Reala 2-1 Mirandes

Abantaila, baina motza

Realak irabazi egin du Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa. Mirandes ondo aritu da, eta estu hartu ditu txuri-urdinak. Itzulerakoan erabakiko da lehia
Cristian Portu eta Gorka Kijera, baloi bat lehiatzen. Realak, irabazi arren, lanak izan zituen Mirandesen amaraunetik ihes egiteko.
Cristian Portu eta Gorka Kijera, baloi bat lehiatzen. Realak, irabazi arren, lanak izan zituen Mirandesen amaraunetik ihes egiteko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2020ko otsailak 14

Golak. 1-0: Oiartzabalek (9. min.). 1-1: Matheusek (40. min.). 2-1: Odegaardek (42. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Realeko Monreali, Merinori, Oiartzabali, eta Zalduari; eta Mirandeseko Kijerari. Bestelakoak. 35.194 ikusle Anoetan.

Abantailarekin, baina ezer itxi gabe. Hala amaitu zuen atzo Realak Espainiako Kopako finalerdietako partida. Txuri-urdinak estu hartu zituen Mirandesek, eta gol bakarreko errentarekin amaitu zuten donostiarrek.

Hitzordu berezia zen atzokoa. Realak 32 urte daramatza kopako final baterako sailkatu gabe, eta zaleek beren aletxoa jarri nahi izan zuten etxeko partidan. Atotxako zelai zaharretik, Anoetako harmail berrira dio estadioan abestu ohi den kantu batek, eta Egiako zelaian bizitako une loriatsuak ekarri nahi izan zituzten partidaren aurretik. Lepo zegoen Madril hiribidea neurketa baino bi ordu lehenago. Zaleek harrera sutsua egin zieten txuri-urdinei: bengalek eta bufandek zabaldu zioten bidea Realaren autobusari.

Anoeta barruan ere harrera beroa jaso zuten etxeko jokalariek. Esaterako, garaipenera arte idatzia zuen oihala zabaldu zuten Aitor Zabaleta harmailako kideek.

Imanol Alguacilen jokalariek bete zuten zaleen eskaria, baina kostata. Mirandesek hasieratik argi utzi zuen ez dela kasualitatez iritsi finalerdietara, eta estu hartu zuen Reala lehen zatian. Bisitariek izan zuten lehen aukera, Martin Merquelanzen jaurtiketa baten bidez; lehen 45 minutuetan arriskua sortzen asmatu zuen Andoni Iraolaren taldeak, ausart jokatuta.

Halere, Reala izan zen lehen golaren egilea. Bederatzigarren minutuan erasora egin zuten txuri-urdinek, eta Cristian Portu Mirandesen areara sartu orduko lurrera bota zuen Odei Onaindia lekeitiarrak. Penaltia adierazi zuen epaileak, eta Mikel Oiartzabalek ez zuen barkatu; erraz sareratu zuen baloia.

Minutuek aurrera egin ahala joan-etorrikoa bihurtu zen neurketa. Astun ari ziren txuri-urdinak, eta gose gehiagorekin Mirandes. Hala, 40. minutuan kolpea jaso zuten etxekoek. Malsak baloia berreskuratu zuten zelai erdian, eta huts egin zuen Martin Odegaardek. Matheusi iritsi zitzaion baloia, eta banakoa egin zuen brasildarrak. Segituan zuzendu zuen akatsa erdilari norvegiarrak. Jokaldi bat antolatu ostean area kanpotik jaurti eta ozta-ozta aldendu zuen Mirandeseko Limones atezainak. Bi alderatzeren ostean, ordea, gola egin zuen Odegaardek. Horretxek leundu zuen lehen zatia.

Atsedenalditik bueltan, Portuk aldea handitzeko aukera argiena izan zuen. Mirandesek sikatu egin zuen Realaren jokoa, eta zelai erdiko lehia nagusitu zen. Hala, bi taldeek ez zuten aukera argiegirik egiterik lortu. Realaren kasuan, azken asteetan jazotakoaren alderantzizkoa gertatu zen: erasoko jokalariak hutsal aritu ziren, eta atzeko lerroak atera zituen babak eltzetik. Izan ere, Mirandesek ez zion utzi lehiatzeari, eta berdinketako gola sartzeko aukerak ere izan zituen. Azken unean hirugarrena egin eta itzulerakora arnas gehiagorekin joateko moduan izan zen Reala, baina ez: Mirandan erabakiko da kanporaketa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Osasun langileak PCR probak egiten Donostiako Okendo kultur etxean, ostiralean. ©Gorka Rubio/FOKU

499 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek: 211 positibo izan dira. Neurriak indartzearen alde agertu dira hiriburuetako alkateak.

Neurri bereziak dituen taberna bat, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek salaketa jarriko dute gaueko aisialdia mugatzearen aurka

Andoni Rekondo Izagirre

Uste dute «neurrigabea» dela 01:30ean ixteko agindua, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan. ©Marisol Ramirez/FOKU

Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati-Irati Urdalleta Lete

Gasteizko zahar etxe bat eta Mutrikuko eguneko zentroa itxi egin dituzte.

 ©Raul Bogajo / Foku

Lanbidek Zaramagako eta Laudioko bulegoak itxi ditu, bi langilek positibo eman dutela eta

Andoni Rekondo Izagirre

Bulegoetako gainerako beharginak ere etxera bidali dituzte berrogeialdia pasatzera. Bitartean, tramiteak webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna