Hari morez jositako txapela

Oihane Pereak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, Gasteizen jokatu den finalean. Puntu bakarragatik gailendu zaio Asier Otamendiri. Haien atzetik, hirugarren sailkatu da Manex Agirre
Serapio Lopez, Asier Otamendi, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Manex Agirre, atzo, Gasteizen, irabazlea erabaki berritan.
Serapio Lopez, Asier Otamendi, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Manex Agirre, atzo, Gasteizen, irabazlea erabaki berritan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ane Zuazubiskar Iñarra -

2017ko apirilak 2
«Hor dago morez brodatutako/ lehendabiziko txapela.../ Ta sentitzen dut, baina uste dut,/ nire izena duela». Hori kantatuta hasi zuen Oihane Pereak atzo Gasteizen jokatu zen Arabako Txapelketako finala. Buruz buruzkoan Asier Otamendiri irabazita, haren izena josi dio Pereak 2017ko txapelari. Bien atzetik sailkatu ziren Manex Agirre, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Serapio Lopez.

Saio puntuagarria hasita, hausnarketarako baliatu zuen seikoteak zortziko handiko ariketa. 80ko hamarkadan heroinazaleak izan ziren Viñaspre eta Igoa; harrituta zeuden, azken aldian parkean aurkitutako xiringa kopuruarekin. Txukun hasi zen Igoa: «Nire kasua kontatuko dut/ parke hontatik hasita;/ ze arazo bat ez da konpontzen/ inoiz begiak itxita». Horrela erantzun zion Viñasprek: «Asko direla nahiz eta ez den/ berez hain erraz konpontzen.../ Ez dut ulertzen zergatik inork/ ez dituen hauek jasotzen». Haiek bizitakoa kontatzearen asmoari eutsi zion Igoak: «Noizbait bidean galdutakoei/ behintzat hauxe zor diegu». Viñasprek kantatu zuen ariketako bertsorik biribilenetakoa: «Beraz hizketan haiekin hasi/ behar zaie irakatsi:/ zaldi gainean hilerriraino/ baino ezin dela iritsi». Gaixotasun degeneratiboa zuen haur baten gurasoak ziren Perea eta Agirre; gaixotasuna muturrera heltzean, heriotza duina izatea nahi izan zuen alabak. Horretarako unea heltzean, kezkatuta zeuden biak. Pereak hasi zuen bertsoaldia: «Ta orain berriz ea nor dugun/ deskonektatzen duena.../ Aita ta ama bezala hau da/ azterketarik zailena». Txukun segitu zion Agirrek: «Bi zati ditut pertsona ta aita,/ nik halaxe dut ikusten.../ Pertsonak nahi du baina ai aitak/ ez dio egiten uzten». Horrela itxi zuen Pereak bertsoaldia: «Heldu zaidazu eskutik eta/ biok egin dezagun klik./Eskerrik asko gure bihotza/ eman diguzunagatik».

Hamarreko txikiko ariketan, bizi aritu ziren bertsolariak. Haur jaioberria erregistratzera joan zen Otamendi. Erregistroko langileak, Igoa bere koinatuak, jarri nahi dion izena onartuta ez zegoela esan zion. Bizi ekin zion Otamendik, eta barrez jarri zuen antzokia: «Nire arbasoen izenak,/ hori dut desio.../Jarri: Miguel Prantzisko/ Jose Anastasio». Fin jarraitu zion Igoak: «Zu izen luze hori/zaude iritzita,/ baina ezin da joan/ behin hori jarrita.../ Langile naiz koinatu/ izan aurretik ta». Haurrari Mary izena jartzea proposatu zuen Igoak, haren izenak Otamendi abizenarekin errimatu zezan. Proposamenari tiraka, haurrari «Mary Txapeldun» deitzeko kantatu zuen Otamendik; bizi amaitu zuen Igoak: «Arrarorik gehiago/ jada ez da sartzen.../ Azken izen raroa/ Serapio izan zen». Auzolanerako deia egin zuten Perearen eta Viñaspreren herrian; eguna helduta, Viñaspre izan zen hitzordura agertu zen herritar bakarra. Herrikideen bila joatea erabaki, eta Perearen atea jo zuen: «Almohada aurpegian,/ eta logalea.../ Gero esan garela/ herri langilea». Horrela jarraitu zuen Pereak: «Herri langilea dio/ ta ez dago barrezka.../ Ai nik atzo guztia/ eman nuen eta». Zorrotz amaitu zuen Viñasprek: «Energia ez xahutu/ soilik hortan hobe.../ Ta herrigintzarako/ apurtxo bat gorde».

