Reala 1-1 Levante

Kontrako eztarritik

Realak eta Levantek berdindu egin dute Anoetan; partidaren zatirik handienean aurretik izan dira etxekoak. Adnan Januzajek denboraldiko lehen gola egin du

Geronimo Rulli, baloiarekin egin nahian. Levanteren golean ezer egin ezinik geratu zen atezain argentinarra. JUAN HERRERO/EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Januzaj (27. min.). 1-1: Mayoral (79. min.). Epailea. Cordero Vega. Txartel horiak: Realeko Sandrori eta Merinori; eta Levanteko Vezori eta Chemari. Bestelakoak. 20.605 ikusle Anoetan.

Desertuan ura baino desiratuagoa. Halakoxea zuen Realak Levanteren aurkako garaipena, baina kontrako eztarrik joan zitzaion tragoa. Partidaren zatirik handienean irabazten joan ziren donostiarrak, eta bazirudien bi neurketako lehortearen ostean garaipena eskuratzeko moduan izango zirela. Irudipen hutsa izan zen.78. minutuan estrategia jokaldi bat baliatu, eta berdinketaren gola egin zuen Levantek. Puntu banaketarekin amaitu zen norgehiagoka.

Hasi, ondo hasi zen Reala. Distirarik gabe, baina sendo. Adnan Januzajek bere bizkar hartu zuen taldearen pisua, eta hark eman zion partidari distira apurra, berea duen estiloa baliatuz bizitu egin baitzuen txuri-urdinen jokoa. Eskuin hegaletik abiatuta zoratu egin zituen Levanteko atzelariak, eta bere taldeak handik sortu zuen arriskurik gehiena. Ez hori bakarrik; sasoiko lehendabiziko gola sartu zuen belgikarrak, eta aurretik jarri zituen txuri-urdinak.

Ezker hegaletik abiatutako jokaldi batean izan zen. Theo Hernandezek erasoari ekin, eta hormarena egin zuen Mikel Oiartzabalekin. Eibartarrak itzuli egin zion baloia, eta frantziarraren erdiraketa sareetara bota zuen Januzajek. Zailena egina zuen Realak. Hurrengo minutuetan erasoan segi zuten Alguacilenek, eta atsedenaldira joan aurretik bigarrena sartzetik gertu izan ziren. Sandro Ramirez izan zen gola gertuen izan zuena. Aspaldiko ondoen aritu zen kanariarra, eta aukera ugari izan zituen zelaian izan zen 67 minutuetan.

Zortzigarren 'moxala' da

Berdinketaren gazia gozatu zuen bakarra Ander Gebararen debuta izan zen. Alguacilek hasieratik aritzeko aukera eman zion, eta erdilariak estreinako neurketa jokatu zuen lehen mailan. Ondo egin zituen bere lanak: zelai erdia indartu eta taldekideei bidea erraztea zen bere egitekoa, eta ondo moldatu zen horretan. Sasoi honetan Realarekin debuta egin duen harrobiko zortzigarren jokalaria da Gebara.

Harrobiko beste jokalari batek, jon Bautistak, gertu izan zuen bogarren gola 75. minutuan. Levanteko atzelariei izkin egin zien Errenteriakoak, eta haren jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Ederki madarikatu zuten jokaldi hura txuri-urdinek; hurrengo jokaldian erasora egin zuten bisitariek, eta, aldeko korner bat probestu ostean, berdinketaren gola egin zuen Mayoralek.

Azken minutuetan zoratu egin zen partida, eta garaipenaren bila joan ziren bi taldeak. Ez zitzaien axola nola lortu hiru puntuak eskuratzea ahalbidetuko zien gola. Aritz Elustondok izan zuen aukera argiena, baina alferrik. Ordurako kaltea egina zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.