Alaves 1-1 Getafe

Ez etsitzearen saria

Alavesek puntu bat urratu du Getaferen aurka Mendizorrotzan, Callerik luzapenean sarturiko gol bati esker. Ibaik penalti bat huts egin du lehen zatian

Jonathan Calleri Alaveseko aurrelari argentinarra, gola ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Amathek (80. min.). 1-1: Callerik (93. min.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Alaveseko Wakasori, Manu Garciari, Jonyri eta Brasanaci; eta Getafeko Arambarriri eta Cabrerari. Bestelakoak. 18.373 ikusle Mendizorrotzan.

Real Madril eta Bartzelonarekin batera lider kokatzeko aukera zuen atzo Alavesek. Horretarako, beste garaipen bat zeukan lortu beharra, laugarrena erreskadan. Bada, bolada eten egin zitzaion atzo, berdindu egin baitzuen etxean Getaferen kontra; eta hartara, ezin izan zuen jardunaldia sailkapenaren buruan bukatu. Edonola, ez dago kexatzeko moduan, Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen baitu atzo batutako puntuari esker. Gogotik sufrituta zakuratu zuen, Getafe aurretik jarri baitzen 80. minutuan. Ordura arte nagusi izandako oreka apurtu zuen Amathen golak. Aitzitik, kolpeak ez zituen arabarrak hondoratu. Amore eman beharrean, erabakimenez egin zuten aurrera, eta 92. minutuan iritsi zitzaien saria, Calleriren burukada indartsu bati esker.

Hasierako hamaikakoan bi aldaketa egin zituen atzo Abelardok: Sobrino eta Martin sartu zituen Guidetti eta Maripanen ordez. Hala, Ximo Navarro eskuin hegaletik defentsako erdigunera mugitu zuen. Bada, kokapen aldaketak ez zion onik egin atzelariari, arazo dezente izan baitzituen. Haren akats baten ondorioz iritsi zen Getafek lehen zatian zuen gol aukerarik garbiena, 26. minutuan. Kale egin zuen baloi luze bat kontrolatzerakoan, eta Mata bakar bakarrik gelditu zen Pachecoren aurrean. Arabarren zorionerako, atezaina beti bezain sendo eta seguru agertu zen. Minutu bat lehenago, Angelen jaurtiketa indartsuari ere erantzun bikaina eman zion.

Getafek sortu zuen arrisku gehien lehen zati lehiatu batean. Defentsan zuloak itxi eta aurkariaren akatsak profitatzeko asmoz atera ziren bi taldeak, Jose Luis Bordalas eta Abelardo Fernandezen gidalerroei jarraiki. Hala, landutako oso jokaldi gutxi ikusi ziren. Minutuen joanean, kanpokoek urrats bat egin zuten aurrera, eta Alavesen zelaian pausatu ziren. Angelen mugikortasuna eta kalitatea baliatu zuten arriskua sortzeko. Arabarrek lehen zati eskasa osatu zuten, baina atsedenera irabazten joatear izan ziren: 40. minutuak, Soria penalti inozoa egin zion Calleriri kontraeraso batean, baina ondoren akatsa ondo konpondu zuen, Ibairi jaurtiketa geldituta.

Aldageletatik bueltan, oso bestelako itxura eman zuen etxeko taldeak. Lerroak aurreratu, eta zenbait minutuz bere arean sartu zuen Getafe. Erasoko jokalariek erritmo bizia jarri zuten, eta hegaleko defentsak lehen zatian baino dezentez gehiago igo ziren. Hori hala, 52. minutuan Laguardiak langara errematatu zuen Ibairen erdiraketa. 65. minutuan, Maksimovicek eskuarekin gelditu zuen Calleriren burukada bat area barruan, baina epaileak ez zuen ezer adierazi, Getaferen goleko jokaldian bezalaxe. Matak baloia eskuarekin kontrolatu zuen Alaveseko jokalarien irudikoz, baina Amathen gol ikusgarria markagailura igo zen. Frustrazioak ez zituen arabarrak irentsi, eta puntu bat batu zuten horri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu