Albistea entzun

REALA 1 - 0 ALMERIA

Izarren bristadak ikusi dituzte

Reala Txapeldunen Ligarako sailkatuko da Vila-realek gaur ez badio Cadizi irabazten. Txuri-urdinek eroso azpiratu dute Almeria, bigarren zatian aise arituta. Bisitariak hamarrekin aritu dira ordubetez
Realeko jokalariak, Take Kubok sartutako gola ospatzen; partidako gol bakarra izan da.
Realeko jokalariak, Take Kubok sartutako gola ospatzen; partidako gol bakarra izan da. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2023ko maiatzak 24 - Donostia

1-0. Kubok (45. min).

Realak esku-eskura du Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Txuri-urdinek gol baten aldeaz menderatu zuten atzo Almeria Anoetan, eta, hiru puntuak eskuratuta, oso estu hartu dute Vila-real sailkapenean. Herrialde Katalanetako taldeak bederatzi puntu ditu jokoan, eta donostiarrek zortzi ateratzen dizkiote. Hortaz, gaur etxean Cadizi irabazi beharrean da —19:30ean hasiko da partida—. Bestela, Reala matematikoki sailkatuko da izarren txapelketarako hamar urte geroago. Lehen bristadak ikusi ditu jada.

Markagailuak bestelakorik adierazi arren, Reala eroso gailendu zitzaion Almeriari. Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak bigarren zatian ondu zuen garaipena, bi taldeak xume aritu baitziren lehendabiziko zatian. Ia ailegatu ere ez ziren egin aurkariaren areara, eta arrisku gutxi sortu zuten.

Etxekoek talde ahaltsua zelairatu zuten. Bi izan ziren berritasunik deigarrienak; defentsaren erdian, Jon Pachecok zigortutako Igor Zubeldia ordezkatu zuen; eta, erasoan, Carlos Fernandezek Alexander Sorlothen tokia hartu zuen.

Sasoian zehar gehien erabili duen marrazkia berreskuratu zuen Realak zelai erdian, David Silva hasieratik arituta. Imanolek bezperan adierazi zuen erdilari espainiarrarekin «arriskatzeko» garaia zela, eta hori egin zuen. Ordea, Silvak aldaketa eskatu zuen hasi eta berehala, 18. minutuan, arazo fisikoak tarteko. Brais Mendez zelairatu zen haren ordez.

Hasierako asmoak aldatuta, hurrengo minutuetan egokitzen saiatu zen talde txuri-urdina, baina Almeriak opari handi samarra egin zion berandu baino lehen. Luis Suarezek sarrera gogorra egin zion Robin Le Normandi 34. minutuan, eta epaileak kalera bidali zuen, jokaldia VAR-ean berrikusi ondoren.

Realari ate bat zabaldu zitzaion parez pare, eta baliatu egin zuen hurrengo minutuetan. Jokalari kopuruan gailenduta, aurkariaren arean zirrikituak aurkitu zituen. Carlos Fernandezek aukera argia izan zuen 42. minutuan. Mikel Merinok area txikian berreskuratu zuen baloia, eta aurrelariak zailena egin zuen: atea parean handi-handi zuela, kanpora bota zuen baloia.

Kubok piztu du sua

Take Kubok, ordea, ez zuen hutsik egin hiru minutu geroago. Japoniarrak gol ikusgarria sartu zuen atsedenaldiaren aurreko azken jokaldian. Reala estutzen ari zela, area ertzean baloia jaso, eta jaurtiketa bikain batekin gol geldiezina sartu zuen. Unerik onenean aurreratu zuen bere taldea.

Kubok agerian utzi zuen beste behin bere gaitasun teknikoa. Sasoi betean dago, eta Realak eskertu egiten du. Hain justu ere, hark piztu zuen sua atsedenalditik bueltan. Protagonista izan zen txuri-urdinen lehen erasoko jokaldian, baina Mikel Oiartzabalekin egindako jokaldia ezerezean geratu zen.

Dena den, bigarren zatiari hobeto ekin zion Realak. Jokoan nagusitasun handiagoz aritu zen, Kuboren hegaletik, batez ere. Hark izan zuen hurrengo aukerarik argiena. Braisekin bat-bikoa egin, eta gutxigatik kanpora bota zuen baloi gurutzatua, zutoinaren albotik. 61. minutua zen.

Reala gailendu egin zen jokoan partidak aurrera egin ahala, eta gero eta arrisku gehiago sortu zuen. Baina azken metroetan bizitasuna falta izan zitzaion. Haatik, Almeriak ez zituen txuri-urdinak estutu, jokaldi solteren batean salbu.

Ander Barrenetxea eta Sorloth saiatu ziren azken minutuetan, patxadaren gola sartzeko, baina haien saialdiak ez ziren balekoak izan. Almeriak falta jaurtiketa batean estutu zuen Reala, baina alferrik. Azkenerako, Realak aurrez sartutako gola baliatu zuen laugarren postuan sendotzeko.

Epaileak partidaren amaiera adierazi orduko, festa lehertu zen Anoetan. Ez alferrik: baliteke Reala gaur bertan izatea Txapeldunen Ligako taldea.

Ez da harritzekoa Imanol pozarren egotea norgehiagoka amaieran. «Ikaragarria da talde hau zer egiten ari den; oso zaila da horren erregular aritzea. Konpromisoari dagokionez, ezin dut izan talde hobeagorik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten dagoeneko, 600 igoera baino gehiago izan dira.

 ©Rodrigo Jimenez / EFE

Txuri-urdinek distira egitearen gakoak

Jon Ander De la Hoz

Realak matematikoki eskuratu du datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko eskubidea. Txuri-urdinek multzo sendoa osatu dute, eta zenbait marka historiko ezarri dituzte

 ©Idoia Zabaleta / Foku

Oier Sanjurjok erretiratu egingo dela iragarri du

Beñat Mujika Telleria

Lizarrako jokalariak 37 urterekin utziko du futbola. Osasunako kapitain izandakoak AEK Larnacan jokatu du azken denboraldian.

 ©LUCA ZENNARO / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...