Reala 3-0 Cadiz

Realak Europan jokatuko du

Txuri-urdinek irabazi egin diote Cadizi Anoetan, eta, gutxienez, Konferentzia ligan aritzea ziurtatu dute. Lehen zatian ondu dute garaipena, eta bigarrenean lotu. Cadizek galtzeak arnasa eman dio Alavesi

Realeko jokalariak, Portuk sartutako gola ospatzen, partidako hirugarrena. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
1-0. Sorlothek (19 min.) 2-0.Januzajek, penaltiz (53. min). 3-0.Portuk, penaltiz (96. min).

Reala Europan ariko da, hirugarren urtez segidan. Cadizi irabazita ziurtatu du. Horixe zuen atzoko egitekoa, eta aise lortu zuen. Estutasunik gabe gailendu zen Anoetan (3-0), eta urratsa egin du.Orain, txapelketaren izena jakitea falta zaio: Europa liga edo Konferentzia liga. Lehendabizikoa izatea nahi dute; igandean erdietsi dezakete hori, Vila-real aurkari zuzenaren etxean. Atzo, Unai Emeryren taldeak irabazi egin zuen Rayoren zelaian: 1-5. Bi jardunaldiren faltan, hiru punturen aldea du Realak.

Imanol Alguacil entrenatzaileak zera esan zuen Cadizen aurka jokatu bezperan: «Partidaz partida egin behar dugu lan». Esan eta egin. Txuri-urdinak gogotik aritu ziren irabazteko. David Silvaren gidaritzapean egin ere. Hura izan zen neurketako onena.

Reala luze gabe aurreratu zen markagailuan. Alexander Sorlothek egin zuen estreinako gola, 19. minutuan. Hasierako saialdietan nola, Silvak sortu zuen aukera. Lerro arteko pasea eman zion Sorlothi, eta norvegiarrak, indarrez, sareetara jaurti zuen baloia. Maila handiko erremate bat eginda aurreratu zuen Reala.

Hortik aurrera ere, erasoan aritu ziren donostiarrak. Ordea, Cadiz eraisteko bigarren gola falta zitzaien. Azkenaldiko joera nagusitu zen orduan; abaguneak izan bai, baina haiek baliatzea falta izan zitzaien.

Harik eta espainiarrek kontraerasora jo, eta gola sartu zuten arte. Oussama Idrissik jaurtiketa bikain batekin sareratu zuen baloia, baina epaileak ezerezean utzi zuen jokaldia, Tomas Alarconen jokoz kanpokoa adierazita. Hegalekoak eman zion goleko pasea.

Markagailuak bere horretan segitu zuen arren, jokaldi hori pizgarri izan zen Cadizentzat. Orduz geroztik, eta, atsedenaldira iritsi artean, Sergio Gonzalezen taldeak aurrerako urratsa egin zuen, eta estu hartu zuen Reala. Dena den, golik sartu ez, eta txuri-urdinak abantailarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere Cadiz hasi zen ondoen, baina Realak berehala eten zuen bisitarien erasorako grina. Silvak, beste behin, etxekoen jokoa antolatzeko modua egin zuen. Nahieran aritu zen: oraintxe lerro artean, oraintxe baloia gatibu hartuta. Hala, kontrarioaren arearaino egin zuen baloia oinetan zuela. Alarconek falta egin zion arean, eta epaileak penaltia adierazi zuen.

Adnan Januzajek ez zuen hutsik egin. Jeremias Ledesma atezaina engainatu, eta txuri-urdinen bigarren gola sartu zuen. 53. minutua zen, eta, ordurako, partida lotu samarra zuen Realak.

Azken ordu erdia emaitza kudeatzen igaro zuten Imanolek eta haren jokalariek. Teknikariak zenbait aldaketa egin zituen. Esaterako, Ion Guridi zelairatu zuen hiru puntuak lotzeko, eta Cristian Portu, berriz, erasoari bizitasuna gehitzeko.

Hortik ailegatu zen hirugarren gola ere. Silvak beste behin abiatutako jokaldi batean, Portuk berak jaso zuen baloia, eskuin hegalean. Azti ibili zen, jokoz kanpo ez geratzeko. Lortuta, zuzenean egin zuen Cadizen atera. Penaltia egin zioten, norgehiagokako bigarrena, eta Portuk berak sartu zuen. Bazuen horren beharra.

Azkenerako, Reala nagusitu zen zelaian eta markagailuan. Irabazita, Europa ziurtatu du, eta Alavesi lagundu dio. Gasteizko taldeak bizirik segitzen du. Cadizek irabazi izan balu, Bigarren Mailako taldea izango litzateke. Lau puntura du salbazioa. Igandean, Levanteri egingo dio bisita, eta Cadizek Real Madril hartuko du. Alavesek eta haren jokalariek bidaia eta sarrerak ordainduko dizkiete Valentziara joan nahi dutenei (Herrialde Katalanak). 400 lagunentzako tokia dago.

Alex Sola, 2026ra arte

Zelaian ez ezik, bulegoetan ere izan zen berririk Realean: Alex Solak 2026ra arte berritu du, eta lehen taldeko fitxa edukiko du. Harrobiko jokalariak 2019an egin zuen debuta, eta ordutik lau aldiz aritu da Imanolen aginduetara; haietatik bi, sasoi honetan. Solak belauneko meniskoko eta aurreko lotailu gurutzatuko haustura izan ditu azken urte eta erdian. Eskuin nahiz ezker hegalean joka dezake; atzean, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.