LAS PALMAS 0 - 0 REALA

Hegoak ebaki dizkio

Ohiko jokorik eta nortasunik gabe aritu da Reala Las Palmasen zelaian, eta, azkenerako, emaitza izan du albisterik onena. Remiro izan da txuri-urdin onena

Realeko Martin Zubimendi eta Las Palmaseko Sandro Ramirez, atzo, baloia eskuratzeko lehian. QUIQUE CURBELO / EFE.
jon eskudero
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mikel Laboa zenaren kantuak dioen bezala, hegoak ebakiz gero ez dago gehiago txoria izaterik. Bada, Reala ere ez da betikoa denboraldi hasiera honetan, ezta gutxiagorik ere. Besteak beste, atzo ohiko joko eta nortasunetik urrun agertu zen, hegoak ebaki baitzizkion nork-eta Las Palmasek. Partida kezkagarria jokatu zuten txuri-urdinek, lehen zatian batez ere, eta emaitza bera izan zuten albisterik onena. Las Palmasek hiru bider bidali zuen baloia langara, eta, horrez gain, Remirok bere bertsiorik onena plazaratu behar izan zuen. Aparteko geldiketak eginda, hura izan zen txuri-urdinetan onena. Azken minutuetan, garaipena lortzeko aukera on batzuk izan zituen Imanolen taldeak, baina ezin ezkuta daiteke sasoi onetik urrun direla donostiarrak, jokoz zein fisikoki. Zenbakiek ez diote gezurrik, eta jokoan izandako bederatzi puntuetatik soilik hiru batu dituzte. Horrez gain, sentsazioak txarrak izan dira.

Sasoiko lehen garaipena lortzeko baikor zegoen Imanol neurketaren atarian, eta, hasierako hamaikakoari erreparatuta, bazen horretarako motiborik. Izan ere, Mikel Merino, taldearen gidaria, prest zegoen denboraldiko lehen minutuak jokatzeko. Ordea, nafarraren presentziak ez zion mesederik egin taldeari. Las Palmas nahierara aritu zen: ez zuen arazorik izan baloia ezker-eskuin mugitzeko, eta presioan ere baloi asko eskuratu zituen. Hortik iritsi zitzaizkion gol aukerak. Sandrok, esaterako, langara bidali zuen baloia bosgarren minutuan. Eta gauza bera egin zuen Loiodicelek hortik hamar minutura: areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzak langa jo zuen, Remirok baloia hatzekin ukitu ondoren. Suarekin jolasten zebiltzan txuri-urdinak, eta mirariz ez ziren kiskali. Ezin zuten jokorik kontrolatu, ez baitziren gai baloia oinetan izateko, eta estrategia jokaldietan ere sufritu egin zuten. Korner batean, etxekoek gertu izan zuten gola.

Esanguratsua izan zen, adibidez, Zubimendiren eta Remiroren arteko jokaldia, atsedenaldiaren atarian. Erdilariak atezainari eman behar zion baloia, beste askotan bezala, baina biek ez zuten elkar ulertu, eta baloia kornerrera joan zen azkenean. Bistakoa zen konfiantza erabat galduta zegoela Imanolen taldea, eta, horregatik, atsedenaldian aldaketa bikoitza egin zuen entrenatzaileak. Sadiq eta Oiartzabal zelairatu zituen Carlos Fernandez eta Barrenetxearen ordez. Gutxienez, bigarren zatiaren hasieran ez zuen hainbeste sufritu Realak. Jokoaren kontrol handiagoa izan zuen, jokalariak hobeto kokatuta baitzeuden zelaian. Gainera, erasoan Oiartzabalek pare bat agerpen on egin zituen, baina abiadura eta inspirazioa falta izan zitzaizkion min egiteko.

Azken txanpan, hautsi egin zen lehia, eta bi areetan nabaritu zen arriskua. Zubimendik oso gertu izan zuen gola, buruz, baina beste aldean ere hirugarren aldiz langara bidali zuen baloia Las Palmasek. Zakharian errusiarrak debuta egin zuen txuri-urdinekin, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen bere taldearen jokoa hobetzeko. Berdinketa ontzat jo zuen Imanolek amaieran, baina, ezbairik gabe, taldeak badu zer hobetua. Larunbatean izango du lehen garaipena lortzeko aukera: Granada hartuko du etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.