Imanol Magro Eizmendi.
ANALISIA

Argia sar dadila pilotalekuetan

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Baikoko pilotari batzuek iragan astean sinaturiko adierazpen publikoak azaleratu du pilota profesionalean ere zakur asko oinutsik dabiltzala. Victorren eta Eskirozen kaleratzeek, haien adierazpenek, eta Lasorekin izandako negoziazioak are ageriago utzi dituzte aldagelako eta bulegoetako miseriak. Pilotalekuetan bili-bolo zebiltzan zurrumurru asko mahai gainean daude orain, eta enpresako buruei dagokie salaketa larriei erantzutea. Pilotariek ahalduntze ekintza bat egin zuten, eta, besteak beste, lankide hasi berri batek urtean 23.000 euro gordin jasotzen dituela azaldu zuten, bi jaialdiren prezioa baino gutxiago; edota Baikok konfinamendu garaian aldi baterako erregulazioa eskatu zuenean langileei ez ziela eman erabaki hori arrazoitzen zuen txosten ekonomikorik.

Ez zieten informazio ekonomikorik eman, pilota enpresak ez daudelako ohituta kontuak kitatzera. Futbol taldeek, esaterako, urtero erakusten dituzte kontuak bazkideen batzarretan; pilota enpresek, aldiz ez. Beraz, 2020. urtea txarra izan dela argudiatzen dutenean, «ustez txarra» esan beharko litzateke, ezin baita jakin hala den, besteak beste, diru sarrera finkoak berean mantendu dituztelako. Bide batez, beste urte batzuetako kontuak ikustea ere ez legoke gaizki, ustezko urte txarra diru sarreren jaitsieraren edo kudeaketaren ondorioa den jakiteko. Gardentasun ekintza bat aski litzateke pilotarien eskaeren parte handi bati erantzuteko.

Baina zilegi al da enpresa pribatu bati hori eskatzea? Bai. Zergatik? Bada, pilota enpresen aurrekontuen zati handi bat erakunde publikoen diruarekin betetzen delako. Diruaz hitz egitea itsusia omen da, baina hitz egin beharra dago, batez ere publikoa denean. Esaterako, pilota sostengatzen duten oinarri sendoenetako bat EITB da, eta hark pilota emanaldien irudi eskubideengatik ordaintzen duena. 2015ean kazeta honetan argitaratu zuen Bainet ekoiztetxeak—hark ditu Aspe eta Baikoren irudi eskubideak— 12.000 euro (BEZik gabe) jasotzen zituela ETBk ematen zuen jaialdi bakoitzeko. Egun, hiruzpalau dira astero, eta diru sarrera finkoa da. Akordio eskuzabala da, Europako telebista publiko gehienek kirol emanaldien irudi eskubideengatik ordaintzeari utzi baitiote. Trukean, ETBk audientzia datu onak lortzen ditu.

Beste diru iturri publiko handia jaialdien salmenta da. Askotan udalek erosten dituzte: jaietakoak, feriak... Eremu horretan deigarriena Bizkaia pilotalekuaren kudeaketa kontratua da, Bizkaiko Aldundiarekin sinaturikoa: 1,7 milioi euro finko urtean Bilbon pilota profesional jaialdi kopuru jakin bat antolatu eta pala bizirik mantentzeko. Custom Sportek lortu zuen kontratua 2011n, pilota enpresen neurrira eginiko lehiaketa publiko batean. Custom, orain, Baiko da. Publizitatea ere diru publiko iturria da. Batetik, telebistak ematen duen leihoarengatik, eta, bestetik, babesleengatik. Urrunago joan gabe, aurten Eusko Label ziurtagiri publikoaren irudia agertu da pilotarien elastikoetan.

Enpresen Liga gizonezkoen pilota jokoaren gailurra da, kirol kultura baten erakusleiho handiena, eta, agian, zilegi da ahalegin publiko hori egitea estatus hori manten dadin, bide batez pilota enpresen diru kontuak hornituz. Punta horren arrakasta oso garrantzitsua da oinarrian dabiltzan gazteen ilusioa piztu eta haiek herrietako pilotalekura gerturatzeko. Harri kozkor bati eskuarekin emateko, ezinbestekoa da gogoa izatea, eta ilusio hori elikatu egin behar da.

Pilota profesionala diru publikoz hornitzea zilegi den edo ez eztabaida onargarria da, eta iritzi ezberdinak egon daitezke, baina horrelako babes publikoa jasotzen duen edozein enpresak bere kontuak erakutsi beharko lituzke. Pilotari eta enpresariez gain, erakunde askok dute eragin ahalmena pilota profesionalean, eta haiei dagokie lema hartzea krisi hau konpontzeko: EITBri, udalen elkarteei, Jaurlaritzari... Haiek dira alde ezberdinak euren jarrerak aldatzera behar ditzaketen bakarrak. Eta bai, horraino iritsita, «behartu» da aditza. Pilotazaleek eta oro har gizarteak gardentasun ekintza hori merezi dute, eta batez ere, pilotariek. Argia sartu behar da pilotalekuetan eta bulegoetan. Bide horretatik iritsiko da bakarrik jardunaren duintasuna; alegia, Baikoko pilotariek eskatu dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.