BARTZELONA 1 - 0  REALA

Duintasunarekin soilik, jai

Reala Espainiako Kopatik kanpo geratu da, Bartzelonaren estadioan galduta. Txuri-urdinek jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute partidako zatirik handiena; amaieran estutu arren, ez da nahiko izan

Realeko Kubo baloia kontrolatu nahirik, Bartzelonako Balde inguruan duela. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
1-0. Dembelek (52. min.).

Realak galdu egin zuen aspaldiko partez. Modurik duinenean egin zuen arren, Espainiako Kopatik kanpo geratu ziren txuri-urdinak. Jokalari bat gutxiagorekin aritu ziren donostiarrak partidaren zatirik handienean, baina estu hartu zuten Bartzelona azken unera arte. Ez neurketaren zatirik handienean; bai, ordea, azken minutuetan. Beren gaitasunean sinesteko ariketa egin zuten, baina ez zen nahikoa izan. Partidako gol bakarra nahikoa izan zen Bartzelonarentzat.

Realak nor baino nor gehiago egin nahi izan zuen Camp Noun, eta hori garesti ordaintzen da sarri. Buruz buruko lehia proposatzeak halako lehia ekartzen du: kolpeak eta joan etorriak bi aldeetakoak izan ohi dira. Agerian geratu zen hori kataluniarren zelaian. Bi hamaikako zelaian izan ziren bitartean, aurpegiz aurpegi aritu ziren bi taldeak. Fisikoa izan zen nagusitasuna bilatzeko borroka, zartakoek gehiago balio izan baitzuten ate aurreko jokaldiek baino.

Bi aldeetan gertatu ziren halakoak, baina Brais Mendezen kaleratzea izan zen lehen zatiko jokaldirik esanguratsuena. Jokalari galiziarrari txartel gorria atera zion epaileak, 40. minutuan, eta horrek erabat baldintzatu zezakeen partida. Izan ere, gutxienez 50 minutu falta ziren norgehiagokako arauzko denbora osatzeko, eta Camp Noun lasta handia zen hori. Hori bai, Gil Manzanok zalantza gutxi egin zuen Realeko jokalariaren falta ikustean. Nahikoa izan zuen VARari begiratu bizkor bat egitea txartel gorria erakusteko. Brais Mendezek orkatila zapaldu zion Busquetsi. Kalera.

Ordutik aurrera, Realak eusten igaro zuen atsedenaldira arteko denbora. Ez alferrik, Imanolek taldea egokitu beharra baitzuen. Etxekoak nagusi izan ziren lehen zatian, baina Realak, Take Kuboren bitartez, izan zuen aukerarik. Bigarren zatia, ordea, enigma bat zen. Realarentzat nahi baino lehen argitu zen korapilo bat.

Bartzelonak 52. minutuan egin zuen partidako gol bakarra. Ousmane Dembele izan zen neurketako golegilea, bisitarien kopuru murritzagoa probestuta. Koundek abiadan eman zion pasea Dembeleri, eta erasoko jokalariak ez zuen aukera galtzen utzi. Erasotik aurrera egin zuen lehendabizi, eta erdiraketa egitea baino hobea iruditu zitzaion zuzenean Alex Remiroren atera jotzea. Lehen zutoinari itsatsita egindako errematea sarera joan zen zuzenean.

Bartzelonak hala lortu zuen aurrera egitea. Abantaila eskuratuta eta jokalari gehiagorekin, partida erosoa aurreikusi zuen. Ordea, Realak ez zuen amore emateko asmorik. Defentsa hertsia eta aurrerako erasoaldi bakanak probestu nahian, atzeko lerroan igaro zituen amaierara arteko minuturik gehienak, baina saiatu zen abagune batzuk baliatzen. Hain justu ere, Alexander Sorlothek eta Carlos Fernandezek aukera bana izan zuten markagailua orekatzeko, baina errazena zaildu zuten. Azkenerako, Reala kopatik kanpora geratu zen, baina duintasunaren lezioa ikasita: bi txapelketa ditu hura probesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.