Bihartik aurrera hamabi idazleren narrazio sorta bat plazaratuko du BERRIAk

Euskal idazleak, katalanak eta galegoak arituko dira 'Uda batez Galeuscan' seriean. Danele Sarriugarte izango da lehena

Danele Sarriugartek abiatuko du narrazioen katea, bihar. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iaz hasitako bidetik, euskaraz, katalanez eta galegoz sortutako narrazioak argitaratuko ditu BERRIAk igandero, udan, Kataluniako Vilaweb eta Galiziako Nós hedabideekin elkarlanean. Uda batez Galeuscan saila izango da elkarlan horren plaza: bertan plazaratuko ditu narraziook, astero; hamabi idazleren pieza bana guztira: herrialde bakoitzeko lau. Hedabide bakoitzak bere ohiko hizkuntzan argitaratuko ditu ipuinok, jatorrizkoak nahiz itzulpenak. Bihar hasiko du katea egunkari honetan Danele Sarriugartek, Ulertzen? izenburu duen narrazioarekin.

Haren ondotik etorriko dira Unai Elorriaga, Joxemari Iturralde eta Goiatz Labandibarren lanak. Merce Ibarz, Biel Mesquida, Bel Zaballa eta Esperança Camps dira egunkari honek euskaraz emango dituen katalanezko lanen egileak. Letra galegoen ordezkari, uda honetan, Emma Pedreira, Marica Campo, Sechu Sende eta Daniel Asorey izango dira.

Iaz bezala, aurten ere ilustrazio batek lagunduta argitaratuko da testu bakoitza Uda batez Galeuscan sailean. Euskarazko narrazioak Martin Altzueta Martintxo-k jantziko ditu; katalanezkoak, Tere Guixek; eta galegozkoak, Emma Pedreirak. Ipuin bat ere idatzi du azken horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.