Katalunia. Prozesu subiranista

Urriaren 1erako geratzen diren 24 egunen agenda

Erreferenduma egin bitartean hainbat mugarri daude independentisten agendan. Estatuaren aparatuaren eragozpenak izango dira tartean.

Erredakzioa
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gaurtik zenbatzen hasita 24 egun geratzen dira, zehatz mehatz, urriaren 1erako. «Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?». Galdera horri erantzun beharko diote katalanek egun horretan, baina erreferendumaren mugarri horretara iristeko, beste hainbat mugarri ere zeharkatu beharko dituzte, estatuko aparatuek bide orria eragozteko ezarritako trabak tartean. Bada, aurreikustekoa den agendatik haratago, aurreikusi ezin diren bihurguneak ere izango dira bidean.

IRAILAK 7

Espainiaren erantzuna

Konstituzionala gaur da berriz elkartzekoa. Kataluniako Parlamentuaren legeari erantzun bat ematea aurreikusten da. Espainiako Ministroen Kontseilutik ere erreakzioren bat etor liteke.

Kataluniako ParlamentuarenOsoko Bilkuraren saioak, berriz, jarraipena izango du gaur. Bihar, berriz, ez ohiko bilkura dago deituta. Junts Pel Sik eta CUPek Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea, beraz, gaur ez bada bihar onartu dezakete, izan ere, aste honetan onartzeko akordioa hitzartuta zegoela iragarri zuen CUPek. Lege hau ez dago zertan onartu erreferenduma egin aurretik, baina horrela egitea aldarrikatu izan du CUPek. Abuztuaren 28an erregistratu zuten errepublikaren oinarriak ezartzen dituen legea; Kataluniako Konstituzioa onartu arte hori izango da araudi nagusia.

IRAILAK 11

Diada

Kataluniaren Egun Nazionala ospatuko dute urtero bezala katalanek, baina aurten esanahi berezia izango du, erreferendumaren atarian independentziak duen babesa neurtzeko balioko baitu. Diada del Si (Baiezkoaren Diada) izena jarri diote aurtengo deialdiari. ANC Biltzar Nazional Katalanak indar erakustaldi bat egin nahi du egun horretan; Bartzelonako Gracia pasealekua eta Aragoi kalea gurutzatuko duen x bat irudikatzeko. Jada 250.000 lagunek eman dute izena.

IRAILAK 15

Kanpainaren hasiera

Erreferendumaren kanpaina ofiziala hasiko da egun horretan, eta hainbat ekitaldi iragarri dituzte. ANCk, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren aldeko Udalen Elkarteak babesten dute, hala nola, hainbat alderdik eta eragilek, tartean PDECat, CUP, Esquerrak eta Demokratek. Catalunya Si Que es Pot koalizioa osatzen duten alderdiek jarrera argituta beharko lukete ordurako, eta erabakigarria izan daiteke, bereziki, Catalunya En Comurena. Berez hilaren 15 eta 18a bitartean egingo du alderdiak batzarra jarrera argitzeko. Uste duzu Catalunya en Comuk urriaren 1eko mobilizazioetan parte hartzera deitu behar duela? Galdera horri erantzungo diote.

IRAILAK 25

Kontu Auzitegira

Espainiako Kontu Auzitegira joan beharko dute egun horretan 2014ko azaroaren 9ko kontsultako arduradun politikoek, tartean Artur Mas presidente ohiak, Joana Ortega presidenteorde ohiak, Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohiak eta Francesc Homs gobernuko bozeramaile ohiak. Bost milioiko bermea ezarri diete hamar laguni.

URRIAK 1

D Eguna

Galdeketaren eguna. Berez5,5 milioi lagun inguruk erantzun ahal izango diote galderari, eta parte hartzeak hiru milioiko langa gainditzea espero dute independentistek. 2014ko azaroaren 9an 2,3 milioi lagunek hartu zuten parte. Baiezkoak irabaziz gero, urriaren 3ra arteko epea egongo da independentzia aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.