Reala 1-0 Athletic

Errege opila, Realarentzat

Realak 1-0 irabazi dio Athletici urteko lehen partida. Barbara Latorrek sartu du partidako gol bakarra, buruz, 67.minutuan. Athleticek bederatzi partida segidan daramatza irabazi gabe

Barbara Latorre, Nerea Eizagirre eta Nahikari Realaren gola ospatzen, atzo, Zubietan. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Zubieta
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
1-0. Barbara Latorre (67 min.).

2021eko lehen neurketa jokatu zen atzo Zubietan, Errege egunez, eta, gainera, derbia. Urteari hasiera ona eman nahi zioten Realak eta Athleticek, eta opari ederrena jaso: urrezko hiru puntuak.

Horrelako partidetan faboritorik ez dagoela zioten partidaren atarian bi taldeek. Baina Reala hobeto iritsi zen norgehiagokara, eta hura izan zen nagusi atzo ere; bai markagailuan, baita zelaian ere. 1-0 irabazi zien zuri-gorriei, Barbara Latorrek 67. minutuan sartutako gol bati esker, eta goiko postuetan egoteko taldea dela berretsi zuen. Atzokoan, txuri-urdinek dastatu zuten errege opilaren zapore gozoa, eta esku hutsik geratu zen Athletic. Hala, bederatzi partida jarraian daramatzate irabazi gabe Angel Villacamparen jokalariek. Teknikariak aitortu zuen porrota «mingarria» izan zela, baina baikor mintzatu zen: «Zaila da horrelako egoerak iraultzea, orain dena beltza ikusten da, baina badakit lortuko dugula. Ondo ari gara lanean».

Lehen minutuetan baloia izaten eta zelaian agintzen saiatu zen Reala, eta apurka hasi ziren jokaldiak harilkatu eta Athleticen area zapaltzen. Villacamparenek, berriz,joko zuzenagoa baliatu nahi izan zuten bizkarrera min egiteko, nahiz eta ez zuten gehiegi zirikatu aurkarien atzeko lerroa. Horiek horrela, 15. minutuan izan zuen Realak lehen zatiko aukera garbiena. Nerea Eizagirrek baloi solte batekin egin zuen topo area barruan, eta haren jaurtiketa zutoinera joan zen. Minutu onak izan zituzten jarraian txuri-urdinek, baina pixkanaka itzaliz joan ziren, eta aldatu egin zen partidaren gidoia.

Athleticek, aurrerapauso bat eman, eta atzean sartzera behartu zuen Reala. Hobeto jarrita zeuden zelaian zuri-gorriak, eta eustea tokatu zitzaion Realari. Hala ere, pare bat arrisku jokaldi sortu zituzten arren, ez zuen aparteko lanik izan Nanclaresek, eta hutsean iritsi ziren atsedenaldira.

Hortik aurrera, beste partida bat ikusi zen. Bi taldeak neurketa euren aldera eraman nahian zelairatu ziren, eta joan-etorri asko izan ziren aurreneko minutuetan; Reala agintzen hasi zen arte. 55. minutuan aukera garbia izan zuen Nahikarik, baina ez zuen asmatu atezainaren aurrean. Arriskua sortzen ari ziren txuri-urdinak, gehienbat eskuin hegaletik, eta txisparekinzegoela nabari zitzaion Barbarari. Hura ari zen izaten partidako onena, eta gol batekin jarri zion ginga joko onari. Nerea Eizagirrek ipinitako kornerra bikain errematatu zuen Latorrek, hiru puntuak lortzeko gol erabakigarria sartuz.

Bigarrenaren bila ere joan zen Reala; eta izan zituen horretarako aukerak. 83. minutuan berriro zutoinera bota zuen baloia Nerea Eizagirrek. Azkenean, ez zen gehiago mugitu markagailua, eta Zubietan geratu ziren urteko lehen puntuak. Gustura zen Natalia Arroyo Realeko teknikaria partida amaitutakoan: «Garrantzitsua zen derbia irabaztea. Hobetzen jarraitu nahi dugu, eta goian egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.