EUSKAL SELEKZIOA 3 - 0 TXILE

Serio jokatuta gailendu da

Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik eta Ane Miren Martinez de Lahidalgak sartu dituzte euskal selekzioaren hiru golak. Giroa ez da falta izan, baina zale gutxi bildu dira Mendizorrotzan

Nerea Eizagirre jaurtiketa bat egiteko, Txileren aurkako atzoko norgehiagokan. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
1-0. Nerea Eizagirrek(40 min.). 2-O. Amaiur Sarriegik (70. min). 3-0. Ane Miren Martinez de Lahidalgak (84. min.).

Euskal selekzioak beste behin erakutsi du, partida eta txapelketa ofizialak jokatzeko aukera izango balu, kontuan hartzeko moduko selekzioa izango litzatekeela. 3-0 gailendu zitzaion atzo Txileri, Mendizorrotzan. Partida lehiakor eta serio bat jokatu zuen, konplexurik gabe. Hasieratik joan zen garaipenaren bila. Golegileak Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Ane Miren Martinez de Lahidalga izan ziren. Realeko bi jokalariak ase ezinak dira aurkariaren ate aurrean, eta atzokoan beste behin erakutsi zuten; oraingoan, selekzioaren elastikoarekin. Etxean ari zen Alaveseko aurrelaria, eta hark ere utzi nahi izan zuen arrastoa partidan. Harmailetan giroa izan zen. Jokalariei ez zitzaizkien animoak falta izan. Baina zale gutxi bildu ziren.

Ez zen nolanahiko aurkaria euskal selekzioak aurrean zuena. Txile bi aldiz izan da txapeldunorde Amerika Kopan, eta 2019an lehen aldiz aritu zen Munduko Kopa batean. Hain zuzen ere, datorren urtean bigarrenez aritzeko aukera izango du, baldin eta aurretik kanporaketa bat gainditzen badu. Kanporaketa horretan izango duen aurkaria Senegal edo Haiti izango da.

Euskalselekzioak argi erakutsi zituen bere asmoak lehen minutuetatik: baloi jabetza eduki nahi zuen, eta hortik abiatuta nagusi izan. Norgehiagokako lehen aukera selekzioarena izan zen. Leire Bañosek area ingurutik jaurti zuen, baina kanpora joan zitzaion baloia. Txileri apenas irauten zion baloiak. Euskal selekzioa hegaletatik saiatu zen batez ere min egiten, Cecilia Marcosen eta Marta San Adrianen sakontasuna baliatuz. Gainera, Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre lerro artean agertzen zirenean, beste argitasun bat ematen zioten erasoko jokoari. Txilek ez zuen estutu euskal selekzioaren baloi irteera, baizik eta zelai erdira iritsi aurretik hasten zuen presioa. Hortik atzera ondo jarrita zegoen, eta Juanjo Arregiren jokalariei kosta egin zitzaien zuloak topatzea. Halakoetan, geldikako jokaldiak dira egokienak, aurkariaren defentsa apurtzeko. Gertu izan zuen horretarako aukera Ione Ibañezek. Nerea Eizagirrek bikain jaurti zuen falta bat, eta Eibarreko jokalariak kanpora bidali zuen baloia buruz, ia gol arrastoan zegoela.

Euskal selekzioa hobeto aritu zen: gauzak Txilek baino argiago zituen. Gainera, baloia zuenean biziago mugitu zuen. Erasora begira, ekimen handiagoa ikusi zitzaion. Hala, 40. minutuan Nerea Eizagirrek gola sartu zuen. Area ertzean jokaldi ona egin zuten Eizagirrek eta Marta San Adrianek, eta Realeko jokalariak gol polita sartu zuen, baloia Ryann Torrero atezainaren hanken artetik jaurtiz. Bigun ibili ziren Txileko atzelariak jokaldi horretan. Eizagirrek abantaila handitzeko abagunea izan zuen hurrengo jokaldian, ohikoak dituen urrutikojaurtiketa horietako batean. Baina baloia zutoinera joan zen, eta hala amaitu zen lehen zatia.

Bide beretik

Aldaketak egin arren, bigarrenean ere estutu egin zuen euskal selekzioak. Zerbait aldatu asmoz, Txile joko zuzenagoa egiten hasi zen, baloi luzeen bidez, eta pare bat aldiz gerturatu zen Maitane Zalbaren atera. Baina euskal selekzioa serio aritu zen defentsako lanean. Bigarren zati horren hastapenetan Txilek izan zuen jokoaren ekimena.

Baloia zuenean, euskal selekzioak erakutsi zuen bigarren gola nahi zuela. Amaiur Sarriegik aukera aparta izan zuen horretarako. Aurrelariak ondo jaso zuen Patricia Zugastik emandako pase bat, eta Txileko atezainari izkin egin zion. Errematea, ordea, atepetik atera zuten Txileko atzelariek. Hurrengo jokaldian, haatik, huts egin zuten bisitariek baloia ateratzerakoan. Nerea Navadok berreskuratu zuen, eta hark jarritako baloia bultzatu besterik ez zuen egin behar izan Sarriegik bigarren zutoinean. Horri eskeraurreko jokaldiko arantza kendu ahal izan zuen. Nagusi izaten segitu zuen euskal selekzioak, Txilek baino biziago eta hobeto jokatuz, eta garaipena biribiltzeko hirugarrena sartu zuen Ane Miren Martinez de Lahidalgak kontraeraso batean. Neurketaren ostean, Juanjo Arregik adierazi zuen ez duela jarraituko selekzioa zuzentzen.

Partida amaieran pozik zen Eizagirre: «Berezia zan da selekzioarekin jokatzea. Ondo jokatu dugu, eta lehiakor izan gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.