Alaves 2-1 Espanyol

Oraingoz, bizirik dago

Alavesek mailari eusteko aukerei eusten die, Espanyol 2-1 menderatu ostean. Gaur Cadizek Realari ez irabaztea behar dute arabarrek, borrokan segitzeko

Alaveseko jokalariak elkarren gainean, atzo Espanyoli sartutako goletako bat ospatzen. L. RICO / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
1-0. De la Fuentek (7. min.). 1-1. Raul de Tomasek (penaltiz, 13. min.). 2-1. Escalantek (59. min.).

Alavesek bizirik segitzen du. Oraindik ere aukera du Lehen Mailan geratzeko, atzo Espanyoli 2-1 irabazi eta gero. Gutxienez gaur arte eutsiko dio aukera horri. Cadizek Donostian egingo duenaren arabera egongo da. Espainiarrek Realari irabaziz gero, Bigarren Mailan egongo da. Bestela, are gehiago handituko da miraria lortzeko aukera, azken bi jardunaldietan Levanteren eta Cadiz beraren aurka jokatu behar baitu. Alaves nagusi izan zen. Mesede egin zion Espanyolek jokoan ezer ez edukitzea, baina batez ere bigarren zati hasieran epaileak Yangel Herrera kanporatu izana. Ordutik aurrera, are nagusiago izan zen. Baina Pizarro Gomez epaileak partida amaitutzat eman arte, Mendizorrotzan bildutako zaleek ez zuten arnasa hartu. Arabarren golak De la Fuentek eta Escalantek sartu zituzten. Haiek izan ziren neurketako jokalaririk onenak, Riojarekin batera.

Egoera kontuan hartuta, tentsio handiko partida izan zen. Zaleek ondo erantzun zuten, nahiz eta partida hasi aurretik, protesta gisa bizkarra eman zioten taldeari. Arabarrek hasieratik estutu zuten. Riojaren abisu baten ostean, gola iritsi zen etxekoentzat, 7. minutuan. De la Fuentek egin zuen, bisitariek baloia ateratzeko orduan egindako huts baten ostean. Escalante bizi ibili zen baloia lapurtzeko, eta De la Fuenteri eman zion pasea. Erdilariak ondo gurutzatu zuen baloia.

Ia erreskadan Escalantek abagune argia izan zuen bigarrena egiteko, Luis Riojak ezkerretik egindako jokaldi baten ostean. Baina ez zuen asmatu. Alaves ondo ari zen. Baina denboraldi honetan ohikoa den moduan, opari bat egin zuen, eta aurkariak aprobetxatu egin zuen. Tenagliak penalti inozoa egin zuen. Atzelariak zapaldu egin zuen Raul de Tomas, eta VARean begiratu ostean Pizarro Gomezek penaltia adierazi zuen. De Tomasek berak jaurti eta, ez zuen huts egin (13. min.). Berriro hutsetik hasi behar zuen Julio Velazquezen taldeak. Baina ezin zituen besoak jaitsi. Garaipenak baino ez zion balio atzokoan.

Eroa izan zen partidaren lehen ordu laurdena. Izan ere, epaileak balio gabe utzi zion Alavesi gol bat, Escalantek Diego Lopezi falta egin ziolako. Hortik aurrera, lasaitu egin zen apur bat neurketa. Presioan ondo aritu ziren arabarrak. Baina erasoan jokaldiak sortzea kostatu zitzaien. Espanyolek ez zuen ezer jokoan, eta baloi jabetza luzatzen ahalegindu zen, patxadaz jokatuz. Hori bai, zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatu zuen, eta gertu izan zuen gola Melamedek. Baina Pachecok ondo geratu zuen.

Jokoa sortzeko zituen ezintasunak kontuan hartuta, baloi luzeen eta geldikako jokaldien aldeko apustua egin zuen Alavesek. Horri esker, pare bat abagune garbi izan zituen De la Fuentek. Lehenbizikoa ia gol arrastoan atera zuen Calerok, eta bigarrenean, Diego Lopezek ondo erantzun zuen. Alaves hobea izan zen lehen zatiko azken txanpan.

Bigarren zatia hasi eta berehala Espanyol jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Yangel Herrera kaleratu zuen epaileak. Horrek ematen zion abantaila baliatu beharra zuen Alavesek. Lehen zatian baino errazago iritsi zen kataluniarren atera. Batez ere, Luis Riojaren hegaletik sortu zuen arriskua. 59. minutuan Mendizorrotzako harmailak lehertu egin ziren. Jasonek korner bat atera eta Escalantek gola egin zuen.

Hortik aurrera, are nagusiago izan zen Arabako taldea. Tinko segitu hirugarren golaren bila, eta lortzear egon zen 78.ean Escalante, Jasonen jokaldi ikusgarri baten ostean. Ez zuen lortu, eta, ondorioz, azkenera arte sufritu behar izan zuen.

Osasunak, bana

Atzo jokatu zuen Osasunak ere. Jagoba Arrasateren taldeak ez zuen ezer jokoan, eta bana berdindu zuen Sadarren Getaferen aurka. Arreta osoa Oier Sanjurjorengan zegoen, aste honetan iragarri baitzuen ez duela talde gorritxoan jarraituko. Lizarrakoa hasieratik aritu zen, eta, gainera, gol ederra sartu zuen, buruz. Hunkigarria izan zen. Zaleek haren izena oihukatu zuten, eta taldekideek besotan altxatu zuten.

Gol horri esker jarri ziren aurretik nafarrak. 9. minutua zen. Baina handik hamar minutura, Lucas Torro bisitarien erdiraketa bat aldentzen ahalegindu zen,baina bere atean sartu zuen gola. Lehen zatia amaitu bitarte, Getafek estutu egin zuen, eta, batez ere, ezker hegaletik buruhauste dezente sortu zizkion Osasunari. Baina nafarrek ondo eutsi zioten.

Bigarren zatian, partidaren erritmoa jaitsi egin zen. Hori aldatze aldera, azken 20 minutuetanBudimir, Moncayola eta Brasanac zelairatu zituen Arrasatek, eta Osasuna nagusi izan zen. Baina gauzak ez ziren aldatu norgehiagokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.