloreetan.

Bada, Bilbon aurkeztu den War Requiem-en bertsioak —Espainiako estatu mailako estreinaldiak— ezabatu egin ditu aurretiaz nituen bi zalantza: batetik, operaren formatuaren ingurukoa, eta bestetik, antzokiaren dimentsioari buruzkoa. Izan ere, Brittenek ez zuen lan hau opera gisara asmatu, requiem zibil legez baizik, kontzertu moduan emateko. Ez dugu ezagutzen Basilean 2014an opera formatuan berritxuratu zuen egilea, eta beldur ginen eszenaren sentsualtasunak difuminatu egingo ote zuen testuen gordintasuna, ikuslearen arreta beste leku batera eramanez. Baina, zorionez, konpositorearen diskurtso bakezalearen irakurketa leiala egin dute Calixto Bieito eszena zuzendariak eta Susana Gschewender eszenografoak, eszenako jokoaren bitartez; hau da, bi planotan jarri dituzte gerrek eragiten duten sufrimendua eta gerren sostengatzaile ideologikoen zinismoaren salaketa. Ondo aprobetxatu dute eszenatokiaren eremu zabala Coventryko elizaren beiratezko habearte osoa irudikatzeko, eta, musikaren egiturari jarraituz, bi eremutan jarri dituzte abeslariak: batetik, ikusleekin aurre-aurre hiru protagonistak, mekanotubo gainean zegoen ganbara orkestrak lagunduak izateko; eta bestetik, atzeko eremuan, koruko ehun kide baino gehiago —helduak eta haurrak zenbatuta—, orkestra handiak lagunduta. Bi guneen artean orkestrarekin lubaki moduko bat eginez eta aurrealdeko jesarleku batzuk kenduta moldatu zuten juxtu-juxtu behar zuten esparru eszenikoa, nahiz eta estu ibili batzuetan. Alderdi negatiboen artean, aipatzeko moduko bakarra da saioaren amaiera aldera publikoaren kontra jarri zuten foku indartsua: horren eraginez, ikusleok, itsuturik, ez genuen ikusten eszenan gertatzen zena.

Musikaren arloan, berriz, abeslariek eta musikariek goi mailari eutsi ziotela onartu behar da, izatez nekagarria eta urratzailea den Brittenen partitura honetan. Erik Nielsen zuzendariak, behealdeko lubakitik, oso ondo interpretatu eta kontzertatu zuen maila desberdinetan eta barreiaturik zeuden taldeak.

Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek beren onena eman zuten, disonantziak ondo nabarmenduz eta partituraren koloretasun guztiak agerian jarriz. Bilboko Koral Elkarteko kideek, askotan sakabanaturik, abestaldi ederra egin zuten testu liturgikoan zehar, orkestra handiaren laguntzarekin, ez bakarrik pianissimoetan, baita zati fugatuetan ere —Quam olim Abrahae izenekoan, esaterako—, eta txukun aritu ziren antzez moduetan ere. Umeen koroak, zalantzakor hasi arren, sendo abestu zuen In paradisum zatia, organoaren akonpainamenduarekin, beste mundutik datorren talde liturgiko bat balitz bezala.

Abeslari bakarlarien kasuan, eskarmentu handia azaldu zuten denek kantu garratzean eta antzez moduetan. Natalia Tanasii sopranoak larritasuna, errua eta otoitza haizeratu zituen bere ahots indartsu eta nabarduraz betearekin, testu liturgikoa abestuz. Rolf Romei tenorrak eta Thomas E. Bauer baritonoak sendo abestu eta antzeztu zituzten Owenen poemak, piztiak bezala akabatuak izan ziren soldadu etsaien roletan, ganbara orkestraren laguntzarekin, gerrarekiko gorrotoa aldarrikatuz.

Azkenerako, aurrez ere oso emana zegoen publikoak ia hamar minutuko txalotzearekin eskertu zuen operaren estreinaldi ziragarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.