ATLETICO MADRIL 2 - 1 REALA

Galduta ere, helburua lortuta

Realak Txapeldunen Ligan jokatuko du datorren denboraldian. Txuri-urdinek galdu egin dute Atletico Madrilen aurka, baina Vila-realek ere galdu egin du Rayo Vallecanoren aurka

Realeko jokalariak, atzo, Metropolitanoko zelaian, Imanol Alguacil prestatzailea airatzen. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
1-0. Antoine Griezmann (37 min.) 2-0. Nahuel Molina (73 min.) 2-1. Alexander Sorloth (88 min.).

Porrot gozoa izan zuen Realak atzo, Atletico Madrilen aurka, txuri-urdinak Txapeldunen Ligan arituko baitira datorren denboraldian. Gertu zeukaten helburua, eta, 2-1 galdu zuten arren, Rayo Vallecanoren garaipenak izarren ligan aritzea bermatu zien. Laugarren urtez jarraian jokatuko du Imanol Alguacilen taldeak Europan, baina goia jotzea lortu du Orioko entrenatzaileak oraingoan. Hamar urteren ondoren itzuliko da Reala Txapeldunen Ligara, eta festa handia espero da datorren igandean Anoetan. Helburua lortuta, Asier Illarramendik lasai esango dio agur Realari. Sevillaren aurkakoa izango da kapitainaren azken partida elastiko txuri-urdinarekin.

Partidari dagokionez, ondo ekin zion Realak. Ohi duen bezala hasi zen, baloiaren jabetza bereganatuz, eta defentsan presio oldarkorra eginez. Hala, 6. minuturako iritsi zen Realaren lehen gol aukera. Mikel Merinok ederki ikusi zuen Alexander Sorloth lerro artean, eta, jokalari bati izkin egin ostean, Ivan Grbicen atera joan zen zuzenean. Tokirik gabe egin zuen errematea, eta kanpora joan zen Norvegiakoaren errematea. Jokaldi horretan soilik topatu zuen zirrikitua Realak etxekoen defentsan. Espainiarrek bost atzelari zelairatu zituzten, eta sendo aritu ziren atzean. Gainera, pixkanaka-pixkanaka baloia bereganatu zuen Atletico Madrilek, eta aurrerapausoa eman zuen.

Simeoneren taldeak lortu zuen Alex Remiroren atera hurbiltzea. Aukera argirik sortu gabe hasieran, baina lehen zati osoan egin zuen erremate bakarrean sartu zuen gola. Griezmannek egin zuen, Zubietako harribitxiak. Frantziarraren jaurtiketak ez zen bereziki arriskutsua, baina txuri-urdinen atzelarien artean igaro zen baloia, eta Remirok ez zuen ikusi ere egin: 1-0, 37. minutuan.

Bigarren zatian ere gehiago izan zen etxeko taldea. Griezmannek min handia egin zuen area ertzean kokatuta, eta Realak ez zuen hura gelditzeko modurik aurkitzen. Hala ere, arratsaldeko albistea berehala iritsi zitzaien txuri-urdiei. Metropolitanotik ez oso urruti, Vallecasen, lehen gola sartu zuen Rayok. Berehala iritsi zen Atletico Madrilen bigarrena —Nahuel Molinak egin zuen—, baina Rayok ere bigarrena sartu zuen berehala.

Imanolek prentsaurrekoan esan zuen bazeukatela Vallecaseko emaitzaren berri. Hala ere, Reala berea egiten ahalegindu zen, eta partidaren hondarrean gola sartzea lortu zuen. Sorlothek bidali zuen baloia sarera, Brais Mendezen pase bikain bat jaso ostean. Handik gutxira amaitu ziren bi partidak, eta orduantxe piztu zen txuri-urdinen festa. Metropolitanoko berdegunean ospakizun handia egin zuten jokalariek eta prestatzaileek behin helburua lortuta. Ez da gutxiagorako. Hamar urteren ostean, Txapeldunen Ligara itzuli baita Reala.

Patroiaren harrotasuna

Lortutakoaz «oso harro» dagoela azaldu zuen Imanol Alguacil prestatzaileak prentsaurrekoan. Oriokoak laugarren aldiz jokatuko du Europan Realarekin, baina lehenbiziko aldiz Txapeldunen Ligan. «Taldea egiten ari dena ikaragarria da. Hiru urtez jarraian Europa Ligarako sailkatzea gauza handia zen, baina jardunaldi bat falta dela Txapeldunen Ligarako sailkatuta egotea izugarria da. Jokalariei esan diet: ez da lortu dutena bakarrik, baizik eta nola lortu duten. Horri eman nahi diot balioa». Reala osatzen duten «guztiei» eskerrak eman nahi izan zizkien prentsaurrekoan:«Klub guztia zoriondu nahi dut. Staff-a, zaleak... Askotan ez da harrobiko lana ikusten, eta jende asko aritzen da gure atzean lanean. Lortutakoa historikoa da, eta denok gozatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.