Betis 4-0 Alaves

Karta gaztelu bat balitz bezala

Alavesek astindu handia hartu du Betisen zelaian, eta ezerezean gelditu zaio Mendilibarrekin lortzen ari zen hobekuntza. Atsedenaldira iristerako galdua zuen partida, atzean huts larriak egin ondoren

Betiseko jokalariak, hirugarren gola ospatzen. Martin Agirregabiria ageri da, burumakur. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
1-0. Borja Iglesiasek (11. min.) 2-0. Canalesek (28. min.) 3-0. Borja Iglesiasek (41. min.). 4-0. Juanmik (54. min.).

Mailari eusteko kapaz izango den talde bat eraikitzeko helburua du Jose Luis Mendilibarrek Alavesen. Erronkari bide onetik ekin zion, Realaren eta Athleticen kontrako derbietan puntu bana lortuta. Abiapuntu egokia zen, pixkanaka emaitzaz eta jokoz gora egin eta egitura sendo eta lehiakor baten zutabeak finkatzeko. Gainera, teknikari bizkaitarrak taldearen lanketan sakontzeko aukera izan du azken aste eta erdian, Alaves Kopatik kanpo egonik. Bada, arabarrak atzo itzuli ziren lehiara, Betisen zelaian, eta karta gaztelu bat balira bezala amildu ziren: azkar eta erraz. Putz egin zien Manuel Pellegriniren taldeak, eta ezerezean gelditu ziren gasteiztarren hobekuntza zantzuak. Astindu handia jasota itzuli ziren etxera, eta berriz ere hutsetik hasi beharrean.

Javi Callejaren aroko partidarik txarrenetan bezala jardun zuen Alavesek. Ikaragarri hauskorra izan zen defentsan, eta sekulako zailtasunak izan zituen aurkaria estu hartu eta jokaldi arriskutsuak sortzeko. Betis, ordea, hanpatuta zegoen, Sevillari polemikaz blaitutako derbian irabazi ondotik. Eta nahieran aritzeko aukera eman zioten Mendilibarrenek. Hasi eta buka gailendu ziren etxekoak, eta, lau golen aldearekin irabazi zuten arren, markagailua motz gelditu zitzaien. Bere egin zuten baloia epaileak txistua jo orduko, eta hankapean ibili zuten Alaves. Aurkariari segika pasatu zuen partida Arabako taldeak, erabateko ezintasunez.

Lehen kolpea 11. minutuan jaso zuen, Fekirrek motzean ateratako falta batean. Canalesek erdiraketa zehatz bidali zuen areara, eta Bojar Iglesiasek burukada itzel batekin sareratu zuen baloia. Ezer gutxi egin zezakeen Pachecok. Ordea, atzelariek gehiago egin zezaketen errematea eta, batez ere, erdiraketa oztopatzeko. Erraztasun handiak eman zituzten arabarrek, eta bigarren gola ere horren erakusgarri izan zen. Canalesek deabrukeriak egin zituen baloia ukitu zuen ia aldi bakoitzean, eta Pachecoren ateko armiarma sareak kendu zituen 28. minutuan. Lerro artean oso bakarrik jaso zuen baloia, eta, gero, erdiko pasabidea hutsik topatu zuen area ertzera iritsi, eta atearen goiko izkinara jaurtiketa zoragarria egiteko. Oso gol plastikoa izan zen, eta guztiz apurtu zuen Alavesen kristalezko egitura. Ate barruan bukatu zuten atera egin zizkioten lehen bi jaurtiketek.

Beste hainbat egin zituen gerora Betisek, eta atsedenera iristerako utzi zuen erabakia norgehiagoka, Miazgaren hanka sartze handi bat baliaturik. Atzelariak atezainarekin jokatu nahi izan zuen, tartean Iglesias zegoela jakin gabe. Oparia jaso, eta ez zuen hutsik egin Betiseko aurrelariak. Juanmi laugarrena sartzear izan zen lehen zatiko azken aukeran, baina ez zuen lortu baloia Pachecoren gainetik loratzerik. Amesgaizto hutsa ari zen bizitzen Alaves. Ahal izan balu, atsedenean bukatuko zuketen norgehiagoka.

Suspertzeko imintziorik ez

Haatik, bigarren zati osoa gelditzen zitzaion aurretik. Eta zigorra handitu besterik ez zen egin. Mendilibarrek Manu Garcia, Pina eta Tachi zelairatu zituen aldageletatik bueltan, eta, berehala, Javi Lopez atera behar izan zuen zelaia ohatilan utzi zuen Duarteren ordez. Aldaketak aldaketa, Alavesek ez zuen suspertzeko imintziorik egin, eta 54. minutuan, 4-0ekoa jaso zuen; orduan bai, Juanmik asmatu egin zuen baloia Pachecoren gainetik bidaltzen.

Etxekoek hanka altxatu zuten. Fekir ligako goletako bat egitear izan zen, bolea ikusgarriaz, baina baloiak langa jo zuen, eta, gainera, jokoz kanpo zegoen. Alaves, berriz, une oro izan zen neurketatik at, eta golez eta kezkaz josita hartu zuen etxerako bidea. Igandean, Bartzelona hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.