Reala 2-0 Celta

Usoek hegan egiten duten eran

Realak aise irabazi dio Celtari, eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan da. Estutasunik ez dute izan donostiarrek, eta Oiartzabalen eta Januzajen gol bana baliatu dute kanporaketa gainditzeko

Mikel Oiartzabal, gola ospatzen, atzo, Anoetan. Hark sartu zuen partidako lehen gola, eta Adnan Januzajek bigarrena. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek (9. min.). 2-0: Januzajek(26. min.). Epailea. Iglesias Fernandez. Ez zuen txartelik atera. Bestelakoak. 21.336 ikusle Anoeta estadioan.

Azkar eta ondo. Halaxe egiten omen dute hegan usoek, eta gisa horretara sailkatu zen atzo Reala Espainiako Kopako final-zortzirenetarako. Lehen ordu erdia igaro zenerako bi gol eginda zituzten donostiarrek, eta ez zuten estualdirik igaro Celta mendean hartzeko.

Hasi, bizkorrago hasi ziren galiziarrak, baina berehalakoan apaldu zitzaizkien asmoak, partida irabazteko xedez ekin baitzion Realak. Agerian utzi zuen hori Asier Garitanoren aukeraketak; txuri-urdinak jokalari onentsuenekin zelairatu ziren, eta nahikoa izan zituzten bederatzi minutu markagailuan aurretik jartzeko. Mikel Oiartzabalek egin zuen lehen gola. Korner bat atera zuen Realak, eta ukabilekin urrundu zuen baloia Sergio Alvarez Celtako atezainak. Oiartzabali iritsi zitzaion aldaratzea; eibartarrak bularrez egin zuen kontrola, eta baloia lurrera erortzen utzi gabe jaurti zuen. Gol ederra sartu zuen, eta taldeari bidea erraztu zion.

Golak bizitu egin zuen txuri-urdinen jokoa. Illarramendi gidari hartuta, Celtaren areara erraztasunez gerturatzen hasi zen Reala, eta pixkanaka aukerak sortzeari ekin zion. Agerikoa zen Oiartzabalen gola ez zela kasualitate hutsa izan.

Neurketak aurrera egin ahala beren nagusitasuna sendotu egin zuten txuri-urdinek. Erreskadan sortu zituzten aukerak, eta haietako batean bigarren gola egin zuen Adnan Januzajek. Bere kalitatea baliatu zuen Realaren abantaila areagotzeko. Eskuin hegalean jaso zuen baloia belgikarrak, barrurantz egin zuen, eta jaurtiketa indartsu batekin Sergioren ateko eskuadratik sartu zuen baloia. Kanporaketa gainditzea eskura jarri zitzaion Realari.

Nagusitasunez

Hurrengo ordu laurdenean ere aise aritu ziren Garitanorenak, eta aldeak areagotzeko aukera gehiago izan zituzten. Juanmiren saiakera bat izan zen horren adibide; Celtaren ate aurrean bakarrik geratzear zela elastikotik heldu zion Cabralek, epaileak ez zuen ezer adierazi, eta ezerezean geratu zen aurrelariaren ahalegina.

Gauzak horrela, ogitartekoa atsedenaldirako utzi zuten zaletuek ederki gozatu zuten afariaz. Maila ona eskaintzen ari ziren donostiarrak, eta erraz aritu zen Celtaren aurka. Lehendabiziko zatian, bederen. Izan ere, bigarrenari gose gehiagorekin heldu zioten galiziarrek. Beste aukerarik ez zuten; bi gol behar zituzten, gutxienez, aurrera egiteko. Hala, gutxika partidaren pisua bere egiten hasi zen Celta, suspertuko zuen gol baten bila.

Bisitariek zuten baloiaren jabetza, eta zelaian metroak irabazten ari ziren Miguel Cardosok prestatutako jokalariak. Azkar erreakzionatu zuen Garitanok; zelai erdian nagusitzeko asmoz, Bergarakoak Igor Zubeldia sartu zuen David Zurutuzaren ordez. Bere horretan jarraitu zuen Celtak, baina benetako arriskurik sortu gabe.

Erasoari emana zegoen Celta, eta Cardosok kale edo bale egin zuen apustu Maxi Lopez eta Iago Aspas sartuta. Kalekoa atera zitzaion. Saiatu arren, eroso zeuden donostiarrak, eta azken minutuetan beste gol bat egitetik gertuizan ziren. Zaleek Mikel Laboaren Txoria Txori abestuz agurtu zuten taldea; usoen gisan egin zuen hegan Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.