ATHLETIC 3 - 0 VALLADOLID

Garaipenaren bidera itzuli da

Iragan ostiralean Gironan 2-1 galdu ostean, hiru puntu bildu ditu Athleticek Valladoliden aurka, San Mamesen. Gorka Guruzetak eta Dani Vivianek sartu dituzte zuri-gorrien hiru golak

Gorka Guruzeta, atzo, San Mamesen jokatu zen partidan, sartu zituen bi goletako bat ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
1-0. Gorka Guruzeta (18 min.) 2-0. Gorka Guruzeta (51 min.) 3-0. Dani Vivian (78 min.).

Neurketa hotz hasi bazuen ere, garaipen handia lortu zuen Athleticek atzo, Valladoliden aurka. Garaipen horrekin Txapeldunen Ligako postuetan dago Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldea. Gorka Guruzetak sartu zituen lehen bi golak, eta Dani Vivianek biribildu zuen gaua. Guruzeta lehen aldiz aritu zen hasieratik Lehen Mailako neurketa batean, eta hemezortzi minutu behar izan zituen gola egiteko. Donostiarra garai gozoan dago. Europako ligetatik gol bat sartzeko denbora gutxien behar duten jokalarietan bigarrena da gaurkoz: gol bat 36 minutuan behin.

Lanak izan zituen Athleticek hasierako minutuetan. Valladolidek oso ondo hasi zuen neurketa, eta hiru aukera izan zituen hamabost minutuan. Sergi Guardiolaren oinetan izan zuen lehen aukera garbia. Aurrelariak Yeray aurrean zuela jaurti zuen Unai Simonen atera, eta ezker zutoinaren ondotik kanpora joan zen baloia. Hala ere, bost minutu geroago iritsi zen zuri-gorrien gola. Iñaki Williamsen pasea jaso eta gero, Guruzetak errematea egin zuen ezkerrez. Masipek gola eragoztea lortu zuen aurreneko saiakeran, baina aldaratzea Guruzetak berak bidali zuen sareetara.

Valladolid oso ausart hasi zen San Mamesen. Lehen minutuetan gola gertu izan zuen, baina oso aurrean ipini zuen defentsako lerroa, eta Williams anaien abiadura ondo baliatu zuten zuri-gorriek hegaletatik min egiteko. Golaz gain, beste zenbait aukera iritsi ziren, baina bizkaitarrek ez zuten asmatu ate aurrean. Iñaki Williamsek lortu zuen baloia sareetara bidaltzea, baina jokoz kanpo zegoen errematea egin zuenean, eta epaileak baliorik gabe utzi zuen jokaldia.

Bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuen Guruzetak zuri-gorrien bigarren gola. Vesgak Valladoliden area inguruan lapurtu zuen baloia, eta Guruzetari eman zion baloia area barruan. Aurrelariak ez zuen birritan pentsatu, eta jaurtiketa gurutzatu batekin bidali zuen baloia sareetara. Donostiarra «oso pozik» agertu zen neurketaren ostean: «San Mamesen golik sartu gabe nengoen, eta oso berezia izan da», aitortu zuen.

Valladolidek ez zuen lortu aurreneko minutuetan erakutsitako jokoa egitea, eta Simonek oso lan gutxi eduki zuen bigarren zatian. Jose Rojo Pacheta saiatu zen aldaketak egin eta neurketaren norabidea aldatzen, baina ez zuen inondik inora lortu. Oso aurrean egin zuen presioa, baina horrela hutsune handia utzi zuen atzean. Athleticek zaleen aupada aprobetxatu zuen, eta presiotik irtetea lortzen zuen bakoitzean arrisku handiarekin iritsi zen Masipen ate ingurura. Falta jaurtiketa batean iritsi zen Athleticen hirugarren gola. Iker Muniainek egin zuen erdiraketa, eta Vivianek, buruz, ginga jarri zion erdiraketa eder bati. Beste hainbat aukera izan zituen etxeko taldeak, baina 3-0 amaitu zen neurketa San Mamesen.

Gauzak horrela, gaur eta bihar jokatuko diren partiden esperoan, Txapeldunen Ligako postuetan dago Athletic, 24 punturekin. Qatarko Munduko Kopagatik egingo den geldialdira iritsi aurretik, azken neurketa bat jokatu beharko du Valverderen taldeak, Espainiako Kopan. Valentziara egingo dute bidaia zuri-gorriek, igandean Alziraren aurka jokatzeko.

Ibaik futbola utzi du

Athleticeko jokalari ohia den Ibai Gomezek futbola uztea erabaki du.Bi Superkopa irabazi zituen Bizkaiko taldearekin. Udan Deportivok fitxatu zuen, baina atzo goizean eten zuten kontratua. Erabaki «zaila» izan dela aitortu zuen Ibaik berak sare sozialetan plazaratutako bideo batean: «Bihotzak eta buruak futbol profesionala utzi behar dudala esaten didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.