Albistea entzun

Levante 1-2 Athletic

Bilatu egin du, eta aurkitu

Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko du, Levanteri luzapenean irabazita. Galtzen joan da, baina emaitza iraultzea lortu du Berenguerren golarekin. Finalean, Bartzelona aurkari, apirilaren 17an

Athleticeko jokalari batzuk Berenguerrek luzapean sartu zuen gola ospatzen, atzo, Levanteren zelaian.
Athleticeko jokalari batzuk Berenguerrek luzapean sartu zuen gola ospatzen, atzo, Levanteren zelaian. MANUEL BRUQUE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko martxoak 5

0-1. Rogerrek (17. min.) 1-1. Raul Garciak, penaltiz (30. min.). 1-2. Berenguerrek (111. min.).

Athleticek hiru final jokatu nahi zituen 2021ean, eta lortu du balentria. Espainiako Kopako denboraldi honetakoa falta zitzaion, eta atzo eskuratu zuen txartela, Levanteren zelaian 1-2 irabazi eta gero. Bartzelonaren aurka jokatuko du finala Sevillan, apirilaren 17an. Superkopako titulua badu, eta aukera du iazko Kopakoa eta oraingoa ere lortzeko.

Iñigo Martinez gabe ekin zion partidari, Apelazio batzordeak ez ziolako lau partidako zigorra behin-behinean eten. Unai Nuñez jarri zuen Marcelinok ondarrutar atzelariaren partez, baina haren lekuan Yeray ipiniz. Euskarrian Vesga eta Unai Lopez hautatu zituen entrenatzaileak. Beste jokalari guztiak, espero zirenak. Levanteren kasuan, jokalariak bainoago, zer estrategia hautatuko zuen zen zalantza. Ostrukarena egitearen alde egin zuen Paco Lopezek. Beste modu batera esanda: taldeak egiten ez dakiena, edo partidak irekitzea eta korrika egitea bezain ondo menderatzen ez duen moldea. Bigarren zatian oso agerian geratu zen hori, etxekoen ezintasuna eta deseresotasuna nabarmenduz.

Horretan eragina izan zuen Athleticek ere. Presioari esker, Levanteri aurrera egitea galarazi zion gehienetan. Gainera, atera izan zenean, baloia galdutakoan nahi beste erraztasun eman zizkion Athletici kontraerasoan ateratzeko. Hain justu, horretan moldatzen da oso ondo Marcelinoren taldea. Norgehiagoka hasi orduko ikusi zen zein zegoen eroso, eta zein ez. Athletic osoago zegoen, sendoago, berea egiten. Levante, ez.

Baina futbolak izan ohi dituen apeta bitxi eta ezusteak tarteko, Levantek sartu zuen lehenengo gola. Moralesek ezkerretik egin zuen jokaldia, eta Rogerrek jaso zuen baloia area txikian, lehen zutoinaren parean. Buelta azkar eman, eta jaurtiketa sarera joan zen. 17. minutua zen. Horrelako jokaldiak ez ote zituen beste sendotasun batekin defendatzen taldeak entrenatzailea aldatu baino lehen...

Kontuak kontu, partida hasieran behar zuen golaren bila joan beharra zeukan Athleticek, baina luzapena behartzeko, gutxienez. Berean segitu zuen. Baita Levantek ere, zuri-gorrien zorionerako. Uzten segitzen zion kontraerasoak lotzen, eta ordu-erdia gainean zela, beste bat kateatu zuten Williamsek-eta. Erdiratu egin zuen ezkerretik, eta Raul Garciari penaltia egin zion Duartek. Jokaldiaren segidan, Berenguerrek gola egin zuen, baina Del Cerro Grande epaileak penaltia lehenetsi zuen. Ez zuen hutsik egin Raul Garciak.

Joaneko partidako emaitza bera zuen partidak. Unai Simonen ateko zutoinetako batek galarazi zion Levanteri bigarren gola 43. minutuan. Bigarren zatiak are gehiago utzi zuen agerian Levante ez zegoela arriskurik hartzeko. Athleticek bereari eutsi zion, baina Aitorren area ingurura iritsi zen bakoitzean, kanporaketa erabakitzeko aukera galtzen ari zenaren itxura eman zuen; sarritan, erdiraketa txarrengatik.

Penaltietara bidean, gola

90 minutuak bete baino dezente lehenagotik hartu zuen partidak luzapenerako traza. Ordu erdi horretan, lehen aukera Raul Garciak izan zuen 93. minutuan. Kanpora jaurtiketa. Levantek 105.ean izan zuen berea, Unai Simonek dotore urrundu zuenean Bardhiren falta jaurtiketa. Bi taldeek aldaketa andana eginda, partida bazihoan penaltietara. Baina Berenguerren zartakoa azaldu zitzaion Athletici, nahi gabe joan zitzaionean baloia. Aurreratu, jaurti, atzelari bati jo, eta gola. Haizea alde Marcelino eta bere taldearentzat beste behin, baina merezitako saria izan zen, bere nortasunari ez ziolako traiziorik egin. Levantek bai. Alferrik ditu orain damuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Leo Messi errematea egin nahian zutoin batetik gertu, sasoi honetako ligan. ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE

«Partida handiak ez ditu irabazi»

Aitor Manterola

Hemendik Bartzelonari begiratzen bazaio, garbi dago ez dela iragan hurbilean bezain ahaltsua. Begirada zehatzena, ordea, hangoena da; eta handik, Roger Graells eta Toni Padilla kazetariek berretsi egin dute hemendik ikusten dena.
 ©JON URBE / @FOKU

'Konfiantza' da hitz gakoa

Julen Etxeberria

Bosgarren ahaleginean lortu du Ladis Galarzak lehen aldiz binakakoaren finalerdietarako ligaxkarako sailkatzea; Joseba Ezkurdiarekin lortu du. Aitortu duenez, «arantza» atera du hori eginda
Elizegi: «Partida gogoangarria jokatu behar dugu»
 ©BERRIA

«Athleticek erakutsi du finalean Bartzelonari irabaz diezaiokeela»

Haritz Gallastegi

Athleticeko kapitain ohiaren ustez, talde zuri-gorriari kosta egiten zaio finaletan berea ematea. Hala ere, itxaropentsu dago Bartzelonaren kontrako partidari begira. Taldea «ondo» dagoela iritzi dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.