Seiko motzeko ariketan ale politak utzi zituzten bertsolariek. Maitaleak ziren Otamendi eta Perea; urtegira joan ziren biluzik bainatzera, eta uretatik ateratzean ohartu ziren arropak ez zeudela haiek utzitako lekuan. Elkarri adarra jotzeko baliatu zuten gaia; txukun ekin zion Otamendik: «Erroparik nola ez den/ ta biok biluzik hemen.../ Aizu Oihane esana nizun/ zu zein polita zaren». Bizi segitu zuen Pereak: «Ta orain biluzik gaude,/ ta gure arropak alde./ Ba Asier asko galtzen duzu zuk/ arroparik gabe». Horrela bukatu zuen Otamendik bertsoaldiko azken bertsoa: «Egin dezagun tratua,/ Adan ta Eva aipatua.../ Paradisuan gaude orain ta/ egin pekatua». Pereak biribildu zuen ariketa, ostean zetorrena igarrita-edo: «Ta orain nire erara,/ gaude biok beharbada.../ Gaurko honetan buruz burukoa/ plazerra izan da».

Bertsolari bakoitzak gai bati kantatu zion bakarkako ariketan. Euskaltegian urte luzez aritu zen Otamendi; haren haur jaioberriari euskaraz esan zizkion lehen hitzak: «Gaur nire alaba jaio da eta/ berai behar diot erantzun./ 'Zoragarria, maitagarria, pospolin'/ behar duzu entzun.../ Ta sinonimo gehiago ez dakit,/ bestela esango nizkizun». Horrela amaitu zuen ariketa: «Igual pixka bat astuna naiz ni,/ ta emango dizut gerra.../ Baina alaba zu zeu zaitut nik/ hizkuntza bezain ederra». Agirre GKE batean aritu zen lanean atzerrian; etxera itzuli zenetik, ezin lur hartuta zegoen: «Laurehun hildako begi aurrean/ ikusi ditut Mosulen./ Ta bueltatzea erabaki dut,/ hura ikusi ondoren./ Eta orain nabil hemen.../ Oker nenbilen Iraken eta/ igual okerrago lehen.../ Ez sinisteko modukoa da/ zeinen hipokritak garen». Zorrotz amaitu zuen: «Barrua askatzera joaten gara/ inoiz atzerrietara.../ Hura aldatu gura badugu/ geu aldatu behar gara».

Bi txapeldun, buruz-buru

Pereak eta Otamendik kantatu zuten buruz burukoan; Arabako txapela jantzitakoak dira bi bertsolariak, eta aretoko giroa lehertu zuen horrek. Pereak utzi zuen buruz burukoko alerik gogoangarriena. «Aspaldiko partez, elkarrekin atera zarete kalera» gaiari beretik helduta, ospitalean duen amari kantatu zion Pereak: «Iktus batek egin zizun/ zure burua nahastu.../ Bi hilabete pasa dira,/ berriz nahi dugu jolastu./ Ze susto eman zenidan/ oraindik ez zait ahaztu». Gogor bezain gozo kantatu zuen hirugarren bertsoa: «Iktusak ere izan du/ zuretzako gauza onik.../ Beraz bagoaz kalera/ jantzi ederrak ipinirik./ Hartzazu muxu eder bat/ hauxe esan nahi dizut nik:/ Ez dagoela gu biok/ garaituko gaituenik».

Karla Santistebanek jantzi zion txapela Pereari. Arabako lehen bertso eskolaren sortzaileetakoa izan zen Santisteban, eta antolatzaile, gai-jartzaile eta epaile lanetan aritu da ordutik. Hunkituta, ospitalean duen amari eskaini zion Pereak jantzi berri zuen txapela: «Nik pixka bat sufritu dut/ baina aste honetan barna,/ ospitalean daukagu/ gure etxeko armiarma.../ Gogoaren indarra da/ entregatzen ez den arma,/ gaurko honetan txapelak/ Maitetxo izena darama». Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantatuko dute Otamendik eta Pereak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna