Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Ziztada

2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Poliziak, mediku adituek eta feminista taldeek zuhurtziaz jokatzeko eskatzen omen dute azkenaldian gertatu diren baimenik gabeko ziztada horien aurrean. Hala irakurri dut gaztelerazko komunikabide batean. Alarma egoerarik ez pizteko eta gertatuari egurrik ez botatzeko eskaera egiten omen dute. Nola? Egurrik bota ez baina gu nahi duten modura egurtu bai, ezta? Ni sutu egiten nau egoerak! Talde feminista batek gaitzetsi ez ezik ahal diren neurri guztiak hartzeko modua egingo du, eta nekez saiatuko da urak baretzen beldurraren olatua gainetik pasatzen ari zaigunean.

Lehen bakarrik ibiltzea zen arriskutsua. Lehen gauez kale ilunetan barneratzea zen saihestu behar genuena. Arropa arin eta deigarriak janztea bortxatzaileak erakartzea zen. Orain etxetik ere ezin ote dugu atera?

Zer da hau? Ziztadaren beldurra edo beldurraren ziztada? Otzantasun kimikoa omen da biktimarengan eragin nahi dena. Beldurra arriskutsutzat jotzen den berehalako estimulu edo egoera batean sentitzen den emozio bizia omen da. Muturreko egoera honen aurrean, halaber, izua ere sentitzen dugu. Eta nazka! Eta amorrua!

Ehundaka ziztada eta ehundaka salaketa jaso dira, baina gertaera bakanak omen dira. Gisa honetako ziztada bat ere gehiegi da!

Zein da erasotzaile horien helburua? Hori da ahoz aho dabilen galdera nagusia. Metanfetaminak, benzodiazepinak eta burundanga bezalakoak omen dira ziztada bidez gorputzeratzen dizkiguten drogak. Baina jazarpena jaso duena ezin omen da modu honetara erabat lokartu, ezinezkoa omen da behar besteko dosirik barneratzea. Kontsolagarria benetan!

Era berean, lasaigarri balitzaigu bezala, orain arte ez omen da frogarik ziztada jaso duten emakumeek eraso sexualak jasan dituztenik. Beldurra eragiteko asmo soila omen da jarduera burugabe honen helburua. Ohartzen ote gara beldurra dela nornahi paralizatu eta deuseztatu dezakeen arma indartsuenetakoa?

Beldurra ere patriarkatuaren estrategia bat da. Gure lekua hartzearen aurkako beste atentatu matxista bat da. Eskuz esku dabilen ziztada hori ez da, ordea, arazo bakarra. Izterrez izter zulatu ondoko gaixotasunen transmisio arriskua ere hor dago, baina ez dezagun punta zorrozdun xiringaren aurrean begirada kamustu. Auzia ez da zer eta non hustu. Gure sumisioaren bila ari dira etengabe, eta hau ezin da onartu! Batu ditzagun denon indarrak eta indargabetu dezagun bortxa oro!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.