Albistea entzun

ERROMA 2 - 0 REALA

Esperantzara kondenatua

Nagusi izan da Erroma Europa ligako final-zortzirenetako lehen partidan. Partidako lehen akatsa garesti ordaindu du Realak. Datorren ostegunean kanporaketa iraultzen saiatuko da Reala Anoetan
Erromako jokalariak goletako bat ospatzen, Realeko jokalariak burumakur dauden bitartean.
Erromako jokalariak goletako bat ospatzen, Realeko jokalariak burumakur dauden bitartean. ETTORE FERRARI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko martxoak 10

1-0. Stephan El Shaarawy (13 min) 2-0. Marash Kumbulla (88 min).

Nahi eta ezin. Halakoxea izan zen Realak Erromako Olinpiar Estadioan jokatu zuen partida. Etxeko taldeak txuri-urdinen lehen akatsa zigortu zuen, eta 13.minututik atzetik aritu zen Reala markagailuan. Golaren ondoren, Erromako jokalarien diziplina nagusitu zen zelaian, baina banakoa gertu izan zuten donostiarrek; Kuboren aukera batean lehen zatian, eta Merinoren erremate batean bigarrenean. Ez zuten asmatu, ordea, eta partidaren hondarrean etxeko taldeak bigarrena egin zuen, korner jaurtiketa batean. Anoetan egun handia beharko du Realak datorren ostegunean hurrengo fasera sailkatzeko.

Parekotasuna ikusi zen Olinpiar Estadioko zelaian neurketa hasieratik. Realak eduki zuen baloia, baina Jose Mourinho pozik egoteko moduan zen, txuri-urdinek ez baitzuten area ingurura arriskuarekin heltzea lortzen. Etxekoak bikain aritu ziren defentsako lanean, ohi duten bezala, eta estuasun handirik pasatu gabe, Realaren hutsegitearen zain zeuden. Hala izan zen. Diego Ricok baloia galdu zuen ezker hegalean, Erromaren areatik gertu, eta bi paserekin txuri-urdinen areara iritsi ziren etxekoak, ziztu bizian. Dybalaren pasea baliatuz ederki egin zion izkin Abrahamek Zubeldiari, eta haren erdiraketa sareetara bidali zuen El Shaarawyk 13. minutuan.

Neurketa hasi eta berehala jarri zitzaion partida maldan gora Realari, baina golaren osteko lehen minutuetan beldur apur bat nabaritu bazitzaien ere, bereari eutsi zioten txuri-urdinek. Baloia eduki bai, baina zelai erditik hurbil une oro. Arrisku handirik hartu gabe aritu zen Reala, Anoetako partidan pentsatzen akaso, baina etxeko taldea gustura zegoen zelaian. Erromakoen ordena nagusi zen zelaian, Cristantek eta Maticek ederki eusten zioten taldeari, eta baloi ugari lapurtu zituzten bi euskarrien artean.

Hala ere, gertu izan zuen berdinketaren gola Kubok. Japoniarraren mugimendua ederki ikusi du Merinok, baina toki gutxirekin egindako errematea zutoinera joan zitzaion Kubori. Lehen zatiko jokaldi desberdin bakarrean berdinketa eskuratzear egon zen Reala. Erromak, baina, nahi zuen tokian zeukan neurketa, eta gutxi falta izan zitzaion Pellegriniri bigarren gola sartzeko. Dybalaren jaurtiketa gogor bat oinarekin desbideratu zuen italiarrak, eta Remiroren atearen gainetik irten zen baloia.

Bigarren zatian plan berberarekin zelairatu ziren bi taldeak. Erroma 11 jokalariak bere zelaian zituela aritu zen defentsan, eta kostata aurkitu zituen zirrikituak Imanol Alguacilen taldeak. Geroz eta baloi gehiago izan zuen Realak denbora aurrera joan ahala, baina lehen minututik erakutsitako kontzentrazioarekin egin zuen lan Mourinhoren Erromak. Maisua da portugaldarra markagailu motz horietan. Aspalditik erakutsi du jokatzeko era hori zenbateraino dominatzen duen, eta haren zigilua ezarri dio Erromari ere.

Zuhaitza astinduta ere ez

Aurkariak defentsako lanean asmatzen duenean zortea ere behar izaten da golen bat sartzeko, baina hori ere ez zuen alde izan Realak. Aldaketekin aurrerapausoa eman zuten txuri-urdinek, eta aukera argi bat ere izan zuten berdinketa lortzeko. Zelairatu berria zen Brais Mendezek erdiraketa bikaina egin zuen, eta Merinok, area txikian eta dena alde zuela, kanpora bidali zuen errematea. Ondoan zeukan Oiartzabal, baina erdilariak ez zuen taldekidea ikusi.

1-0ekoa bera ez zen emaitza txarra Anoetara eramateko, baina arratsalde ilunak beste albiste txar bat zeukan txuri-urdinentzat. 90. minutuaren bueltan, korner bakan batean bigarrena sartu zuen Erromak. Taktikoki landutako jokaldia modu traketsean defendatu zuen Realak, eta Kumbullak bakar-bakarrik egin zuen errematea: 2-0. Hala amaitu zen neurketa, eta Anoetan markagailua irauli beharko du Realak final-laurdenetan egoteko.

Haserre agertu zen Imanol prentsaurrekoan: «Joko polita erakuts dezakezu, baina oparitu duguna berriro oparitzen badugu, bi gol sar diezazkigukete».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOK U

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Ainara Arratibel Gascon

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
<b>Gorka Nieto iragan asteartean, Sportingen aurkako neurketan, jaurtiketa bat egiten.</b> ©JON URBE / FOKU

Lisboan biribildu behar

Beñat Mujika Telleria

Artalekun irabazi ostean, Bidasoa kanporaketa biribiltzen ahaleginduko da gaur, Lisboan. Hiru golen aldea daukate irundarrek
Errepausuko lepoko bide seinaleak. ©M. ARRIZABALAGA

Manttobaitatik Ainhoara

Mikel Arrizabalaga

Ibilaldi luze honek Xareta lurraldeko Sara eta Ainhoa herriak ezagutzeko aukera ematen digu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...