REALA 3 - 1 ATHLETIC

Puntuak eta jaia, etxekoentzat

Realak irabazi du Athleticen aurkako derbia, nagusitasuna markagailuan islatuta. Zuri-gorriek jokalari bat gutxiagorekin amaitu dute, Yeray kaleratuta. Inoizko ikusle gehien izan da Anoetan

Take Kubo, hark sartutako gola ospatzen, Realaren bigarrena. Iñaki Wiliams ageri da argazkian, burumakur. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
1-0. Sorlothek (25. min.). 2-0. Kubok (36. min). 2-1. Sancetek (41. min.). 3-1. Oiartzabalek, penaltiz (60. min.).

Derbien ezaugarri nagusietako bat izango da, agian, trazarik hartu ezina. Hau da, lehiaren estutasunak argi gutxi ematea igarleari. Halakorik ez zen jazo atzo Anoetan, Realak eta Athleticek jokatutako norgehiagokan. Etxekoen ekinaldiek gehiago balio izan zuten, eta berandu baino lehen islatu zen hori markagailuan. Jokoa eta emaitza izan ziren horren testigu: txuri-urdinak 3-1 nagusitu ziren. Inoiz baino zale gehiago bildu ziren Anoetara (38.342), eta,bisitarien kalterako, sailkapenaren logikak agindu zuen: donostiarrak gailendu ziren.

Ez aise, haatik. Talde zuri-gorriak bere sor-markari men egin, eta gogor estutu zuen neurketaren hasieran. Jokaldi bakanetan izan bazen ere, estu hartu zuen Alex Remiro Realaren atezaina. Halere, jokoaren gidaritza txuri-urdinena izan zen lehen minutuetatik. Gol aukerei erreparatuz gero, batik bat. Imanol Alguacilen jokalariek argitasun gehiagorekin ailegatu ziren Unai Simonen atera, eta saria jaso zuten.

Alexander Sorlothek estreinatu zuen markagailua. Aurrelari norvegiarra sasoiko dago, eta agerian utzi zuen hori 25. minutuan. Athleticeko atzelarien artean zintzilik geratutako baloia indarrez astindu zuen, Reala aurreratzeko. Lehendabiziko minutuetako oreka hautsi zuen jokaldia izan zen.

Reala erosoago aritu zen ordutik aurrera. Aldiz, Athletici gehiago kostatu zitzaion bere zelaian lekua egitea. Ernesto Valverdek azken jardunaldietako jokamoldea hobetsi zuen neurketaren hasieran, baina minutuek aurrera egin ahala, zirrikitu gehiago aurkitu zituzten etxekoek.

Donostiarrek halako jokaldi batean erdietsi zuten bigarren gola. Take Kubok eta David Silvak bat-bikoa egin zuten, eta japoniarrak jaso zuen baloia. Jokaldi bikaina egin zuen Kubok; Dani Vivianen hanka artetik pasatu zuen baloia, eta sarera errematatu zuen gero. Neurketak itxura bikaina hartu zuen Realarentzat, 36. minutuan.

Athleticek, berriz, ez zuen etsitzeko asmorik izan. Grina da zuri-gorrien ezaugarri nagusia, eta hori baliatu zuten atsedenaldira artean. Valverderenek zirt edo zart egin beharra zuten, Realaren menpe baitzeuden. Baita egin ere; Oihan Sancetek bere kalitatearen printzak probestu zituen aldea murrizteko.

Jokalari nafarrak pase bat jaso zuen eskuin hegaletik, 40. minutuan, eta zalantza gutxi egin zuen. Izterrarekin kontrola egin, eta jaurtiketa indartsua egin zuen. Atsedenaldiaren atarian, esperantza bizi-bizi mantendu zuen iruindarrak.

Hala iragan zen lehen zatia: Realaren nagusitasunarekin, baina dena argitzeko. Atsedenalditik bueltan, ordea, bestelakoa izan zen egoera. Hasi eta gutxira, min hartu zuen Sorlothek, eta Mikel Oiartzabalen aldeko hautua egin zuen Imanolek. Ordurako gaitasun handiagoa erakutsi zuen Realak, baina patxadarako tarterik ez zuten etxekoek, ez baitzen Athleticen harrapakari senaz fio.

Txartel gorria

Harik eta 58. minutua ailegatu zen arte. Donostiarren kontraeraso batean, Kubo lurrera jausi zen arean, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi zuen. Ez hori bakarrik, Yeray Alvarez kanporatu zuen. Bisitarien kexa nabarmena izan zen.

Oiartzabalek jaurti zuen penaldia, eta kapitainak ez zuen barkatu: 3-1, eta errenta Imanolen jokalarientzat. Hirugarren golak haizatu zituen etxekoak; hondoratu, aldiz, bisitariak.

Hurrengo minutuetan Reala aise aritu zen jokoan, Athleticen kopuru txikiagoa probestuta. Dena den, etxekoen nagusitasuna ez zen markagailuan islatu, eta Athleticen irmo eutsi zion atzeko aldean. Falta jaurtiketa batean aldeak murrizeko abagunea izan zuten bilbotarrek, baina horrez gain, deus gutxi egin ahal izan zuten. Halaxe amaitu zen sasoiko hirugarren derbia.

Hortaz, Realeko zaleen jaia erabatekoa izan zen atzoko aldian. Derbi baten ohiko gidoia segitu zuen Anoetako partidak: aurrea hartzeak balio handia izan zuen. Etorkizunerako lezioa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.