SEVILLA 1 - 2 REALA

Haizea alde duela ailegatu da

Realak irabazi egin du Sevillaren zelaian, eta Europako postuetan igaroko du etena. Txuri-urdinek hasi eta gutxira hartu dute aurrea, eta epaileak etxeko bi jokalari kanporatzeak erraztu egin die lana

Realeko jokalariak, Alexander Sorloth zoriontzen, aurrelari norvegiarrak partidako lehen gola sartu eta gero, atzo, Sanchez Pizjuan estadioan. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
0-1. Sorlothek (20. min.) 0-2. Brais Mendezek (36. min.) 1-2. Rafa Mirrek (44 min.). Txartel horiak: Sevillako Torresi; eta Realeko Merinori. Txartel gorriak: Sevillako Rakitici eta Nianzouri.

Realak egin ditu Espainiako Ligako lanak abendura arte. Talde txuri-urdinak sasoi hasiera ederra osatu du, eta sailkapena da horren erakusle: hamalau jardunalditan 26 puntu batuta, Europako postuetan dago. Atzo Sevillan (Espainia) irabazita osatu du Qatarko Munduko Koparen aurreko aldia; oraindik sasoiaren zatirik handiena geratzen zaio, baina urrats garrantzitsuak egin ditu lehen hilabeteetan.

Desiragarria zen geldialdira garaipen batekin joatea, eta Realak ez zuen huts egin. Egiari zor, haizea alde izan zuen atzoko norgehiagokan. Garaiz sartutako gol batek eta epailearen erabakiek erraztu egin zioten garaipena.

Donostiarrentzat jokaleku makurra da Ramon Sanchez Pizjuan estadioa. Sei urte eta erdi behar izan ditu berriz han irabazteko, baina atzo eskura jarri zitzaion irabaztea. Hasierak traza eskasa izan zuen; batez ere, Carlos Fernandezek min hartu zuelako hasi orduko.

Ordea, Realak berehala bideratu zuen garaipena. Su txikian ondutako gola izan zen, harik eta Mikel Merinok area ertzean baloia jaso zuen arte. Gorputza jiratu zuen iruindarrak, Alexander Sorlothekin jokatzeko, eta norvegiarrak Bono atezainaren gainetik loratu zuen baloia. Merinok goleko bost pase daramatza denboraldi honetan.

Partidak itxura ona hartu zuen ordu laurdena igaro orduko, eta egoera are gehiago edertu zen epaileak Ivan Rakitic kaleratu zuenean. Brais Mendezi egindako sarrera bat VAR-ean berrikusi, eta hasierako txartel horia gorri bilakatu zuen, 28. minutuan.

Sevillaren zorigaitza areagotu egin zen handik bost minutura, Del Cerro Grande epaileak Tanguy Nianzou kanporatu baitzuen. Sevillako jokalariak sarrera gogorra egin zion Braisi, eta VAR-aren laguntzaz erabaki zuen bigarren txartela ere. Erabakiaren egokieraz landa, agerikoa da tresna hori laguntzeko ez ezik jokaldiak berriz epaitzeko ere baliatzen dutela. Aritz Elustondori gertatu zitzaion aurreko igandean, eta Sevillakoei atzo.

Realak alde zuen haizea, eta segituan aprobetxatu zuen hori, bigarren gola sartuta. Brais Mendezek sartu zuen, Merinok David Silvari emandako pasea baliatuta. Galiziarrak sei gol sartu ditu denboraldi honetan.

Hortik aurrera, Realak errenta kudeatzen igaro zuen partida, baloia alderik alde mugituta. Zirrikituak bilatzen pasatu zuen denbora gehiena, eta jokoak itzaltzera egin zuen. Sevilla izan zen aldea murriztu zuen taldea. Atsedenaldiaren atarian eta jada galtzekorik gabe, Alex Tellesek egindako erdiraketa bat bikain errematatu zuen Rafa Mirrek.Erosotasunaren gaztelua hondarrezkoa zen.

Zalantza bat markagailuan

Etxekoen golak urratu egin zuen patxada erabatekoa. Bi golen aldea beti da oparoa, baina bakarrekoak atea zabaltzen dio zalantzari. Atzo ere hala izan zen; nahiz eta, hasieran, kezkatzeko arrazoirik izan ez, adi egon behar zuen Realak.

Txuri-urdinak saiatu ziren bigarren zatian jokoa moteltzen. Aldaketak egin zituen Imanol Alguacilek, oreka bilatuz. Ordea, Sevillaren aldian aldiko saialdiek estutu egin zituzten bisitariak. Oro har, lehia kontrolpean izan zuten, baina etxekoen gol batek hankaz gora jar zezakeen gaua.

Saiatu ziren, baina nekeak erasanda, ez zuten lortu. Hartara, Reala garaipenaren bidera itzuli da, eta gozotik joan da etenaldira. Pozik zen Imanol Alguacil, partida amaieran: «Bi gehiagorekin aritu arren, zaila da hemen irabaztea. Oso gustura nago, 26 puntu ditugulako». Oriotarrak baditu horretarako arrazoiak, sasoiaren lehen zatia ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.