Monako 2-1 Reala

Azken egunean erabakiko da

Realak galdu egin du Monakon, eta Europa ligan segitzea zaildu zaio. Hamazazpi partida eta gero, punturik bildu gabe geratu da. Txapelketan segitzeko, nahitaez irabazi behar dio PSVri, Anoetan

David Silva Realekoa, Monakoko jokalari bat atzean utzi nahian. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
1-0. Vollandek (27. min.) 1-1. Isakek (35 min.) 2-1. Fofanak (38. min.).

Realak kale egin zuen Monakon. Dena oker atera zitzaion atzoko jardunaldian. Galdu egin zuen bere partida, eta PSV Eindhovenek irabazi egin zuen Sturm Grazen aurka. Europa ligan segitzekotan, derrigor irabazi behar du azken jardunaldian. Aukera ona galdu zuen Louis II.a estadioan. Hiru puntu nahi eta alerik ez zuen bildu.

Lehen zatian okertu zen neurketa. Atsedenaldiko emaitza eta amaierakoa berbera izan zen. Hasiera orekatu baten ostean, Realak izan zuen lehen aukera, baina Adnan Januzajen jaurtiketa espejismo bat izan zen.

Belgikarraren jaurtiketa indartsuak ez zuen aterako biderik hartu. Bai, ordea, Monakorenak. Minutu bat geroago lehendabiziko gola egin zuen Printzerriko taldeak. Zelai erdian baloiaz jabetu,eta hiruzpalau pase nahikoa izan zituzten Matthew Ryanen atera gerturatzeko. Atezain australiarrak jokatu zuen atzo, eta deus gutxi egin ahal izan zuen.

Hala, 27. minuturako Realak maldan gora zuen neurketa. Kevin Vollandek egin zuen gola. Hala ere, txuri-urdinek berehala egin zuten suspertzera, eta neurketa orekatzea lortu zuten. Januzajek bizitu zuen bisitarien jokoa. Belgikarra izan zen donostiarren jokalari onena lehen zatian. Une onean dago, alai, eta nabari zaio.

Lerro arteko pase dotorea eman zion Alexander Isaki, eta aurrelari suediarrak ohiko erraztasunaz sareratu zuen baloia. 35. minutua zen.

Pozak gutxi iraun zien Louis II.a estadiora bildu ziren 1.000tik gora realzaleei. Hiru minutu geroago, Wesley Fofanak 2-1ekoa egin zuen. Erdiraketa baten ostean area txikian jaso zuen baloia, eta buruz errematatuz sareratu zuen. Realak erraztasun asko eman zituen defentsan, eta garesti ordaindu zuen hori.

Bigarren zatian irauli baten beharrean ziren Imanol Alguacilen jokalariak, eta teknikari oriotarrak bi aldaketa egin zituen. Andoni Gorosabel eta Ander Barrenetxea sartu zituen. Hark, hasieran, indartu egin zuen Realaren erasoko jokoa. Atera begira jarri zituen txuri-urdinak, baina asmatu ezinda aritu ziren.

Gola behar zuen Realak, eta jokoaren zama bere bizkar hartu zuen. Halere, Isaken erremate bat salbu, deus gutxi egin zuten Monako estutzeko. Etxekoek atzean sartuta igaro zituzten azken minutuak, baina jokoak moteltzera egin zuen.

Orduan amaitu ziren Realaren esperantzak. Hamazazpi partidaren ostean, galdu egin zuen Realak. Europa ligan segitzeko, PSVri irabazi behar dio Anoetan, abenduaren 9an. Erdibideko aukerarik ez du izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.