Reala 0-4 Betis

Ugazaba zutena larrutu dute

Betisek astindua eman dio Realari Anoetan, eta Espainiako Kopatik kanpo utzi du. Juanmik bi gol sartu ditu, eta Willian Josek, bat; Ruibalek sartu du laugarrena. Januzajen gol bat baliogabetu dute

Ander Gebara, Alex Remiro eta Mikel Oiartzabal, jota, atzo, partida amaieran. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
0-1. Juanmik (12. min) 0-2. Juanmik (57. min). 0-3. Willian Josek, penaltiz (83 .min). 0-4. Aitor Ruibalek (87. min)

Nork ordaindu, hari men. Horixe da gaur egungo futbolaren legea, eta Juanmi Jimenezek eta Willian Josek agerian utzi dute hori. Realean aritutako bi jokalariek kontu motzak izan zituzten atzo Donostian; lehen ostatu zuten tokian golak sartu zituzten, bai, baina aurkariarentzat. Espainiarren bi golek eta brasildarraren batek Espainiako Kopatik kanpo utzi zuten Reala, eta Aitor Ruibalek odolustu zituen donostiarrak: 0-4 nagusitu zen Betis.

Bi taldeek finalerdietarako hautagaitza aurkeztea izan zuten xede, eta hori agerian geratu zen neurketa hasi orduko. Markagailuan, ordea, Betis bakarrik agertu zen. Ligan emandakoaren kolpe berbera eman zuen Kopan, lau golekoa. Kopako ilusioa eraginkortasunaren bidez zapuztu zion Realari.

Hasieratik, gehiagotan saiatu zen kontrarioaren area aurkitzen, eta hamabigarren minuturako lortu zuen saria: William Carvalhori esker izan zen. Betiseko erdilariak Ander Gebarari izkin egin zion hondoko marraren gainera, eta Juanmiri pase bikaina eman zion. Realeko futbolari ohiak aukera baliatu, eta Betisen aldeko lehen gola sartu zuen.

Ordura arte, gola lortzeko merezimendu gehiago egin zituzten bisitariek. Markagailuari eta jokoari erreparatuz gero, suspertu beharrean ziren donostiarrak. Egin zuten, hein batean. Lanerako arropa jantzi, eta kontrarioaren atea bilatzeari ekin zioten berehala. Gertu izan zuten gola; Mikel Oiartzabalen jaurtiketa batek eta Robin Le Normanden erremate batek gutxigatik ez ziren sartu.

Justukoak ez du balio, ordea. Baloia sarean sartu behar da, eta hala egin zuen Adnan Januzajek, 40. minutuan. Baina belgikarraren gola ezerezean utzi zuen epaileak, Oiartzabalen jokoz kanpokoa argudiatuta. Martinez Munueraren erabaki horrek partidaren norabidea aldatu zuen.

Ordutik atsedenaldira artean, bakanak izan ziren gol aukerak. Nabarmentzekoa da Alex Remiro atezainak atsedenaldiaren atarian egindakoa; bisitarien bigarren gola eragotzi zuen geldiketa on bat eginda.

0-1ekoarekin amaitu zen lehen zatia. Realak, txapelketan segitu nahi bazuen, neurketa irauli beharra zuen bigarren zatian. Imanol Alguacilek jokoa suspertzeko aldaketa egin zuen; aldagelan utzi zuen Gebara, eta Martin Zubimendi zelairatu zuen.

Txuri-urdinek erasokor ekin zioten bigarren zatiari, eta Alexander Isakek bere oinetan eduki zuen berdinketaren gola. Baina ate aurrean egindako jaurtiketa Rui Silva atezainak geratu zion, 46. minutuan.

Jokoak baretzera egin zuen gero, baina 57. minutuan bigarren kolpea jo zuen Betisek. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, baloia Juanmiri iritsi zitzaion, eta hark ez zuen hutsik egin. Bigarren gola zuen aurrelariak; bietan, bakar-bakarrik errematatu zuen.

Espainiarren bigarren gola lasta handiegia izan zen Realarentzat. Ordu erdiren faltan, bi golen desabantaila irauli beharrean zen. Betisen aurka, gainera: irabazteko trikimailu ugari erabiltzen dituen taldearen aurka.

Manuel Pellegriniren taldeak eroso igaro zituen hurrengo minutuak. Realari utzi zion baloia, baina etxekoek ez zuten minik egitea lortu. Hortaz jakitun, Imanolek Rafael Alcantara eta Alexander Sorloth zelairatu zituen, erasoko jokoa suspertzeko asmoz.

Alferrikako saialdia izan zen. Betisek nahieran antolatu zuen jokoa, eta Joseba Zalduak eskuz ukitutako baloi batean bisitarien aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Willian Josek sartu zuen hirugarrena. Partidaren hondarrean heldu zen laugarrena. Astindua. Hurrengoa beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.