REALA XERIFF 3 0

Nagusitasunez egin du aurrera

Realak matematikoki ziurtatu du Europa ligako multzoen fasea gainditzea. Txuri-urdinek aise irabazi dute Xeriffen aurka. Imanolek aldaketa asko egin ditu, nekea kudeatzeko eta minutuak banatzeko

Alexander Sorloth gola ospatzen. Norvegiarrak egin zuen partidako lehendabizikoa. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Golak: 1-0. Sorlothek (45 min.) 2-0. Ricok (66 min.). 3-0. Navarrok (83 min.).

Reala da Europa ligan multzoen fasea gainditu duen lehendabiziko taldeetako bat. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte jokatutako lau partidak, eta nagusitasun hori baliatu du txapelketan lehen urratsa egiteko.

Orain, final-zortzirenen aurreko kanporaketa saihestea du hurrengo xedea. Manchester Unitedekin izango du lehia hori, lidergoa lortzeko, Ingalaterrakoek azken unean irabazi baitzioten Omoniari (1-0). Deabru gorriek luzapenean egin zuten gola.

Donostiarrek Xeriff Tiraspol hartu zuten mendean, atzo, Anoetan (3-0). Imanol Alguacilen taldeak lehen zatian bideratu zuen garaipena, jokoan nagusi izanda. Teknikari oriotarrak zenbait aldaketa egin zituen hamaikakoan. Besteak beste, Aritz Elustondok atzeko hegalean jokatu zuen, eta Diego Rico, Ander Gebara, BeƱat Turrientes eta Carlos Fernandez ere hasieratik aritu ziren.

Hala, Imanolek nekearen karga kuadeatu nahi izan zuen, hasiera batean maila txikiagoa duen talde baten aurka. Bete-betean asmatu zuen. Realak nagusitasun handia izan zuen jokoan. Lehen zatia hasi orduko gailendu zen; zelai erditik nahiz soropilaren erdigunetik sortu zituen erasoko aukerak, eta estu hartu zuen Xeriff.

Realak neurketa hasi orduko hartu zuen partidaren neurria. Kontrarioari arnaserako tarterik utzi gabe, jokaldi landuak egitea izan zuen helburu. Horren adibide izan ziren Carlos Fernandezen eta Brais Mendezen bi jaurtiketa, gola egitear izan baitziren biak. Haien saialdiek zutoina jo zuten. Lanean segi behar.

Dena den, Realari asko gozatu zitzaion norgehiagoka 35. minutuan. Epaileak txartel gorria atera zion Armel Zohouriri, Diego Ricori eraso egin ziolako. Kaleratze argia izan zen.

Ordutik aurrera, Realak izan zuen jokoaren erabateko kontrola, eta atsedenaldiaren atarian egin zuen lehendabiziko gola, Alexander Sorlothen zartako indartsu bati esker.

Kudeaketa, eta errenta

Tankerakoa izan zen bigarren zatia ere. Imanolek David Silva eta Carlos Fernandez kendu zituen atsedenaldian, eta Robert Navarro eta Jon Karrikaburu zelairatu.

Jokora batu ziren futbolariek ondo aprobetxatu zuten aukera. Batez ere, Navarrok. Kataluniarrak eman zuen bigarren goleko pasea. Joko konbinatiboa baliatuta lortu zuen errenta handitzea. Parte hartze handiko jokaldiaren ostean Navarrok jaso zuen baloia area txikian, eta hark Ricorekin jokatu zuen. Atzelari espainiarrak lehen gola egin zuen txuri-urdinez jantzita.

Realak orduan erabaki zuen neurketa. Xeriff erabat gaindituta, etxekoek nahieran jokatu zuten amaierara artean. Navarrokberak egin zuen hirugarren gola, 83. minutuan, boleaz, Take Kuborekin elkarlanean.Garaipen zabala izan zen, eta halakoxea izaten ari da txapelketa ere. Lehiak aurrera egin ahala sortuko dira estutasunak. Bien bitartean, gozatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.