Reala 3-0 Alaves

Aldarterik aldatu gabe

Realak astindu egin du Alaves derbian. Txuri-urdinak sailkapenaren puntan kokatu dira; jaitsiera postuetan dira babazorroak. Alex Remirok debuta egin du

Pere Pons Alaveseko jokalaria eta Mikel Oiartzabal Realeko, baloia batengatik lehian. Reala nagusi izan zen zelaian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek (19. min.). 2-0: Willian josek (32. min.). 3-0: Oiartzabalek (40.min.) Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Realeko Porturi,; eta Alaveseko Wakasori, Pinari, Manu Garciari. Txartel gorria: Manu Garciari. Bestelakoak. 28. 720 ikusle Anoetan.

Bakoitzak berean segiz. Realak eta Alavesek orain arteko jardunaldien gidoia jarraitu zuten atzo Anoetan, eta bien arteko aldea nabarmena izan zen zelaian. Aise nagusitu ziren donostiarrak; lehen zatian hiru gol egin eta garaipenaren bidea urratu zuten atsedenaldira joan zirenerako. Gasteiztarrak ez ziren gai izan egoera hori iraultzeko bigarren zatian, ezta hura areagotzeko ere etxekoak, eta Anoetan geratu ziren hiru puntuak.

Aldarte onari eutsi zioten donostiarrek. Aurreko partidatik hiru aldaketa egin zituzten Imanol Alguacilek eta Asier Garitanok, baina oriotarraren apustua izan zen balekoa. Alex Remirok debuta egin zuen Realarekin, eta estreinako partida jokatu zuen Lehen Mailan. Hutsean utzi zuen bere atea.

Misteriorik gabeko partida izan zen. Epaileak neurketaren hasiera adierazi zuenerako erasora egin zuen Imanol Alguacilen taldeak, eta bere zelaian sartu zuen Alaves. Bosgarren minuturako lehen aukera izan zuen Donostiako taldeak. Gosez zelairatu zen.

Minutuek aurrera egin ahala bisitariek zelai erdian indartzea lortu bazuten ere, pozak ez zien askorik iraun. Realak aurrerapausoa eman zuen berriz ere, eta ordutik aurrera Alavesek ez zuen zereginik izan. Martin Odegaard izan zen mataza askatzeko arduradura. Norvegiarrak saiheska jaso zuen baloia, eta, aurkari bati baloia bi hanken artetik sartu ostean, bi jokalarien artean ikusi zuen Mikel Oiartzabal. Lerro artetik pasea eman zion, eta eibartarrak ez zuen barkatu. Maisulana egin zuen Odegaardek, eta hari esker 20. minutua betetzerako aurretik jarri zen Reala.

Iparra galduta aritu zen Alaves hurrengo minutuetan. Gola kolpea izan zen Garitanoren jokalarientzat, eta zirkinik ere ez zuten egin hurrengo minutuetan. Egoera horretan hazi egin zen Reala. Geroz eta arrisku gehiago sortu zuen Fernando Pachechoren arean.

Arriskua sari bilakatu zuten txuri-urdinek partidako ordu erdia bete berritan. Ezker hegalean baloi bat jaso zuen Oiartzabalek, eta erdiraketa neurtua egin zuen penalti puntura. Hantxe zegoen zain Willian Jose, eta baloia sareetara bota zuen buruz.

Bigarren golak etsita utzi zituen babazorroak. Erreakzioko gaitasunik ez zuten izan lehendabiziko gola jasotzerakoan, eta malda izugarri gogortu zitzaien bigarrena egin zietenean. Hirugarrenarekin amaitu zen partida. Adrian Marinek eskuarekin ukitu zuen baloia area barruan, eta penaltia adierazi zuen. Oiartzabalek ez zuen barkatu, eta borobildu egin zuen donostiarren gaua.

Bigarren zatian saiatu zen Alaves egoera iraultzen, baina alferrik. Realak izan zuen abantaila areagotzeko aukera, baina Portuk penaltia huts egin zuen partidaren hondarrean. Baten poza, bestearen tristura izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.