Alaves 2-1 Eibar

Neurria hartua dio

Ipuruan egin bezala, Mendizorrotzan ere irabazi dio Alavesek Eibarri, eta eten egin du etxean zeraman bolada txarra. Eibartarrak eskas aritu dira defentsan

Anaitz Arbilla eta Oliver Burke, lehian, atzo, Alavesek eta Eibarrek Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Lucas Perezek (46. min.). 2-0: Burkek (66. min.). 2-1: Orellanak (84. mi.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Alaveseko Aleix Vidali, Ximo Navarrori eta Laguardiari; eta Eibarreko Pedro Leoni eta Charlesi. Bestelakoak. 17.089 ikusle Mendizorrotzan.

Alavesek neurria hartu dio Eibarri denboraldi honetan. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan irabazi dio. 0-2 nagusitu zitzaion Ipuruan lehen itzulian, eta 2-1 gailendu zitzaion atzo Mendizorrotzan. Hori eginda, bolada txarra eten du, lau jardunaldi baitzeramatzan etxean irabazi gabe, eta hamabi puntutatik bi besterik ez baitzituen lortu. Irabazita, halaber, beste urrats bat egin du mailari eusteko lehian, denboraldiko helburua lortzeko bidean. Jardunaldiko beste partidetako emaitzen zain, bederatzi puntura ditu jaitsiera postuak. Ez da inondik inora alde erabakigarria, baina bai balio du nerbioak pixka bat uxatu eta lasai antzean lan egiteko.

Kontrakoa gertatzen zaio Eibarri. Hiru jardunaldi zeramatzan galdu gabe, baina atzo ez zuen aurrerapausorikk eman mailari eusteko bidean, eta jardunaldiko emaitzek jaitsieratik hiru puntu bakarrera utz dezakete. Aparteko lanik egin gabe puntuak lortzen ari zen azkenaldian, baina atzo esku hutsik geratu zen. Aurrera egin beharrean, atzera egin du. Bide zuzena topatu beharrean da lehenbailehen, eta bide horretan eutsi. Ez du lortu orain arte.

Gol guztiak bigarren zatian

Alavesi ezin hobeto atera zitzaion Asier Garitanok proposatutako estrategia: baloia utzi zion Eibarri, eta haren huts baten zain geratu zen. Bisitariek izan zuten baloia, baina ezertarako ez, apenas sortu baitzuten arriskuko jokaldirik. Etxekoek, aldiz, bikain aprobetxatu zituzten aurkariak egin zituzten hutsak.

Ximo Navarrok eman zuen lehen abisua, aurreneko zatia amaitzear zela. Baloia hartu zuen jokaldi nahasi batean, baina Dmitrovicek zapuztu egin zuen haren ahalegina. Aukera horrek ez zuen etxekoen estrategia aldatu, eta Eibarren hutsaren zain geratu ziren.

Eta berehala iritsi zen aukera hori, bigarren zatia hasi eta hogei segundo eskasera. Eibarrek atera zuen baloia zelai erditik, baina lehenbizi, Bigasek, eta jarraian, Burgosek, huts larria egin zuten. Joseluk hartu zuen baloia, eta haren pasea bikain errematatu zuen Lucas Perezek. Aurrelari galiziarra zelaira irten berria zen, eta segundo eskas batzuk bakarrik behar izan zituen sasoiko bederatzigarren gola sartzeko.

Gol horrek arriskatzera behartu zuen Eibar, eta halakoetan errazagoa da hutsak egitea. Eta halaxe gertatu zen. Eibarreko atzelariek kale egin zuten berriz ere, eta Burkek ondo aprobetxatu zuen bigarren gola sartzeko. 66. minutua zen, eta Alavesek bideratuta zuen garaipena.

Orellanak itxaropena eman zion Eibarri 82. minutuan urrutitik gol ederra sartuta. Baina hortxe geratu zen bisitarien ahalegina. Azkenean, etxekoen garaipena, eta festa Mendizorrotzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.