REALA 1 MONAKO 1

Ez da harri egina geratu

Realak beste puntu bat batu du Europa ligan, harkaitz hutsa izan den Monakoren aurka. Merinok kornerrez berdindu du kanpokoek gisa berean sartu duten gola

Adnan Januzaj, Monakoko bi jokalarirekin lehian, atzo, Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 0-1. Disasik (15. min.). 1-1. Merinok(52. min.). Epailea. Sergei Ivanov (Errusia).Txartel horiaK. Realeko Aritz Elustondorieta Monakoko Maripani, Vollandi, Disasiri eta Niko Kovac entrenatzaileari. Bestelakoak. 23.765 ikusle Anoetan.

Puntuak aleka ari da biltzen Reala Europa ligan. Atzo, bana berdindu zuen etxean Monakoren kontra. Gogotik ahalegindu zen garaipena lortzen, baina oso hezur gogorra topatu zuen aurrean. Txuri-urdinen talentua eta esfortzua ez ziren aski izan Monakoren ahalmen fisikoa eta ordena defentsiboa gailentzeko. Exijentzia handiko beste partida bat izan zen, PSVren aurka jokatu zutena bezalaxe, eta ezin izan zizkieten hiru puntuak eskaini aspaldiko partez Europako futbolaz zuzenean gozatu zuten zaleei. Akaso, hori zen Alguacilen mutilek merezi zuten saria, aurkariak baino gose handiagoa erakutsi baitzuten garaipena lortzeko. Puntua ez da txarra, dena den, gutxiago izan baitziren lehen zatian, eta galtzen hasi. Ordea, ez ziren harri eginda gelditu, eta gutxienez zulo bat egin zioten aurkari gisa izan zuten harkaitzari.

Hasieratik, berea egin nahi izan zuen Realak, ohiko estiloari leial. Berehala bereganatu zuen baloia, zaintza estuen bitartez, eta jabetza luzeak izaten ahalegindu zen. Apurka, aukerak ere hasi zen sortzen: Oiartzabalek gora jaurti zuen falta bat areatik gertu, eta,erasoko trantsizio azkar batean, Januzajek indarrez jaurti zuen ezker oinarekin. Langatik gertu igaro zen baloia. Bada, txuri-urdinen hasiera ona ezerezean utzi zuen Disasik, korner batean 0-1ekoa sartuta. Atzelariak zutoinera jaurti zuen buruz, ahaltsu, eta Remirok ukitu ostean sartu zen baloia ate barruan.

Kanpokoen nagusitasun fisikoaren adierazgarri izan zen gola. Eta gerora ere, bertute horren berri eman zuen Niko Kovacen taldeak. Eta ez hori bakarrik: kokapen ona eta kontraerasoak bizkor antolatzeko gaitasuna ere sumatu zitzaizkion. Realak, anartean, arazo handiak izan zituen jokoari sakontasuna emateko. Erraz ukitzen zuen bere zelaian, baina aurkariarenean ez zuen zirrikiturik aurkitzen. Merinoren lerro arteko paseak eta Portuk, aurrelari lanetan, sakonera egindako korrikaldiak ez ziren aski izan Monako desegituratzeko. Oiartzabalek aukera izan zuen Zalduak baloia goian lapurtu ostean, eta Elustondo falta batean ahalegindu zen. Alferrik izan zen, ordea: Monakok aise eutsi zion errentari atsedenera iritsi artean.

Merinoren burukada itzela

Alabaina, Realak beste martxa bat sartu zuen bigarren zatian. Erritmo biziagoan jokatu zen partida, Alguacilenei komeni zitzaien bezala. 52. minutuan banakoa egitear izan zen Portu, erremate akrobatiko batekin, eta,ondorengo kornerrean, berdinketa berrezarri zuen Merinok. Aparta izan zen Januzajen erdiraketa, eta are hobea erdilari nafarrak lehen zutoinean buruz eginiko erremate gurutzatua. Hortaz, odolkiak ordainetan Monakorentzat.

Gutxirekin jarri zen aurretik lehen zatian Kovacen taldea, eta erasoan are gutxiago agertu zen berdinketaren ostean. Txuri-urdinak, ordea, geroz eta usuago hasi ziren Nuebelen ate inguruan agertzen, Januzajek gidatuta. Haren oinetatik igaro ziren Realaren jokaldirik esanguratsuenak. Eta aukera onenak ere bai.

Haatik, ez zuen errematatzen asmatu. Golegile baten premia sumatu zuen Realak, bigarren zatiko nagusitasuna markagailuan isla zedin. Azken minutuetan eten egin zen partida, aldaketak eta Vollanden sarrera itsusi bat tarteko. Xextra izan zen bi taldeetako jokalariaren eta teknikarien artean. Azkenean, puntu banaketa. Reala multzoko hirugarren dago orain, bi punturekin; lau dituzte Monakok eta PSVk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.